Plazak dantzariz bete dira gaur, Ereintzak antolatutako Erromeria Egunaren XVII. Ekitaldian
Madalenen atarian, askorentzat gorriz markatutako eguna izaten da gaurkoa
Urtero legez herriko plazak bete dituzte gaur Erromeria Egunera bildu diren hango eta hemengo dantzariek. Festarako gogoak gailendu egin zaio bero sargoriari, eta eguerdi aldera primerako giroa izan da herriko kaleetan. Dultzaineroak, joaldunak, txistulari, eta trikitilariak, guztien musikak lagunduta aritu dira dantzan festarako propio dotore jantzitako hamarnaka lagunak.
Iurretako dantza taldearen emanaldiaren ondoren, Koldo Mitxelena plazan bildu dira dantzara bildutako guztiak, herri bazkarian, eta orain atseden hartzen ari dira, 18:00etatik aurrera berriro ere dantzara biltzeko zumardian. Jon Maiak emango dio hasiera erromeriari, bertsotan, eta, ondoren, Juan Mari Beltran eta Aiko taldearen eskutik, kontzertu didaktikoa izango da.
Bihar, Errenteria Dantzan
Madalenen gertutasuna igarri da. Gaurkoarekin nahikorik ez duenak, bihar ere izango du dantzaz gozatzeko aukera. Errenteria Dantzan antolatu dute biharko, eta antolatzaileak ez ezik, Zelanda Berriko Nga Uri To Wai-o-Taiki eta Senegalgo Jammu ariko dira dantzan. 18:30ean hasiko da, zumardian.
[nggallery id=107]