ACNUR_Siria
Siria, Afganistan edota Irango gatazketatik ihesi datozen errefuxiatuak hartu behar dituela Lezok, eta horretarako, errefuxiatuentzat babes herri sarean txertatzeko eskatu du PSE-EEko bozeramaile Jose Angel Sachezek mozio bidez. Giza eskubideen alde egin behar duela Lezok gaineratu du sozialistak, eta hiru eskaera zehatz luzatu udalari. Lehena, Lezo babes herri bihurtzea da. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzari ere egin dio eskaera zuzena Sanchezek, “EUDELekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean pertsona hauek arduraz hartzeko plangintza abiatzea berehala”. Emergentzia egoerari aurre egiteko diru laguntzak bideratzeko ere galdegin dio alderdi sozialistak Eusko Jaurlaritzari, eta babes herri bihurtzen diren udalerriak laguntzeko.
Espainiako Gobernuari eskaera zuzena egiteko eskatu dio udalari, azkenik: “Europako Batasunarekin izaten ari den negoziazioetan malgutasun handiagoarekin joaktzeko eskatu behar diogu. Dagokion errefuxiatu kopurua hartu behar du eta lanean hasi modu eskuzabalean”. Inmigrazio eta asilo gaietarako politika komuna abiatzeari ezinbestekoa iritzi dio Sanchezek, bestalde, eta horren harira Europan hura koordinatzeko gunea sortzea beharrezkoa dela gaineratu du.
“Gudatik ihesi datoz, eta beste udaleriek egin duten moduan Lezok ere neurria eman behar du larrialdi honi erantzuteko. Datozen familien eskura baliabideak jarri behar ditugu, eta arduraz jokatu”.