Toki jakin batzuetan jarri dituzte, udalaren arabera, zakar poltsa gehien pilatzen diren lekuetan, udal teknikariek hala gomendatuta
San Pedron eta Trintxerpen edukiontzi berdeak jartzeari ekin dio udalak, bertako iturriek azaldu dutenez, zakar poltsa gehien pilatzen diren tokietan.
Azken asteotan bildutako errefusa kopuruak nabarmen egin duela gora argudiatu du udalak, hainbat bizilagunek atez ateko zerbitzuaren araudia errespetatu ez, eta zakar poltsak kalean uzten dituelako. Udalaren ustez, gorakada, lehen atez atekoa egiten zuten askok hura egiteari utzi diotelako eman da.
Horrenbestez, bilketa zerbitzua indartu behar izan dutela azaldu du udalak, kale garbiketaren zerbitzuaren kaltetan. Osasun arrazoiak ere argudiatu dituzte.
Horregatik guztiagatik, eta udal teknikariek hala gomendatuta, edukiontziak jartzeari oniritzia eman diotela jakinarazi dute.
Edonola ere, gaur gaurkoz udalerrian dagoen hondakin bilketa sistema atez atekoa dela argitu nahi izan du udalak, eta bosgarren edukiontzia jartzeko sistema aldatzeari ekiten dioten arte, hala jarraituko duela izaten esan dute.