Udal liburutegiak, herriko ikastetxeak eta Trintxerpeko eta Antxoko paper denda bana bildu dira euskal literatura sustatzea helburu duen kanpainan
Euskaltzaleen Topaguneak irakurri, gozatu eta oparitu izenburupean euskal literaturaren irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen kanpaina plazaratu du, eta Pasaiako Udalak bat egitea erabaki du. Bihar abiatuko da egitasmoa, Liburueren Egunarekin bat eginez, eta ekainaren bukaerara arte izango da martxan.
Euskal literaturaren bitartez irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina
Epe horretan, Pasaiako udal liburutegietan euskarazko literatura mailegutzan hartzen dutenek, erosketa txekea jasoko dute trukean, eta txeke horri eskerrak, deskontuak izango dituzte Antxoko Urdin eta Trintxerpeko Lema paper dendetan euskarazko literatura erostekotan.
Horrez gain, maiatzaren eta ekainaren bukaeran liburutegiek egingo dituzten zozketetan parte hartzeko eskubidea irabaziko dute euskarazko literaturaren irakurleek. 30 euroko balioa duten txekeak zozketatuko dituzte hileko parte-hartzaileen artean. Guztira zortzi txeke zozketatuko dituzte hilero: 4 txeke 16 urtetik beherakoen artean eta beste 4 16 urtetik gorakoentzat. Txekeak, noski, euskarazko literatura liburuak erosteko izango dira.
Helburuak
Irakurzaletasuna sutatzeaz gain, egitasmo honek baditu beste hainbat helburu. Gaur egun, 16 urtera bitartean nahikoa ohikoa da euskaraz irakurtzea, baina hortik gora, berriz, gaztelaniaren irakurketa gailentzen da. Joera hori irauli nahi du, besteak beste, egitasmo honek.
Horrez gain, liburutegien erabilera bultzatu, euskarazko literatura ezagutarazi, euskal liburugintza indartu edota herritarren kultur kontsumoan euskararen presentzia areagotzea dira helburuak.