Ezustean harrapatu zuten hauteskundeen emaitzek Garbizu. Hilabete pasa darama alkate lezoarrak, eta oraindik egokitzen ari bada ere, herritarren ongizatea lehentasuna izango duela esan du.
Kepa Garbizu
2003-2007 artean alkate izan zinen. Orduan legez kanpo utzi zituzten ezker abertzalearen zerrendak. Hauteskunde hauetan EH Bilduk baino 45 boto gehiago jaso ditu EAJk. Legegintzaldi hura eta honakoaren artean alderik bada zuretzat?
Zeharo ezberdinak dira bi egoerak. 2003-2007 legegintzaldian aukera bakarra zegoen, edo gu sartzen ginen edo ez zen inor sartzen ezker abertzaleak ez zuelako sartzerik izan. Hobea izango litzateke azken hauteskundeetan gertatu zena gertatu balitz orduan ere, baina ez zen beste aterabiderik.
Ezustean harrapatu zintuen emaitzak maiatzaren 24an. Hilabete pasata, aldaketa zerk eragin duela uste duzu, EAJk hiru zinegotzi izatetik sei izatera pasatzeko?
Ez dakit nola esan, baina zenbakiak begiratuta ikusten da badagoela 300 botoren dantza, EH Bilduk jaitsi ditu eta guk irabazi egin ditugu. Aldaketa hori, zabor bilketaren ondorio izan dela uste dut, atez atekoaren ondorio, hain zuzen ere. Bestela, badira beste faktore batzuk ziurrenik, baina garrantzitsuena zalantzarik gabe atez atekoarena izan da.
Bosgarren edukiontziaren aldekoa zara. Hondakinen bilketa sistema erabakitzeko herritarren artean galdeketa egitea ezinbestekoa dela, eta gainera emaitza loteslea izango dela esan zenuen hauteskundeen aurretik. Hala izango da?
Bai. Hala da, hala esan genuen eta hala mantenduko dugu.Tentazioren bat izan da hor inguruan, Pasaian adibidez. Guk hauteskunde aurretik esandakoa mantenduko dugu. Ez da garairik egokiena halakoekin hasteko oporrak direlako, baina kontsulta egin egingo dugu eta emaitza errespetatu.
Galdeketak zein emaitza izango duela uste duzu?
Nahi nuke bosgarren edukiontziaren aldeko emaitza izatea galdeketa horrek, baina dena dela, gertatzen dena gertatzen dela, esan dugun moduan emaitza errespetatuko dugu.
Lezo Zero Zabor taldeak eta aurreko gobernu taldeak atez atekoarekin %85eko birziklatze tasa lortu dela esan dute. %28koa zen aurretik. 200.000 euro ere aurreztu ditu udalak urteko. Zilegi da atzera egitea gutxiago birziklatzen duen sistema baten alde?
Nik ez dakit hala den edo ez den, alegia, datuak zuzenak diren. Guk datu gehiago baditugu, maiatzean egin genuen adierazpena, eta bertan esan genuen zabor askoz ere gutxiago jaso dela 2013tik, atez atekoa jarri zenetik askoz ere zabor gutxiago jasotzen dela. Zabor hori ez da desagertzen, zabor hori nonbaitera joaten da, Errenteriara, Donostiara, Hondarribira… Kalkuluak egiteko garaian ez dute datu hori kontuan hartu, nire ustez. Bertako jende askok zaborrak beste herrietara eramaten ditu.
Galdeketa noiz eta nola egitea planteatzen du EAJk?
Aurten egingo dugula uste dut. EAJk gure egoera berean dauden herrietan eta ahal denetan egin nahi duela kontsulta hori pentsatzen dut. Ziur ez naiz, ordea. Denok batera eta koordinatuta egingo dugula pentsatzen dut, baina ez dago zehaztuta oraindik.
Orain arte euskara izan da udalbatzaren hizkuntza. Kargu hartze bilkuran, euskaraz eta gazteleraz aritu zinen. Irizpidea hori izango da aurrerantzean?
Badira erdaldunak diren zinegotzi batzuk, hori da egoera. Aldibereko itzulpena egiteko aukerak aztertzen ari gara. Zalantza dugu hori plenoetara hurbiltzen den jendearentzat erabiltzea izango ote dugun. Lanean ari gara horretan. Bien bitartean plenoak bi hizkuntzatan egitea planteatzen dugu.
Esan zenuten bilera erronda egingo zenutela EH Bildu eta PSE-EErekin .
EH Bilduko ordezkariren batekin izan naiz, baina ez alderdiarekin modu formalean. PSE-EErekin, berriz, harremanetan ari gara, gehiengo osoa lortze aldera. Ez dugu bukatu, horretan ari gara.
Adostasunera heltzeko aukera ikusten duzu PSE-EErekin?
Bai, zalantzarik gabe. Goi mailan bada ituna bi alderdien artean, eta hortik ari gara zabaltzen herrietara. Oraindik ez dago bukatuta Lezoren kasuan.
Enplegua, ekonomia eta lezoarren ongizatea bermatzea izango direla lehentasunak esan duzu. Gehiago zehazterik bai? Zerbaitetan hasi zarete jada?
Oraindik ez gara ezertan hasi, ez dugu aukerarik izan. Lur hartzen ari gara momentu honetan, eta ez gara ezer lantzen hasi oraindik. Hala ere horiek dira gure lehentasunak eta mantentzen jarraitzen dugu.
Hauteskundeen aurretik, irisgarritasunarekin kezkatuta zinetela esan zenuten, bestalde. Donibaneko bidea lehentasun gisa markatu zenuen.
Donibanerako bidea dago horien artean, baita eskailera mekanikoak jartzea Goiko plazara joateko, adibidez. Altamira ere aipatu genuen eta dirua lortzen baldin bada behintzat egingo ditugu halako proiektuak. Helburua, kalean ibiltzeko ezintasuna dutenei irtenbidea ematea da, kalean ibiltzea normala izan dadin guztiontzat.
Donibaneko bideari dagokionez, berriz, aurreko gobernu taldearen proiektua dago. Nik ez dut ikusi, baina badakit horretan aritu direla, besteak beste portuarekin bildu zirela, eta baiezkoa ere eman zuela azken horrek. Bidea estua da eta mendi aldetik ezin da lurra kendu, beraz, aukera bakarra portu aldera zabaltzea da. Horretarako boladizoak egin beharko dira. Ez gara aldundiarekin izan, heldu berriak dira bertara ere, eta lanean hasi beharko dugu, beraz.
Aralar kalean etxebizitzak egingo ditu EAJk?
Etxebizitza dotazionalak egiteko eskatu izan dugu bertan. Gaia zintzilik dago, azkenean udal korporazioak baztertu zuenez… gaia berrartu eta Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin behar dugu jakiteko zein aukera dauden. Gure egitekoen zerrendaren barruan mantentzen dugu etxebizitzena.
Gaintxurizketan eraiki nahi den plataforma intermodalaren gainean, berriz, zer dio EAJk?
Bertako zatikako plana jendaurrean izan da. Ez dakit zein neurriraino onartuta dagoen edo ez, egia esan. Badakigu lotune bat egin nahi dutela, portuaren mugimendua arintzeko eta merkantziak bideratzeko. Gehiago ez dakigu. Nik uste dut aldekoak garela eta noizbait egingo dela.
Altamiran eta San Pedro-Pysben parte hartze prozesuak abiatu zituen auzotarrekin aurreko gobernu taldeak, auzoak hobetzeko. Gaintxurizketaren txanda zen hurrena. EAJk badu halakorik egiteko asmorik, auzoetan parte hartzean oinarrituta inbertsioa egiteko?
Oraindik ez dugu halako konturik aztertu. Landu egin beharko da, hitz egin beharko dugu gaiaz eta erabakiak hartu. Arazorik nagusiena Gaintxurizketan errepideak espaloirik ez duela da. Horren harira zerbait pentsatu beharko da.
Apaiziartza baserriko proiektu agroekologikoa babestera deitzeko batzarra egin zuten hilaren 18an, bestalde. Arriskuan ikusten dute proiektua bertan ari direnek. Zein iritzi duzu horren gainean?
Baserriaren erdia aldundiarena da eta beste erdia familia batena. Zein iritzi dugun? Normalena egoera horretan epaitegietara jotzea litzatekeela uste dut. Gorrotoa dago tartean. Bere garaian pleno berezia izan zen udalean gaiaren gainean, eta ez dakit zenbateraino konpondu ote den egoera.
Lezo Zero Zabor taldearekin bildu zara…
Bai, egin dudan lehen bilera edo elkarrizketa beraiekin izan da. Gure asmoak azaldu nizkien eta kontsulta egingo dugula jakinarazi, jendeak erabaki dezan.