Kaleratze datak jakinarazi dizkiete denei; alkateak, sindikatuetako ordezkarien bitartez, haiekin biltzeko asmoa adierazi die
Hondakin biltzaileen elkarretaratzea, Pasai Antxon
Hondakin biltzaileek badakite jada zein egunetan kaleratuko dituzten. Azaroan etengo diete kontratua 13 langileei; hilabete hasieran 6 langile kaleratuko dituzte; beste lau azaroaren 15ean, eta azkeneko hirurak azaroaren bukaeran. Datak jarrita dituzte jada.
Hala jakinarazi zuten atzo hondakin biltzaileek, beren lanpostuen defentsan Pasai Antxon egin zuten elkarretaratzean. Herritarren babesa eskatua zuten langileek, eta atzo, jende asko bildu zen Antxoko Gure Zumardian, langileei elkartasuna adierazi eta lan publikoaren defentsan.
Protesta bukatuta hondakin biltzaileek hartu zuten hitza, beren egoera laboralaren berri emateko. Azaldu zutenez, udalak hartua du jada hondakin bilketaren zerbitzua San Marko Mankomunitatearen esku uzteko erabakia, eta hala jakinarazi diete beraiei, kaleratzeko datak iragartzearekin bat. Langileak, baina, udalak beren beharra duela sinetsita daude, eta zerbitzua pribatizatzearen kontra agertu dira.
Bien bitartean, alkatearekin biltzeko zain daude langileak, beren ordezkari sindikalen bitartez jakin berri baitute Izaskun Gomez alkateak haiekin bildu nahi duela. Edonola ere, ostiraleroko protestekin jarraitzeko asmoa dutela agertu zuten. Hurrengo deialdia, beraz, biharko luzatu dute, 09:30ean, Gure Zumardian.