Trintxerpeko erdigunea burdinarentzako biltegi gisa erabiltzeari uzteko eskatu dute bizilagunek

Trintxerpeko herritarrak, beren ordenazio proposamenaren defentsan
Azken urtearen balantzea egiteko agerraldia egin zuen lehengo ostiralean Herrera Herrirak, eta egoera “gero eta okerragoa” dela esan zuten plataformako bozeramaileek.
Salatu zutenez, “herritarren kalterako, azken urtea funtsean elektorala” izan da. Hauteskunde kanpainan alderdi guztiek biziberritzearen gaiari izkin egin diotela salatu dute bizilagunek, hauteskundeen biharamunean, aitzitik, gaiari lotutako adierazpen andana egiteko.
Adierazpenak, baina, ez dira izan Herrera Herriraren gustukoak. Are gehiago, “onartezintzat” jo zituzten, eta “xantaia” direla esan zuten, Portu Agintaritzako buru Ricardo Peñak elkarrizketa batean esandakoak zehazki deitoratuz.
Ausardia falta
Udaleko ordezkari politikoei, zentzu horretan, pasaitarren interesen defentsan irteteko orduan “ausardia falta” leporatu zieten, eta “elkarri trasteak botatzeari utzi” eta “benetako politika egiten has daitezen” eskatu zieten.
Bultzada eman nahi dio Herrera Herrirak biziberritzearen gaiari, “Pasaia bideragarri egingo duen akordio sozial eta politiko handi bat” lortzeko. Herriko zinegotziei eta udalari deia luzatu zioten “herritarrekin batera bide horretan urratsak egiteko”. “Konpromiso politikoaren ordua da”, esan zuten, eta plataformak landu eta
2011 urteko maiatzean udalbatzarrak bere egin zuen proposamena ekarri zuten gogora, orduan adostutakoak gauzatzen has daitezen eskatzeko.
Eskaera zehatzak
Biziberritzean aurrera egin nahi badu borondatea erakusteko neurriak ahalik eta azkarren hartzeko eskatu diote herritarrek Portu Agintaritzari. Hala, kaiko Herreran metatuta dituen hondakinak ken ditzala eskatu diote Portuari, eta Trintxerpeko erdigunea burdin biltegi gisa erabiltzeari uzteko eskatu.
Bide beretik, Herrera, Bidebieta eta Trintxerpe arteko sarbideak konpontzeko eskatu dute, eta azkenik, kaiko Herrerako lurrak udalaren esku uzteko eskatu diote, udalak eremuaren ordenazioari ekin diezaion.
Biziberritzearen gaian eskumena duten erakunde guztiei mezu argia helarazi zien Herrera Herrirak: “2009. urtean abiatu zen duintasunaren trena ez dago geldirik; martxan jarraitzen du. Igotzen ausartu zaitezte, zuen zain gaude”.