Herritarren parte hartzea bermatzeko indar berezia jarriko dutela adierazi du Jexux Leonet EH Bilduko alkategaiak
Legegintzaldi berrirako Oiartzungo EH Bilduk dituen lehentasun eta erronkez hitz egin du Jexux Leonet Oiartzungo EH Bilduko alkategaiak.
Zein lehentasun ikusten dituzu Oiartzunen?
EH Bilduren herri programa parte hartzailea osatu dugu. Aipatu nahi nuke guztira 500 ekarpen baino gehiago jaso ditugula: herritarrek zuzenean eginak edota programaren osaketa prozesuan zehar egin diren batzarretan parte hartuaz eta hori berez oso positiboki baloratzen dut. Prozesu horri esker, gure lan ildo nagusiak lehenetsi ditugu: enplegua, etxebizitza eta gizarte politika.
Enplegua eta etxebizitzaren alde lan egingo dugu. Arlo hauetan Udalaren eskumenak mugatuak diren arren, eredu ezberdinak aztertu eta martxan jarriko ditugu beste erakundeekin elkarlanean.
Gizarte politikak indartzen jarraituko dugu. Orain arteko esfortzuari jarraipena emanaz, murrizketarik gabeko politika eginaz.
Horiekin batera elikadura burujabetzaren bidean, “bertan ekoiztu, bertan kontsumitu” esaldiak bat egiten du gure proiektuarekin. Kontsumo eredu berri baten alde lan egingo dugu.
Zein alorretan jarriko ditu indarrak zure alderdiak legegintzaldi berri honetan?
Legealdirako hartu ditugun erronka edo lehentasunez gain indar berezia egingo dugu herritarren parte-hartzea bermatzeko. Guretzako parte-hartzea, dinamika ezberdinak martxan jartzea baino gehiago da. Nolako Oiartzun nahi dugun herritarrekin erabaki nahi dugu baina baita gauzatu ere. Eguneroko jardunean, herritarrentzat baina herritarrekin egin nahi dugu lan.
Udalak eskaintzen dituen zerbitzuetan etengabeko hobekuntzan jarraituko dugu; oiartzuar guztiei arreta duina eskaintzeko konpromisoa hartua dugu. Herri mantenuan ere lan egingo dugu Oiartzun berritzen jarraitzeko.
Bestalde, eguneroko jarduna ezaugarrituko duten zehar-lerroak aipatu nahi nituzke. Parekidetasunaren bidean politika feminista txertatuko dugu arlo guztietan, eguneroko jardunean euskaraz lan egingo dugu eta gardentasuna izango dugu oinarri.
AHTa Oiartzundik pasatuko da. Alde al zaude? Zein jarrera edo postura hartuko duzu gai honekiko?
Inondik inora ere ez. Gutxi batzuen interesak asetzen dituen proiektu erraldoi honen aurka azaldu gara beti. Izan ere, ez dio herritarren benetako beharrei erantzuten. Bizi dugun egoera ekonomikoa kontuan hartuta, oso larria da herritarren ongizatea asetzeko behar diren arloetan murrizketak egitea eta AHTa bezalako proiektuak babesten jarraitzea.
Gure jarrera lehendik ere oso argia izan da; alegazioak aurkeztu ditugu beste eragile eta herritarrekin batera. 800 bat alegazio aurkeztu ziren eta lanean jarraituko dugu eragile nahiz herritarren interesak defendatzeko.
Ezker Abertzalea urte askoan egon da agintean. Hori onuragarria al da herriarentzat?
Hala izan bada, herriak hala nahi izan duelako dela uste dut. Herritarren borondatea eta hitzak hori adierazi du azken urteetan. Finean herria da udalaren lana baloratzen duena eta hauteskundeetan behin eta berriz bere babesa Ezker Abertzaleari eman badio, onuragarria delako da.
Beti saiatu gara herritarrekin Oiartzun eraikitzen. Parte-hartzea sustatuz, auzotarrekin elkarlanean, herri mugimendu eta eragileekin batera lan eginez. Oiartzun eraldatzen jarraitzeko erronka dugu aurrez-aurre eta hori herritarrekin batera egin nahi dugu. Etorkizunean lortu nahi dugun herri eredua elkarrekin egitera goaz, eta hori da azken urteetan herritarrek babestu duten proiektua. Beti ere, Nazio gisa ezaugarritzen gaituzten ikur, hizkuntza, sentimendu eta izaerak gure eginez.