Gogo eta ilusio bat gauzatuko da Oiartzunen, zementuzko ilusioa: skate parkea. Ez da oraingo kontua skatezaleek horrelako gune bat eskatzea, baina aurten heldu zaio gaiari udalaren eta erabiltzaileen aldetik. Benetako bultzada eman diotenak herriko gaztetxoak izan dira.
Arrazoi hori izan da, hain zuzen, Igor Eskudero dinamizatzaile lanetan aritzeko proposamenari baietz esateko. Eskudero BMX riderra da, eta ongi daki skate parkaren nondik norakoak. «Aurretik beste ekimen batzuk mugitzerako garaian ez nuen oso esperientzia ona izan, gazteen jarrerarengatik batik bat, baina kasu honetan desberdina izan da. Gazteek gogo ikaragarria erakutsi dute, sinadurak biltzeari ekin zioten, oso modu kuriosoan, gainera: orri handi batzuk hartu zituzten, arkatzaren marrak egin eta sinadurak biltzen ibili ziren. 400-500 inguru lortu zituzten», kontatu du.
Baldintza bakarra jarri zuen Eskuderok, ez zuela zerikusirik izan nahi skate park modular batekin: «Piezaka egiten dena da hori, Iztietan dago [Errenteria-Orereta], Anoetan… Gure kirolarentzat, skatearentzat zein BMXarentzat minbizia izan da, hitza hori da. Normalean skate park modularrak saldu dituzten enpresak haur parkeak egiten dituztenak izan dira eta beraien artean ez dago rollerrik, skaterrik. Hauek diseinu batzuk kopiatzen dituzte nonbaitetik eta azkenean ezin duzu ezer pertsonala egin. Guk prozesu parte hartzaile bat egin dugu eta guk izango duguna gure diseinua izango da. Modularrek ez dute horretarako aukerarik ematen eta gainera bi urtetan junta guztiak altxata daude, desnibelatuak…».
Eskuderok aipatutako prozesu parte hartzaile horretan 8 eta 35 urte bitarteko skatezaleak bildu dira. Lau saio egin dituzte guztira eta bertan ikusitakoa «oso polita» izan dela nabarmendu du Jokin Sukuntza Oiartzungo Udaleko Gazteria eta Kirol teknikariak: «Gurasoek ere parte hartu dute eta polita izan da hain adin tarte handikoen artean gai beraz hitz egiten ikustea».
Saio horietan diseinuaz hitz egin dute, besteak beste: nolakoa izan behar duen guneak, kirola egitekoak zein ingurukoak. Izan ere, skate park bat ez da soilik kirola egiteko toki bat, egoteko toki bat ere bada. Hala, bankuen kontuez aritu dira, slackline egiteko toki bat egotearena… «Dinamika polita sortu da», esan du gogobetez.
Parte hartze saio horien aurretik lana «gogotik» egin dutela aitortu du; «izan ere, gauz batzuk ezin dira parte hartze saioetan erabaki, kokalekua esaterako». Kokalekuak hainbat baldintza bete behar ditu: lurzoruak publikoa izan behar du, bizilagunen gertutasuna… Laupabost eremuen artean baztertzen joan dira eta bat gelditu da: Gaetxe. «Toki idilikoa da. Erreka ondoan du, bidegorriaren ondoan dago, urek ezin dute hartu, herriko bi ikastetxeen alboan dago eta kiroldegia ere bertatik bertara dago», Eskuderok azaldu duenez.
2. 700 metro koadro
Skate parkaren azalera ez da nolanahikoa izango, 2. 700 metro koadro izango ditu. Dena den, ez da dena batera beteko, zatika joango dira osatzen. Asmoa hiruzpalau urtetan betetzea da. «Ez da erraza izango, orain 60.000 euro ziurtatu ditugu, baina hurrengo urtetan zer gertatuko den ez dakigu», esan du BMX rider oiartzuarrak.
Hein batean gaztetxoen esku egongo da hurrengo zatiak egitearena: «Ikusarazi behar dugu skate parkak bizitza propioa dela, hori izango da erronka. Gaztetxoak izan behar dira dinamizatuko dutenak, erakustaldiak antolatuz, ikastaroak… ikusiko da».
Aurten lehenengo zatia gauzatuko da, bertan skate plaza egingo da, eskailerak barandillarekin, trukoak-eta egiteko. Bigarren zatian bowl-a egitea aurreikusten dute eta horrek spine bat izango du saltoak egiteko. Skate plazarekin jarraipen bat izango luke. Hirugarren zatia oraindik ere definitzeko dago.
Iraila-urria buelta horretan inauguratzeko asmoa dute lehenengo zati hori.
Momentuz, hilaren 30a bitarte ideiak aportatzeko epea dago eta maiatzean lehiaketara aterako dute proiektua.
«Oiartzungo skate parka erabilgarria izatea lortu behar dugu», dio Eskuderok, «eta kanpotik etortzen direnak harritzea».
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.