Atez ateko langileek herritarrei babesa eskatu diete
Elkarretaratzea egingo dute asteazkenan Antxon, 19:30ean, Gure Zumardian
Hondakin bilketan diharduten langileek elkarretaratzea deitu dute etzirako –asteazkena, hilak 16–. Beren lanpostuan defentsan deitu dute elkarretaratzea, Izaskun Gomez alkateak haiek kaleratzeko asmoa berretsi dielako. Pasai Antxon izango da elkarretaratzea, 19:30ean, Gure Zumardian. Langileek deialdia zabaldu eta herritarrei protesta babesteko eskatu diete. Hondakinak biltzeko sistema aurki aldatuko da Pasaian. Udal gobernu berriak bilketa sistema San Markoseko Mankomunitatearen esku uzteko asmoa du, eta ondorioz, gaur egun atez ateko bilketan diharduten 13 langileak kaleratuko dituzte. Langileek jakinarazi dutenez, hala baieztatu zien Izaskun Gomez alkateak, haien etorkizun laborala argitzeko asmoz harekin izan zuten bileran. Langileak, baina, ez daude konforme erabakiarekin, eta nahiz eta bilketa sistema aldatu udalak beren beharra duela sinetsita daude. Atez atekorako kontratatutako langileak, azken hilabeteotan ez dira soilik aritu hondakinen bilketan, eta orotariko lanak egin dituzten zerbitzuetan. “Udal-eskumena pribatizatu gabe mantenduaz, lana egongo litzatekeela gutako batzuentzat, eta gainerakoek jarraitu ahal izango genuke lanean Zerbitzuen Departamentuarentzat”, esan dute. Izan ere, Pasaian atez atekorako kontratatutako langileak, udal langileak dira lehiaketa publiko bateko lan poltsarako hautatu zituztenak.