Alderdi Jeltzalea izan da bozkatuena eta sei zinegotzi izango ditu .EHBilduk hiru zinegotzi galdu ditu, eta sei ordezkari izango ditu aurrerantzean .PSE-EEk botoetan gora egin badu ere zinegotzi bakarra izaten jarraituko du
Hauteskundeak Lezon
EAJk irabazi ditu hauteskundeak orain lau urte izan zituen emaitzak ia hirukoiztuta.
Aldaketa handirik ez zen aurreikusten baina atzoko datuek irauli egin dute Lezoko Udalaren argazkia. Horrenbestez, eta 45 botoko aldearekin, alderdi jeltzaleak hartuko du alkatetza, boto igoera historiko batekin, eta orain arte udala gobernatu duen EHBildu koalizioa oposiziora pasako da.
Hauteslekuan zegoen Kepa Garbizu EAJren zerrendaburua foru hauteskundeetarako botoak kontatzen eta garaipenak ezustean hartu duela adierazi dio HITZAri.
Hondakinen bilketa
“Ez genuen halako emaitzarik espero inondik inora ere”, esan du Garbizuk, “ongi atera da. Ardura handia izango du, beraz, aurrerantzean EAJk eta ahalegin guztiak egingo ditugu gure lana ahalik eta ondoen egiteko. Lan handia daukagu hemendik aurrera egiteko”.
EAJren botoen gorakadaren gainean hondakinen bilketaren afera dagoen zalantzarik ez duela esan du Garbizuk: “Sinadura mordoa bildu zituzten herritarrek eta udalera eraman, halere ez zioten eskaerari jaramonik egin, eta horrek asko erre ditu lezoarrak. Zalantzarik ez dut gure botoen gorakada, eta garaipena hortik etorri dela”.
Horrekin batera oposizio lan gogorra izan duela lau urte hauetan alderdi jeltzaleak gaineratu du, “oposizio lana oso zaila izan dugu legegintzaldi honetan eta uste dut horrek ere bere fruituak eman dituela. Guztiaren batuketa bat izan da azkenean”. Gogor lan egin beharko dutela aurrerantzean eta ardura handia izango duela EAJk nabarmendu du, “baina ahalegina egingo dugu eta lan egingo dugu, gogoz, orain arte bezala”.
Alkatetza galdu
EHBilduk 300 botu galdu ditu orain lau urteko hauteskundeekin alderatuta. Ezusteko handia izan da ezkerreko koalizio soberanistarentzat. Izan ere bederatzi zinegotzi izatetik sei izatera pasa da, eta alkatetza galdu du.
Ainhoa Zabalo egungo alkatea eta EHBildu koalizioko zerrendaburuak gertatutakoa ezin ulertu dagoela esan dio HITZAri, “ez dakit zerk eragin duen EAJren boto gorakada eta gure jaitsiera”. Alderdi Jeltzalea ere zoriondu du lortutako emaitzengatik.
Alkatetzatik zein oposiziotik lanean orain arte bezala jarraituko duela EHBilduk gaineratu du: “Lan handia dugu egiteko eta orain arte egin dugun bezala, horretan jarraituko dugu, lezoarren alde lanean”.
PSE-EE alderdiak zinegotzi bat izango du. Orain arte bezala mantenduko da beraz, udalean. Alderdi sozialistak gora egin du botoetan, aurreko hauteskundeetan baino 40 gehiago lortu ditu.