Bosgarren edukiontzian izena eman duten familia kopuruak "nabarmen" gainditu du aurreikuspena
Errenteriako Udalak jakinarazi duenez, izena emateko aukera egon den lehenengo bi asteetan 4.221 familiak eman dute izena
Materia organikoa biltzeko kubo marroia Errenteria-Oreretako 4.221 etxebizitzatan dagoela jakinarazi du Errenteriako Udalak. “Kanpaina honen lehen bi asteetan nabarmen gainditu dira hasierako itxaropenak”, adierazi dute udaleko Ingurumen eta Hiri-Mantenu sailek. Kopuru hori biztanleriaren laurdena dela argitu dute.
Familiak izena ematen ari dira udaletxean ezarritako bulegoan, edo auzoz auzo dabilen bulego ibiltarian. Kubo marroiz gain, poltsa konpostagarriak eta informazio gida jasotzen ari dira, baita edukiontzi marroia irekitzeko txartela ere. Oraingoz, auzo hauetan daude edukiontziak: Gabierrota, Lartzabal, Fanderia, Agustinak, Gaztaño, Olibet-Ugarritze, Iztieta, Alaberga eta Galtzaraborda. Jatorri organikoko hondakinak bota behar dira edukiontzi horietara, eta etxean sortzen diren hondakinen %40 suposatzen du.
Udaleko bi sailek aitortza egin diete izena eman duten familia horiei, “ingurumenarekiko sentsibilitate handia eta Errenterian birziklatzea handitzen laguntzeko jarrera bikaina” dutelako.