Eskaera Oiartzungo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazi diote. Ibaiaren "errekuperazio eta naturaren defentsa bermatzeko" oztopoak ken daitezela nahi du taldeak.
Talaiako Garbigunea. Argazkia: Eguzki.
Oarsoaldeko Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak Oiartzun ibaiko Iurritako presa (Oiartzunen dago) ken dezala eskatu die Oiartzungo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, “ibaiaren errekuperazioa eta defentsa bermatzeko”. Errenteria-Oreretako Fanderian bide horretan neurriak hartu direla gogorarazi du Eguzkik, “hainbat oztopo kendu dituzte erakunde publikoek azken bi urteetan”.
Beste alde batetik, Oiartzungo Talaia industrialdeko Garbigunea “egoera tamalgarrian” dagoela adierazi du taldeak, horren kanpoaldean begia jarriz. “Egoera onartezina da”, esan du Eguzkik, bertan hainbat hondakin pilatzen direlako. Horrela, hori konpontzeko bitartekoak jar daitezela nahi du taldeak, “epe ertain batean egoera konpontzen ez bada, dagokionari erantzukizunak eskatuko dizkio Eguzkik”. Egoera horren berri emanaz idatzia aurkeztu du Oiartzungo Udalean eta San Marko Mankomunitatean.