Lehengo igandeko elkarretaratzea, Donibaneko plazan
Azken berriak zabaldu, egindako lana baloratu eta aurrerantzean egin beharreko urratsak zehazteko, batzarrera deitu ditu bizilagunak atez atekoren aldeko herritar taldeak. Donibaneko Victor Hugo etxean izango da batzarra, asteazkenean –hilak 7– 19:00etatik aurrera.
Deitzaileek azaldu dutenez, udan hasi ziren biltzen, “gaiarekin kezka” zutelako. Ondoren deialdia herri guztiari egitea erabaki zuten eta orain dela hiru aste lehen batzar irekia egin zutela jakinarazi dute. Handik irten zen lehengo igandean egin zuten elkarretaratzerako deialdia. Argitu nahi izan dutenez, baina, ” bildutakoek ez dute inolako partidu politikorik ordezkatzen”. Are gehiago, gaiak hartu duen dimentsio politikoaz jabetzen direla esan dute, eta beren nahia eztabaida beste eremuetara eramatea dela nabarmendu.
Adierazi dutenez, atez atekoa mantentzearen alde egiten dute “denbora gutxian lortu den birziklatze tasarekin gustura” daudelako. “Bestelako sistema bakar batek ere ez ditu inolaz ere emaitza hauek lortzen, beraz, ez dugu arrazoirik ikusten aldaketarako”, kexatu dira. Edukiontzien sistemarekin, aldiz, emaitza askoz okerragoa izango dela uste dute.
Atez-atekoa ezarri zenetik Donibane “nabarmen garbiago” sumatzen dutela adierazi dute, eta garai batean alde zaharrean edukiontziak zeuden tokietan egon ohi zen “kiratsa jasanezina” gainditutzat eman dute, “asteburutan bereziki”.
Errauste plantari ez
Edukiontzien sistemak errauste planta ezinbesteko duela defendatu dute, horrez gain, atez atekoaren aldekoek, eta huraxe gaitzetsi: “Edukiontzien sistemak ezinbestean dakarren errauskailurik ez dugu nahi, ez Pasaian ez inon” adierazi dute. “Errauste planta atzerapauso eta anakronismo hutsa” iruditzen zaiela gaineratu dute.