Gure Esku Dago iniziatibak ekainaren 21ean Donostiako Anoeta estadioan hautetsontzi erraldoia irudikatuko du
Errenteria-Oreretako lantaldea, Maria Lezo kaleko dendan.
Joste Eguna deitu du biharko
Gure Esku Dago iniziatibak Euskal Herri osoan, eta deialdiari erantzunez, milaka herritar bilduko dira herri eta auzoetako plazetan, jostorratzak eskuan, oihal zatiak josi, eta «etorkizuna ehuntzera».
Kolore guztietako iritzi eta pentsamoldeak biltzea da asmoa, guztiak erabakitzeko eskubidearen defentsan. Izan ere, horixe bera izango baita ekainaren 21ean Gure Esku Dago-k Euskal Herriko hiriburuetan aldarrikatuko duena, hautetsontzi erraldoiak irudikatuta.
Egun horretara iristeko, baina, inurri lana egiten dabiltza herrietan iniziatibaren bueltan bildutakoak. Koadrilaz koadrila, arloz arlo, ahalik eta sentsibilitate gehien biltzea da asmoa, guztiak kolore biziko oihalen inguruan.
Oihal bakoitzak tutore bat du, arduradun bat, eta tutore horren ardura da berekin batera beste 19 lagun konprometitzea. Izan ere, oihal bakoitza 20 zatitan banatuta baitago, beste horrenbeste pertsonen artean osatzeko.
Oihalak josi aurretik, baina, talde bakoitzak berea pertsonalizatu behar du, eta horretarako, sormena nagusi. Teknika librea da: margotu, idatzi, itsatsi, josi… denak balio du.
Oihalak pertsonalizatuta, jostea da hurrengo urratsa, azkenik herri bakoitzak ehundutako guztiak dagokion hiriburura eramateko.
Oiartzunen, gaur
Oiartzunen gaurko antolatu dute Joste Eguna. Dagoeneko oihal zati batzuk apaindu dituzte, eta zati horiek guztiak elkarren artean jostea izango dute gaurko egiteko nagusia.
18:00etatik 20:00etara ariko dira horretan, Doneztebe plazan. Hiru gune ezberdinduko dituzte; batean, joste tailerra izango da, bigarren gunean, oihalak baliatuz haurrentzako jolasak egingo dituzte, eta hirugarren gunean, berriz, Kuadrillategiko gazteek murala margotuko dute. Horrez gain, kale animazioa izango dela iragarri dute taldeko arduradunek.
Oiartzunek 100 oihal ditu saretzeko, eta orain arte 60 bat hitzartuta dituzte. Kontent daude lantaldekoak iniziatibak herrian izan duen harrerarekin, saretzeak «erritmo onean» doazelako, eta oihaletan «benetako artelanak»bildu dituztelako.
Oraindik ere saretu ez direnentzako, berriz, ostegunero Fermiñene Etxean egongo direla jakinarazi dute, lehen turismo bulegoa zegoen tokian, 18:00etatik 20:00etara. Informazioa nahi duen orok hara jo behar du aurrerantzean.
Gaur egingo dute Joste Eguna Oiartzunen, eta bihar Donibanen
Irun, Hondarribia eta Antxon maiatzean egingo dute; ekainean Errenteria-Oreretan
Donibanen, bihar
Pasai Donibanen, berriz, bihar goizean bilduko dira joste lanetara. 12:00etarako luzatu du deialdia Pasai Donibaneko Gure Esku Dago-k. Astebururo izan dira plazan oihalak saltzen, eta orain arte saldutako oihal zati denak bihar josiko dituzte, ekitaldi xume eta koloretsuan.
Ekainaren 21a baino lehen, hainbat deialdi luzatuko dituztela iragarri dute taldeko arduradunek, eta horiek zehaztu ahala iragarriko dituztela jakinarazi dute. Elastikoak, berriz, barrutiko tabernetan erosi ahal izango dira aurrerantzean.
Antxotarrak, lehengo ostiralean, oihal zatiak ehunduz
Antxo, maiatzera begira
Lehengo ostiralean egin zuen ekitaldia Antxoko Gure Esku Dago-k, eta orduan iragarri zuten Joste Eguna maiatzaren 23an egingo dutela. Bien bitartean antxotarrek saretzen jarraituko dute. Hiru gune zehaztu dituzte barrutian saretu nahi duenak egiteko aukera izan dezan: Leunda taberna, Patxi estankoa eta Urdin liburudenda. Horrez gain, maiatzaren 9an Gure Zumardian mahaia jarriko dutela iragarri dute, konpromiso gehiago jasotzeko. eta kamisetak saltzeko.
Errenteria-Orereta
Bihar Sagardo Eguna izanik, Joste Eguna atzeratzea erabaki dute Errenteria-Oreretan, eta ekainaren 6rako egin dute zita. Egun osoko egitaraua prestatzen ari dira ordurako, sorpresaz beterikoa, koloretsua eta batez ere, parte hartze aldetik zabal-zabala. Auzoen arteko kirol erronka izango da Joste Egunaren ardatza, baina paraleloan izango dira bestelako jarduerak, herriko elkarte eta eragile askoren ekarpenaz antolatuak.
Baina bien bitartean ez dira geldirik egongo Errenteria-Oreretan. Bihar bertan Sagardo Egunean jendetza bilduko dela baliatuz, Herriko Plazara aterako dute denda. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango dira bertan, nahi duen orok saretzeko aukera izan dezan. Elastikoak, informazioa, sarrerak… guztiak jarriko dituzte eskuragarri.
Horrez gain, asteburuetan, materiala auzoetara eramango dutela iragarri dute, eta Maria Lezo kalean duten denda aurrerantzean egunero zabalduko
dutela azaldu, 18:00etatik 20:00etara.
Azkenik, hilaren 28an, 19:30etik aurrera Reina Aretoan egingo duten batzarrera joateko deia zabaldu dute.
Irunen, maiatzaren 30ean
Irunen maiatzaren 30ean egingo dute Joste Eguna. Egun horretan, 11:00etatik aurrera, San Juan plazan ordura arte saretutako oihalak josteari ekingo diote. Kale animazioa ere izango da, musikariekin, dantzariekin, eta xakean jolasteko maisuekin. Herri bazkaria ere antolatuko dute Joste Egunarekin batera.
100 oihaletik gora saretu nahi dituzte Irunen, hau da, 2.000 lagun baino gehiago, eta kopuru horren erdia hitzartua dute jada. Hemendik aurrera, baina, lanaren intentsitatea handitu eta herritarren laguntza beharko dutela adierazi dute Irungo lantaldekoek. Hala, «mahai ibiltaria» jarriko dute kalean larunbatero, herritarrak saretzen jarraitzeko, eta bide batez, dinamikan lagundu nahi duen guztiari harrera egiteko.
Haurtzaro Ikastolako langileak, Oiartzunen,josi dituzten oihalekin.
Jostunak dokumentalaren emanaldi batzuk ere antolatu dituzte. Proiekzio batzuk aurretik egin dituzte, eta datozen bi hilabeteetan Amaia KZn eta Alkartetxean emango dute .
Azkenik, asteazkenero, Erletxean biltzen direla jakinarazi dute. Nahi duen orok lasai asko jo dezake bertara, 19:30etik aurrera.
Hondarribian, maiatzean
Hondarribian, data oraindik zehaztu ez badute ere, maiatzaren bukaeran egingo dute Joste Eguna, Portu auzoan. Maiatzaren hasierarako, berriz, Jostunak dokumentalaren proiekzioa antolatu nahi dute. Iragarri dutenez, Itsas Etxean izango da emanaldia, doan.
1.000 jostun behar dituzte Hondarribian, hau da, 50 oihal osatu behar dituzte, eta orain arte 40 hitzartu dituzte. Beren atxikimendua erakutsi dutenen artean, dira, besteak beste, Zumardikoak eta Olagarro abesbatzak, Heuk Proba Ezan emakume kirolarien taldea, edota arraun elkartea.
Herritarrak saretzen jarraitzeko helburuz, berriz, aurrerantzean, larunbatero eta igandero mahaia jarriko dutela iragarri dute, San Pedro kalean, 12:00etatik 14:00etara.
«Oso jende desberdina dago eta horrek asko laguntzen du»
Noiz hasi zineten taldean?
Mikel Mariskal: Hondarribiko lantaldea aurretik zegoen, ni sartu nintzenerako. Donostian egin zenean mosaikoaren ekintza hura esan nuen, ‘eskua botatzera joan beharko dut’, eta orduz geroztik nago lantaldean.
Zergatik egin dudan? Batetik, Gure Esku Dago taldearen planteamenduarekin bat egiten dut, gure herriak baduelako garaia zer nahi duen izan erabakitzeko, eta hori ahalik eta modu zabalduen eta partekatuenean egiteko. Eta aniztasunaren gaiak garrantzia handia du niretzat, iruditzen zaidalako horrelako topaguneen beharra dugula.
Xabier Zabala: Aniztasunak sendotasuna ematen du beti, eta hemen egin behar dena da eskailerak banan-banan igotzen joan, eta zenbat eta aniztasun gehiago, sendoago igoko ditugu.
Mosaikoa eta giza katea aipatu dituzue. Nola ikusi zenuten sortutako mugimendua?
Zabala: Herriak espresio bideak behar ditu politikatik kanpo, eta behar ditu bere ideiak bideratzeko erak ere, esan bezala, politikatik at. Eta hau da bat, hau ideiak bideratzeko era bat izan daiteke.
Mariskal: Gure Esku Dago pausoka-pausoka ari da jarduerak egiten, horien bitartez mezua zabaltzeko. Euskal Herrian gai politiko eta sozial asko daude eta ez da erraza jendea erakartzea, ekimen alai eta irudimentsuekin egin behar da. Eta lortzen ari da, jende anitza, oso jende desberdina dago parte hartzen, eta horrek asko laguntzen du.
Hondarribian, abenduan hasi zineten oihalak banatzen. Zer moduz joan da orain arteko lana? Harrera ona izan duzue?
Zabala: Orain arte ahoz ahoko lana egin dugu, lan xumea, bakoitzak bere inguruak eta esparruak landuz. Egia esan, nik arrakasta bezala ikusten dut lortutakoa, 50 oihal zeuden kalkulatuta Hondarribirako, eta halako esfortzu handirik egin gabe, 40 oihalen bueltan gabiltza dagoeneko.
Eta hemendik aurrera, zer?
Mariskal: Hemendik aurrera ekainera arte ikusiko da ekimena kalean. Aurreko asteburuan hasi ginen San Pedro kalean mahaia jartzen, informazioa banatu, materiala saldu eta abarrerako. Azken txanparako oso momentu egokian gaude, kalean gauzak egiteko.
Noizko bukatu behar dituzue oihalak?
Mariskal: Ekainaren 21ean da jarduera, eta egun horretarako oihal guztiak josiak egon behar dira, baina nik uste maiatza bukaerarako lan gehiena eginda eta oihal gehienak, ez badira denak, josiak egongo direla.
Asteburuan Euskal Herri mailan Joste Eguna egingo da, baina herri bakoitzak bere moduak eta erritmoak ditu. Hemen San Marko eguna, Opila Eguna oso berezia denez, Joste Eguna maiatza bukaera aldera egitea erabaki dugu.
Zabala: Bai, kalean egingo dugu hori, denen aurrean. Egin den lan guztia erakusteko modu bat izango da, eta ekainaren 21ari begira entsegu moduan ere.