Asteazkenean iritsiko da Emakumeen Mundu Martxa Oarso Bidasora. Irungo Santiago zubian emango diote ongi etorria, eta Errenteria-Oreretan egingo diote agurra hurrengo egunean
Aurtengo leloa Geure gorputzak, geure lurraldeak. Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte da.
Hazia-Emakumea. Esplotazioa-Bortxa. Erein-Sortu. Fruitua-Etorkizuna. Amalurra. Lurra eta emakumea estu loturik dauden bi elementu dira. Biek pairatu dituzte, era berean, sistema patriarkatuaren ondorioak, eta egun ere pairatzen ari dira. Emakumeak, ordea, ez daude geldirik; gauzak aldatu nahi dituzte, etorkizun hobe bat erein. Emakumeen Mundu Martxarekin eraldaketaren pausoak emango dituzte.
Martxoaren 8an Kurdistanen hasi zen laugarren mundu martxa eta Lisboan amaituko da urriaren 17an. Gurera gerturatzen ari da, eta Oarsoaldea eta Bidasoa ere igaroko ditu. Datorren asteazkenean, hilak 30, Irun eta Hondarribitik pasatuko da karabana, eta hurrengo egunean, Pasaia eta Errenteria-Oreretatik.
Geure gorputzak, geure lurraldeak. Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte. Horixe du leloa aurten mundu martxak. Horixe helburua. «Oso gauza konkretutik, gure gorputza izan daitekeen hazitik hasita, mundu martxa den sare horren bidez, emakumeak elkartzen gara, eta iraultza egin nahi dugu beste era bateko mundu bat egiteko», adierazi du Lierni Arrietak.
Egunotan mundu martxaren etorrerari begira, gauzak antolatzen ari dira talde feminista eta norbanakoak Oarsoaldean eta Bidasoan. Arrieta eta Mai Escudero Oarsoaldean ari dira lanean. Egitarau mamitsua prestatu dute aurten eskualde horretan, eta karabanari egingo zaion harreratik aparte, bi ekintza dira nabarmentzekoak: baso feminista eta hazi jaurtiketa.
«Emakumeen Mundu Martxa igaro egiten da, baina zerbait iraunkorra izatea nahi genuen. Era berean, bilgune bat nahi genuen, baso bat, gure akelarreak egiteko. Gehienbat biltzeko leku bat, elkarrekin egoteko, elkarrekin ospatzeko… gure sustraietara joanda», adierazi du Arrietak. Horrela bururatu zitzaien, Escuderoren hitzetan, Euskal Herriko lehen baso feminista egitea, Lezoko Altamira auzoan. Eskuragarri dago; oinez nahiz autoz joan daiteke.
«Emakumeak elkartuta, iraultza egin nahi dugu beste mundu bat egiteko»
Lierni Arrieta Irureta, Oarsoaldeko antolatzailea
«Lurraren inguruan beti espekulatu izan da, baina orain, elikadurara iritsi da»
Maritxu San Pedro, Bidasoko antolatzailea
Basoa iraganeko emakumeei egingo dieten omenaldia da, historian zehar zapalduak izan diren andra guztiei. Horregatik emango du Zozaiako Mari Basoa izena. Zozaiako Mari Zugarramurdiko epaiketetan kondenatua izan zen emakume bat izan zen. Errenteria-Oreretakoa. Zozaiako Mari ezagutarazi eta omendu nahi dute.
Hazi jaurtiketa ere berezia izango da. Etzi prestatuko dute, eta mundu martxa igarotzen den egunean burutu. Nengo Dango tailerrean prestatuko dituzte haziak. Fukuoka filosofo japoniarretik dator praktika hori. Natura bortxatu eta naturari etekina atera ordez, naturari lagunduz, fruituak lortzea da bultzatzen duena. Horretarako, hazi bolak egiten dira; alegia, hazia buztinarekin edo luarrarekin (konposta) biltzen da, eta ondoren, jaurti egiten dira, erein partez.
Hori Kampsan egingo dute, Errenteria-Oreretak lur eremu horrekin izan duen harremana kontuan hartuta. «Kampsako lur eremua ongi berezia da: lurraren esplotazioa, gizarte patriarkatu honek lurra nola bortxatzen duen, eta baita gure historia industriala, konstrukzioaren eromena…», azaldu du Lierni Arrietak.
4
mundu martxa
2000. urtetik, demokrazia, itxaropena, berdintasuna eta bakea aldarrikatzen ari da Emakumeen Mundu Martxa. Euskal Herrian modu koordinatuan antolatu dira taldeak, ekintza muga hauekin: indarkeria transistematikoa; bizitzaren sostengarritasuna; gorputza eta sexualitatea, eta lana sarean eta aniztasunaren gestioa.
Haziak, ikur
Urtero Emakumeen Mundu Martxak ikur komun bat izaten du. Duela bost urte patchworkaren inguruan ibili baziren, aurten haziak izango dira protagonista. Horien bidez, elikadura burujabetzaren aldeko borroka gogorarazi nahi dute. «Lurraren inguruan beti espekulatu izan da, baina orain, elikaduraraino ere iritsi da, haziak patentatzeraino. Horregatik eskatzen dugu feministok elikadura subiranotasuna. Gainera, munduan zehar nekazari txikiak, oro har, emakumeak izaten dira», azaldu du Maritxu San Pedro Bidasoaldeko Elkarte Feministako kideak.
Zentzu horretan, mundu martxak Etxalde elikadura burujabetzan lana egiten duen mugimenduarekin bat egin duela gaineratu du San Pedrok. Haziak arriskuan ikusten ditu mugimendu horrek, eta horregatik, Euskal Herri osoan zehar haziak bildu nahi ditu. Hazi horiek mundu martxako karabanan sartuko dituzte, eta Lisboaraino joango dira.
Errenteria-Oreretan nahiz Hondarribian egingo dute hazien eskaintza, karabanak geldialdia egingo duen Oarso Bidasoko bi herrietan. Horregatik, mundu martxari begira, landaketak egin dituzte egunotan Oiartzun, Irun eta Hondarribian.
Karabana Oarso Bidasoan
Mundu martxaren egunean, ekintzak karabanak geldialdia egingo duen tokietan zentratuko dira. Irundik, Santiago zubitik iritsiko da karabana Oarso Bidasora, 16:30ean, eta handik Hondarribia aldera joko du. Mendelu, Amute, Kosta, Santa Grazia, Harresilanda, Soroeta eta Sokoa pasatuko ditu. Gero,futbol zelaiaren parean eskuinetara hartu eta Foru, Itsasargi, Zuloaga, Sabin Arana, eta Molla igaroko ditu. Puntalean egingo zaio ongi etorria. Ekintza guztiak beheko koadroan daude.
Pasaiatik iritsiko da karabana hurrengo egunean, Errenteria-Oreretara, 10:00etan. Niessenera joango da, eta Biteri kaletik Foru plazara iritsiko da. Karabanari Gabierrota auzoan egingo diote agurra. Hark Lisboarako bidea jarraituko du, baina Oarso Bidasoko emakumeek martxan segituko dute helburua lortu arte.
Baratze feminista landatu dute
Joan den larunbatean, Emakume Mundu Martxaren haritik, baratze bat landatu zuten Oiartzunen, anbulatorio ondoko zelaian. Oiartzungo Feministen Asanbladaren deialdiak herritarren erantzun zabala jaso zuen. Aza gorriak aukeratu zituzten landatzeko, eta landatzen joan ziren heinean, ikur feminista marrazten joan ziren soroan. Aurretik lurra prestatzen aritu ziren, eta behin dena antolatuta, bakoitzak bere hazitxoa jarri zuen. Lanaren ondoren, merezitako saria izan zuten: denentzat mokadutxoa.
Irunen landatu duten haritza betikotu nahi dute
Emakumeen Mundu Martxaren Bidasoko aurkezpena egin zuten asteazkenean Irungo San Juan plazan. Aurtengo ekintzaren ikur komuna haziak direla kontuan hartuta, zuhaitz bat landatu zuten. Haritza aukeratu zuten bere balio sinbolikoa kontuan hartuta. «Haritza oso gurea da. Gernikako arbola, justizia, justizia soziala, indarra eta indar feminista», azaldu du Maritxu San Pedro Bidasoaldeko Elkarte Feministako kideak. Orain, zuhaitz hori herrian betikotu nahi dute, eta udalarekin batera toki bat topatzen ari dira.
Ekitaldian izan ziren Bidasoan ekintza hori antolatzen ibili diren taldeak. Irunen, Bilgune Feminista, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, LAB eta ELA eta gazte asanblada egon dira elkarlanean, eta Hondarribian Emeki eta gazte asanblada.