Izar Etxeberria dantzari oiartzuarrak Gipuzkoako Soinu Zahar Txapelketa irabazi du. Hona hemen ostiralean argitaratuko den elkarrizketaren aurrerapena.
Izar Etxeberria, Aurresku Txapelketako irabazle Aimar Odriozola besarkatzen. Argazkia: Carrera
Izar Etxeberria dantzari oiartzuarrak Gipuzkoako Soinu Zahar Txapelketa irabazi du. Hirugarrenez lortu du garaikurra, beraz, Tomas Muruaren trofeoa Oiartzunen geldituko da. Ostiral honetan
Gipuzkoako Hitza-n argitaratuko da Izar Etxeberriari egindako elkarrizketa. Hona hemen aurrerapen ttiki bat.
Oiartzunen geldituko da garaikurra, ez da nolanahiko lorpena.
Bi aldiz irabazten duzunean hirugarrenean pentsatzen hasten zara. Garaikurra Oiartzunen gelditzea zer nolako poza izango zen pentsatzen jarrita nintzen eta behin lortuta ikaragarria da. Oso gustura nago.
Zer iruditu zaizu aurtengo txapelketan aurkeztu diren dantzarien maila?
Oso oso altua izan da. Urtero normalean pertsona berdintsuak hartzen dugu parte txapelketan, gehienak ezagunak gara eta maila oso altua da, edonork irabaz zezakeen.
Plazan edo txapelketan, non aurkitzen zara gusturen?
Bi esparru oso desberdin direla uste dut. Plazan jendearekin zaude, talde bat dago… ez zaude hain urduri eta akatsen bat egiten baduzu ez da deus ere pasatzen. Txapelketetan, aldiz, presio hori duzu, bakarrik zaude, denak zuri begira daude… Nik bietan disfrutatzen dut, baina disfrutatzeko modua desberdina da.