Agerraldi kolektiboa egin zuten atzo Trintxerpeko alkateordetzan hainbat elkarte, talde politiko eta ekologistek
Gaikako bilketaren emaitzei eusteko eskatu, agerraldi kolektiboa Pasaian
Errausketaren Kontrako Herri Plataformen Koordinakundea, Donostia Bizirik, Zero Zabor, Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, EH Bildu Pasaia, Ezker Anitza Irabazi eta
Donibane + 76 herritar taldea –atez atekoaren alde sinadura bilketa abiatu duen talde sortu berria–. Talde horien guztien ordezkariak bildu ziren atzo Trintxerpeko alkateordetzan Pasaiako Udalari egungo gaikako bilketaren emaitzei eutsi diezaion eskatzeko.
Emaitzei erreparatuta atez atekoa sistema eraginkorrena dela iritzi dioten denek, baina hala ere, prestutasuna agertu zuten beste sistema baten bidez lan egiteko, beti ere “gutxieneko baldintzak” betez gero. Kutsatzea ez dela eskubidea defendatu dute, eta birziklatu daitezkeen materialak errefusarekin ezin direla bota nabarmendu. Horrez gain, bilketa sistemaren “pertsonalizazioa” eskatu dute, “nor nahasten ari den jakiteko eta ondo egiten ikasteko aukera ematen duelako”. Azkenik, “gutxienez errefusaren eta organikoaren edukiontzia txip bidezkoak” izateko eskatu zuten.
“Guri emaitzak axola zaizkigu eta horiek hurbiletik zainduko ditugu”, ohartarazi zuten. Aitortu zutenez, beldur dira datozen hilabeteetako emaitzetan errefusaren gorakada eta gaikako bilketaren beherakada espero dutelako. Edonola ere, Pasaian azken urtetan egindako kontzientziazio lana igarriko dela uste dute ere, eta zentzu horretan, herritarrei “orain arte bezala arduratsu jokatzeko” eskatu diete. Orain arte “birziklapena bai, atez atekoa ez” aldarrikatu dutenei, berriz, “kontsekuente” izateko eskatu diete.
Errauste plantari ez
Errauste planta eraikitzeko proiektua ere deitoratu dute eta Gipuzkoako herritar eta udalek 500 milioi euro ordaindu beharko dituztela salatu. Zentzu horretan, galdera zuzena egin zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari: “Nondik aterako duzue errauste planta elikatzeko behar den zaborra, jakinik, errefusa, asko jota, hondakinen %10 dela?” .
Azkenik, Pasaiako Udalari eta Gipuzkoako Udalari Europako legebiltzarrean beren ordezkariek defendatzen dutenarekin kontsekuente izan daitezen eskatu diete. Gogoratu dutenez, 2020 urterako hondakin organikoak gaika biltzea derrigorrezkoa izango da, eta birziklaezinak eta biodegradagarriak ez diren gaiak baino ezingo dira erre. Erresoluzio hori bete ahal izateko zein neurri jarriko dituzten galdetu zieten arestian aipatutako bi erakundeei.