Xabier Goienetxea eta gainontzeko atxilotuei sostengua eman zieten atzo Errenteria-Oreretan. Polizia operazioa "bake prozesuaren kontrakotzat" jo dute.
Ehunka lagunek bat egin zuten manifestazioan
Asteartean atxilotu zituzten Xabier Goienetxea eta beste lau lagunen —bosgarren bat duela gutxi atxilotu dute— kontrako polizia operazioa salatze aldera, ehunka lagun bildu ziren atzo arratsaldean, Herriko Plazan. 20:00ak pasatxo zirela atera ziren bertatik, Erdiguneko zein Iztietako kaleak zeharkatuta, abiapuntura itzuli ziren. Bertan jakinarazi zutenez, arratsaldean Goienetxearen senideak Baionako polizia etxera joan ziren, arropa ematera. Datozen orduetan atxilotuak Parisera eraman ditzakete, eta bertan larunbata iluntzera gauera arte eduki ditzakete.
Egoeraren berri eman ondoren, irakurketa politikoa egin zuen ezker abertzaleko kide batek. Horrela, gogorarazi zuen Xabier Goienetxeak duela zazpi urte utzi behar izan zuela jaioterria: “Torturatua izatearen beldurrez, eta horrek dakartzan ondorioei aurre egin ezinda, Oreretatik ihes egitea erabaki zuen Goienek”.
Ortzaizeko atxiloketak Espainiako gobernuaren “erantzukizuna” direla salatu zuen, eta ekainaren 11n Parisen egin zuten bakearen gaineko konferentziarekin lotu zituen Oreretako ezker abertzaleak: “Bake prozesuaren kontrako eraso zuzenak dira, inongo zalantzarik gabe”. Atxiloketak salatzeaz gain, elkartasuna adieraztera joan ziren herritarren kontra poliziak izandako jarrera ere gaitzetsi dute. “Horrelako polizia erasoek ez daramate inora; Euskal Herriak behar eta nahi duen, eta garatzen ari den bake prozesuaren aldeko bideari oztopoak jartzen dizkiote”.
Gogorarazi zuenez, ETAk prozesuarekiko “konpromiso eta borondatea” du, “eta azkeneraino eramateko urratsak eman ditu, eta horretan jarraituko duela. ETAk berak behin eta berriro dei egin die bi estatuetako gobernuei armagabetze eskema bat adosteko”. Madrilek eta Parisek, ordea, “entzungor” egin diete eskaera horri, “ematen dakiten erantzun bakarra emanez”.
Goienetxea zein beste atxilotuen familia eta lagunei elkartasuna adierazi ondoren, iragarri zuen mobilizazioek jarraituko dutela, atxilotuak epailearen aurretik pasatu arte. Gaurko deialdia Herriko Plazan izango da, 20:00etan.