Ekimen berria abiatzeko dirua lortzeko Lezoko jaietan bertako produktuekin osatutako saski baten zozketa egingo du Lezo Zero Zabor Taldeak.
Hondakinen bilketaren gainean izan daitezken aldaketak kezkatuta, Lezo Zero Zabor taldea biltzen hasi zen udara aurretik. Bilera horretan datozen hilabeteetarako plangintza adostu zuen, eta baita urtebete iraungo duen ekimena. Azken hori martxan jartzeko, ordea, taldeak diru premiak dituela eta Lezoko jaietan bertako produktuekin osatutako saski eder baten zozketa egingo dutela jakinarazi dute: “Diru premia asetu nahi dugu, baina baita Lezon atzera pausorik egon ez dadin aldarrikatu nahi dugu. Ondo egiten ari garela adierazteko pegatinak ere aterako ditugu”.
Atez atekoa guztiz eraginkorra
Azken bi urtetan birziklagarria den materiaren bilketa %30etik %85era heldu dela nabarmendu du Lezo Zero Zaborrek eta materia organikoarekin 290 familia ari direla konposta egiten gaineratu du: “Aldaketa honetan lezoarrek erakutsi duten inplikazio izugarria eta eskertzekoa da. Emaitzaren gakoetako bat Lezoko Udalak hondakinak biltzeko jarritako sistema berria izan da. Atez ateko bilketa guztiz eraginkorra izan da bereizte maila hauek lortzeko”. Atez ateko sistemak udalari 220.000 euro aurreztea urtean ekarri diola ere gaineratu dute.
Errauskailuaren proiektua Gipuzkoan berriro martxan jartzearen “mehatxuak” kezkatuta dituela esan du Zero zaborrek eta baita ere “Lezon hondakinen bereizketan atzera pausuak emateko aukerak”.