Josean Ruiz de Azua artearen historiatzailea, Mikel Zabaleta historialaria eta Elixabete Perez Gaztelu Euskal Filologian doktoreak egin dituzte ekarpenak.
Errenteria-Oreretako hiru egilek hartu dute parte Udal Artxibategiak argitaratzen duen aldizkariaren zenbaki berrienean. Josean Ruiz de Azua artearen historialaria, Mikel Zabaleta historialaria eta Elixabete Perez Gaztelu Euskal Filologian doktoreak egin dituzte ekarpenak, eta ostiralean egin zuten aurkezpena.
Ruiz de Azuak II. Karlistadaren lekukotza grafikoak —xilografiak— jaso ditu. Gehienak atzerriko aldizkarietako berriemaile grafikoek egindakoak direla nabarmendu zuen. Horrez gain, oraindik “irudi corpus izugarria” landu gabe dagoela ohartarazi zuen Ruiz de Azuak.
Bildumaren 26 zenbakiaren aurkezpena
Zabaletak, berriz, Loidi familiari buruzko lana egin du. Hasiera batean, Oarso aldizkarirako artikulu bat idatziko zuen, baina azkenean 180 orrialdeko lana egin du. Izan ere, alboan izan du Angela Loidi —1916an jaio zen—, eta bere familiaren bitartez, Errenteria-Oreretako mende bateko historiari errepasoa eman dio, lehenengo karlistaldira arte. Orduan bere birraitona, Olaziregi abizena zuena, iritsi zen herrira Astigarragatik. Hark herritik alde egin behar izan zuen, liberala zelako. Bere semeak, hurrengo gerran, Baionara joan behar izan zuen, karlista zelako. Azkenik, Angelaren aitak, 1936an Errenteriatik Bizkai aldera ihes egin zuen, alkateorde abertzalea zelako.
Aurkezpen ekitaldian izan zen Loidi, eta gogorarazi zuenez, 1936ko uztailaren 12an utzi zuen jaioterria.
Emakumea, langilea, bertsolaria
Elixabete Perez Gazteluk, bere aldetik, Joxepa Antoni Aranberri Petriarena bertsolariaren bizitzari buruzko lana egin du. “Lotsatu xamarra nago”, aitortu zuen Perez Gazteluk, “nirea ez baita jatorriz Bildumarako”. Lehendabizi Interneterako idatzi zuen lana, eta orain papereko euskarrian dago.
Gaztelerazko bertsioa itzulpen soila ez dela argi utzi zuen: “Antza daukate, baina beste ikuspuntu batetik dago idatzita. Euskararen munduan bizi ez direnei dago zuzenduta. Helburua da ezagutaraztea bazegoela emakume langile bat, kalekumea zena artista ukitu bat zuena”. Gogorarazi zuenez, eguneroko ogia lortzeagatik borrokatu behar zuen, “baina bere plaza irabazi zuen”.
Julen Mendoza alkateak Errenteria-Oreretako historia jasotzeko duen balioa nabarmendu zuen, eta mantendu behar den “altxorra” dela iritzi du, “batez ere gauden garaietan egonda”.