Nicanor Barrada eta Jose Angel Sanchez, Lezoko pleno aretoan
Legegintzaldiko lehen 100 egunen balorazioa egin dute gaur eguerdian PSE-EEko Jose Angel Sanchezek eta alderdi bereko Nicanor Barradak, eta balantze “oso positiboa” egin dute, hainbat gai urbanistiko “desblokeatu” dituztelako, eta beste hainbat arlotan egindako aurrerapausoak ontzat emanez, kale garbiketan, edota gizarte zerbitzuetan egindakoak kasu.
Balantzea, baina, EAJri hainbat eskaera egiteko baliatu dute sozialistek. Hauteskundeen emaitzei erreparatuta PSE-EE Lezo gobernatu ahal izateko alderdi giltzarria dela defendatu dute, eta EAJ eta PSE-EEren arteko gobernu akordioa hitzartzeko ordua iritsi dela defendatu. “PSE-EEk une egokia dela uste du, udal baten etorkizunerako oso garrantzitsuak diren gaiak lantzen ari garelako egunotan”, esan du Sanchezek, ordenantza fiskalak eta 2016rako aurrekontua aipatuz.
Kontsultari uko egin
Beste bi gai ere nabarmendu nahi izan dituzte sozialistek. Batetik atez atekoarena, eta bestetik, Lurraldeko Zatikako Plana.
Atez atekoari dagokionez, EAJri eskatu diote
bilketa sistemaren inguruan agindu duen herri kontsulta ez egiteko. “Kontsulta egitea dirua eta denbora galtzea da, eta EAJri eskatzen diogu bere jarrera berraztertzeko eta bosgarren edukiontzia aurten errealitate bihur dadin lan egiteko”. Bide batez, Lezon atez atekoaren kontra bildutako sinadurak —2000tik gora— ekarri dituzte gogora.
Azkenik, Lurraldeko Zatikako Planari dagokionez, berau aztertzen ari direla eta ondoren alegaziorik aurkeztuko duten erabakiko dutela esan dute.