Soldaten igoeraren harira, "erabilera alderdikoia egitea" egotzi dio gobernuak oposizioari
Izaskun Gomez, alkate kargua hartu zuen egunean
“Koherentzia falta”, “erabilera interesatua eta alderdikoia”, eta “datu interesatuak eta desitxuratuak” zabaltzea. Horiek eta beste hainbat egotzi dizkiote PSE-EEk eta EAJk oposizioari.
Hautsak harrotu ditu Pasaian
lehengo ostiraleko udalbatzarrean ordainsari eta talde politikoen ordainketaren inguruan hartutako erabakiak. Krisiak, udal gobernuari ere eragin dio,
EAJko zinegotzi baten dimisioa eragiteraino. Gobernuak, baina, gehiengoz adostutako akordioa dela nabarmen du eta erabilera interesatua saiheste aldera prentsa oharra helarazi du, “pasaitar guztiek” datuak ezagutu ditzaten.
“Udal gobernua osatzen dugun taldeok, argi geneukan, 1/2015 Foru Dekretuak markatzen duenaren azpitik jarri behar genituela soldatak”, esan dute. Nabarmendu dutenez, aipatu dekretuaren arabera, Pasaiaren tamainako herrientzat, alkatearen soldata 67.000 euroen gainetik egon beharko luke. Era berean, “alkatearen soldata Pasaia bezalako herri batek suposatzen duen arduraren pare egon behar” duela defendatu dute.
Bide beretik, koherentzia falta leporatu dio gobernuak oposizioari, “bai
Bildu eta bai
Pasaiak Ahal Du-k, udal gobernua osatu duten herrietan oso bestelako ordainsariak onartu” dituztelako. Errenteria aipatu dute adibidetzat, Podemoseko zinegotziak Pasaiako alkateak baino gehiago kobratuko duela nabarmentzeko.
Salatu dute baita ere Maider Ziganda alkate zela –orain dela bi legegintzaldi ANVren zerrendaburua izan zenak– 25 mailako soldata jaso zuela, 21eko gutxieneko maila onartuta zegoela. “Ez da aitzakia oposizioaren proposamena izan zela esatea, ikusi baitugu Pasaiak Ahal Du-ko zinegotzi Nerea Gonzalezek bere soldata maila batean jaitsi duela”, nabarmendu dute.
Azkenik, Pasaiak Ahal Du-ren liberatu Nerea Gonzalezek hiru batzordeetan baino ez dagoela izendatuta salatu dute, batzordeak hamabost direnean. “Batzorde hauetara guztietara bera joango balitz, bere taldekideen dietak aurreztuko lituzke, eta ez luke ezkutuko soldata bat lortu nahiko luketen susmoa piztuko”.
Soldaten gaineko datuak