Karbono zuntza egiteko formazioa jaso zuten Tknikan. Jakintza horrekin, material horretako traineru bat eraiki zuten.
Lanbide Heziketako hainbat zentroetako irakasle zein ikasleak aritu dira trainerua egiten.
Zura lehendabizi, beirazko zuntza ondoren, eta karbonozko zuntza orain. Traineruen hirugarren belaunaldia hemen da. Errenteria-Oreretako Tknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroan material horrekin egindako traineru bat sortu dute.
Miren Canellada da proiektuaren arduraduna. Karbono zuntzezko traineru bat egiteko ideia orain dela bost urte sortu zela azaldu du. Uretan ibiltzeko ontzietan ez, autoetan du sorburua egitasmoak. «EcoShell lasterketarako prototipo batzuk garatu genituen, gero lehiatzeko», gogorarazi du. Hala ere, karbonoa ez zuten hasiera horretan landu, mekanika arloa baizik. Prototipo haiek energia fotoboltaikoarekin edo biodieselarekin zein beste erregai mota batzuekin mugitzen ziren.
«Horiek garatzen ari zirela», zehaztu du Canelladak, «karbono zuntzaren erabilera, automozioan zein beste arloetan, gero eta handiagoa izango zela konturatu ziren irakasleak». Horrela, aeronautikan zein espazioan erabiltzen zen materiala lurrera jaitsi zuten. Baditu abantailak material horrek: pisu gutxirekin propietate mekaniko oso onak lortzen ditu. «Energia gutxi gastatuz, erabilera ona lortzen da», esan du. Datozen urteetan Co2 kontsumoa murriztu behar dela eta, material horrek arrakasta izan dezake, erregai gutxiago kontsumituko lukeelako.
Materialak proiekzio handia duen arren, Lanbide Heziketan ez zuten karbono zuntza fabrikatzeko edo konpontzeko ezagutzarik, ezta berezitasunen berri. Horrela, hainbat ikastetxetako irakasleek formazioa jaso zuten.
Pieza txikiekin hasi ziren lanean. Karbonozko zuntzazko hariak korapilatzen dira lehendabizi, eta ondoren erretxina bat inpregnatzen da. Hala ere, karbonozko zuntzazko plakak sortzeko hainbat modu daudela zehaztu du Canelladak: «Eskuz, infusioz, injekzioz, konpresiozko molde batean… Guk ikusi genuen Gamesan infusioa gero eta gehiago erabiltzen ari zirela, eta pieza handiagoak egiteko asmoa genuenez, horrekin probatu genuen». Ildo horretan, Sanpedrotarra Arraun Elkarteko kontaktu batek traineru baten moldea zutela jakinarazi zien. Hala ere, molde hark ez zuen balio infusioak egiteko.
«Karbono zuntzaren erabilera gero eta handigoa izango da automozioan»
«Enpresa batek izan ditzakeen arazoekin lan egitea izan zen nahi genuena»
«Klub batek horrelako traineru bat erosi nahi badu, ahal du. Homologatua dago»
Miren Canellada, Egitasmoaren arduraduna
Traineruan murgilduz
Klub morearen ontziak balio ez zuenez, aurrerapauso bat eman eta molde propioa eraikitzea erabaki zuten, diseinu berri batekin. Gainera, taldekide batek denborak hobetzeko ideiak zituen, eta prozesu osoa lantzea erabaki zuten. «Nahi genuena izan zen, enpresa batek eduki ditzakeen arazo berberekin lan egitea», argitu du Canelladak.
Horrela, lehenik eta behin, diseinutik beratik hasi ziren, alderaketak egiteko. Eskala txikiko prototipoak egin zituzten, Usurbil LHko ikastetxean. Ondoren, Southamptongo (Ingalaterra) hamabost metro luzeko tanke hidrodinamikoan probak egin zituzten, urak izan ditzakeen egoera ezberdinetan erresistentzia neurtzeko. «Itsasoaren baldintzen arabera, prototipoak egungo traineruak hobetzen ditu, baina beste egoera batzuetan ez hainbeste. Ondorioak ez ziren izan beti hobetu zela», azaldu du Canelladak.
Prototipoaren akatsak findu, eta behin betiko diseinua lantzen hasi ziren. Horretarako, egurrezko molde bat egin zuten Elgoibarko Sty-Fun enpresan. «Moldearen gainean karbono zuntza jartzen dugu, gero erretxina botatzen diogu, eta gogortzean, moldetik ateratzen duzu», esan du Canelladak.
LHn karbonoa lantzeko formaziorik ez zegoenez, irakasleek jaso zuten
Arraunlarien errendimendua neurtzeko toleteak ere garatu dituzte
Ondoren, piezak fabrikatzen dira, hainbat etapatan. Lehenik eta behin, karbono zuntzezko kapa bat jarri, gero erretxina bideratzeko elementuak jartzeko. Ondoren, plastiko batekin ixten dute. Tartean ez da hutsunerik uzten, eta alde batetik erretxina sartzen joaten da, pixkanaka, azalera guztira iritsi arte. Beste aldetik ateratzen da airea. Gogortzen utzi, eta kaskoaren lehenengo kapa sortzen da. Zurruntasuna emateko apar moduko bat jartzen diote nukleoan, pisua arina izan dadin. Karbonozko beste kapa bat jartzen diote egitura bukatzeko.
Tknikan sortu dute lehenengo karbono zuntzezko trainerua. Hainbat klub ari dira probatzen.
Gero datoz tostak, manparoak —zurruntasuna emateko—, trainerua margotzea eta toleteak. Arrauna eusteko tolete horiek sentsore bereziak dituzte, arraunlari bakoitzak egiten duen indarra neurtzeko: «Beste kiroletan asko erabiltzen dira errendimendu indibiduala neurtzen dituzten sistemak. Arraunean, ergometroetan bakarrik jakin dezakete. Sistema berri bat garatu dugu horretarako».
Toleteak burni zati bat du barruan, galga batekin. Galga mugitzean, seinale bat bidaltzen du. Seinalea moldatu, eta wi-fi bidez seinalea kaxa batera bidaltzen du. Bertan erregistratu, eta ordenagailu edo tablet batean ikus daiteke denbora errealean.
«Klubei probatzeko eskaini diegu», jakinarazi du Canelladak, «eta oraingoz, Oriok, Zierbenak eta Santurtzik onartu dute».
Orioko arraunlariak izan ziren itsasoan probatzen lehenengoak. hitza
Egin duten trainerua ez da lehiatzeko izango, baina norbaitek karbono zuntzezko ontzia erabili nahiko balu, baimena du. «Klub batek honen antzeko traineru bat erosi nahi balu, ahal du. Federazioarekin jarri ginen harremanetan, eta neurria eta pisua betetzen ditu», azaldu du.
Lanbide Heziketako ikasle izandako batzuek enpresa sortu nahi dute, Tknikaren xedeetako bat arlo horretan laguntzea ere delako.
DB Sariak banatuko dituzte bihar, Don Boscon
Bihar ospatuko dute Errenteria-Oreretako Don Bosco ikastetxean DB Sarien banaketaren bosgarren ekitaldia.
Lehiaketa horretan DBH, batxilergo zein Lanbide Heziketako ikasleek garatutako 50 bat proiektu zientifiko-teknologiko ikusteko aukera izango da. Horrez gain, 3D inprimagailuen erakusketa egingo dute. Ekitaldi guztiak ikastetxeko kiroldegian egingo dituzte.
Horrela, ProiektON Saria emango diote proiektu zientifiko-teknologiko onenari, bosgarren aldiz. Mikrobiotika arloko egitasmo onena duenari, berriz, DBBOTS saria emango diote. Lehiaketa horren kasuan, laugarren ekitaldia izango da.
Bi horiez gain, beste sari bat gehiago banatuko dute, estreinakoz: Drone Bosco. Drone txapelketa izango da hori.
Horrela, egitaraua osoa honakoa izango da: 09:30etik aurrera, erakusmahaiak jartzen hasiko dira. Ordu erdi beranduago hasiko dira aurkezpenak. Horrela, proiektuak zeintzuk diren erakutsiko dituzte, marra jarraitzaileen lehiaketa egingo dute, baita droneena ere. 3D inprimagailuekin egindako lanak ere ezagutaraziko dituzte biharko ekitaldian.
Proiektuak erakutsi ondoren, 13:00etan, luntxa egingo dute. Zizka-mizkak jan eta gero iritsiko da sari banaketa. Horrez gain, ate irekien jardunaldia egingo dute.
Bestalde, Malagan (Andaluzia) Malakabot sariak banatu zituzten pasa den asteburuan. Hainbat sari lortu zituzten Don Boscokoek. Roboten abiadura proban lehenengo saria lortu zuten, eta bigarren postu eta hirugarren bat ere lortu zuten.