‘Eskura’ hausnarketa prozesua abiatu du Gure Esku Dago dinamikak; erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bide orria adostu nahi du, eta Oarsoaldean hasi dira lehen urrats hori egiten.

Gure Esku Dago-ren jarduera, Eskoziako galdeketaren harira, Donostian
Definiziorako bidea hartu du Gure Esku Dago dinamikak. Eta definizioa zehazteko adostasuna lortzea zeregin garrantzitsua izango da.
Definizioa zehazteko hiru galdera konkreturi erantzun nahi die dinamikak azaroaren 21era bitarte abiatu duen
Eskura hausnarketa prozesu parte hartzailearekin: zer, noiz eta nola erabaki? Hautetsontzietatik erabakirako bideari ekin nahi dio Gure Esku Dago-k, eta ikasturte honetarako ere finkatu ditu helburuak, adostasun eta elkarlanerako eremua sortzea, hain zuzen ere.
Galdera horiek erantzuteko herritarrak ezinbestekoak izango dira, eurek izango dira zer erabaki, noiz erabaki eta nola erabaki proposatuko dutenak. Lehenengo data badago, azaroaren 9a. Egun horretara arteko epea dago heldu diren hiru urteotan lortu nahi diren helburuak, eta horretarako egingo den ekintza plana zehaztu, eta dinamikaren zuzendaritzara herritarren proposamenak helarazteko.
Plangintza proposamena
Gure Esku Dago-k plangintza bat proposatu du abiapuntu bezala. Horren arabera, 2016an erabakitzeko eskubidearen inguruko adierazpenak lortu eta Euskal Herrian zehar eskualde mailako ekintzak egingo lirateke. 2017an, itun kolektibo sendoa sinatuko litzateke eta nazio mailako jarduera indartsu bat egingo litzateke. 2018an herri kontsultaren garaia iritsiko litzateke.
Proposamen hori bideragarria den edo ez herritarrek erabaki beharko dute, beste bideren bat aproposagoa ikusten bada ere tokia izango luke.
Ekarpen guztiekin proposamen nazionala diseinatuko da eta azaroaren 21ean Gure Esku Dago-k egingo duen ez ohiko batzarrean aurkeztuko da. «Erabakiaren aroa» deitu diote.
Eskura prozesuan parte hartzeko bi modu daude eta bi modu horietan baldintza bat dago, saretua egotea.
Modu bat herri edo auzoetako eztabaida dinamiken bitartez parte hartzea da. Gure Esku Dago-ren batzorde bakoitzak ikusiko du nola eraman aurrera eztabaida dinamika hori, bilera zabalekin, banakako lana eginda, talde txikitan…
Beste modua Internet bidez da. Horretarako Loomio plataforma erabiliko da. Interneteko atarian sartu (eskura.eus), eta bigarren aukera hautatuta irits daiteke sarean eztabaidatzeko leihora.
Azaroaren 21a
Dokumentuaren edukien gainean eztabaidatu, eta ahal dela, adostasunera iritsita, azaroaren 21eko ez ohiko batzar nagusian ekarpenek bi galbahe pasako dituzte. Batetik, bataz besteko puntuazioei begitatua 0 eta 1 arteko puntuazioa duten ideiei egin zaizkien ekarpenak soilik iritsiko dira batzarrera. Bestetik, lantalde batek ekarpen guztiak gainbegiratuko ditu.
«Lana ondo eginda emaitzak onak dira, eta guri hori egitea dagokigu»
Jexux Olaziregi, Gure Esku Dago-ko kidea

Jexux Olaziregi
Gure Esku Dago-k garrantzia edukiei eman behar diela argi du Olaziregik; herri galdeketaren eguna arte sortuko den konplizitate berrien prozesua da haren ustez gakoa.
Prozesuari hasiera emateko Gure Esku Dago-k proposamen bat egin du. Zein dira punturik nabarmenenak?
Prozesuaren aurrekariak aipatuko nituzke lehenik eta behin. Iaz lagun gutxiren artean erabaki ziren hainbat kontu eta horrek horrenbesteko legitimazioa ez zuela ikusi zen. Beraz, prozesu berri bat egin nahi izan zen Gure Esku Dago-k gehiagoren artean hartzeko erabakiak, eta egituraketa bat emateko. 2015eko martxoan Bizkar hezurra deitzen den halako bilera batzuk egiten hasi zen, eta bilera horietan zortzi orriko proposamen hori lantzen joan da. Hasieran, Idiazabalen, herri galdeketaren protokoloaren inguruan hitz egin zen, eta hortik ikusi zen jendeak gogoa zuela eztabaidatzeko eta gauza berriak proposatzeko. Gerora beste batzar batzuk egin ziren ekintza planez hitz egiteko, egituraketaz… azkenean zortzi orriko txosten hori da hor hitz egin diren gauza guztien sintesi moduko bat.
Txostena lau ataletan dago banatua: filosofia edo Gure Esku Dago-ren egitekoa; ekintza plana; egituraketa eta finantzazioa. Nik garrantzia berezia ekintza planari emango nioke, hau da, Gure Esku Dago-k hemendik aurrera hiru urteko epean zein ekintza egingo dituen zehazten da, baina momentuz modu orokorrean, eztabaidan zehaztuko da. Honekin ez gara galtzen, bide bat finkatua dugu.
Erabakiaren aroa aipatzen da, erabakiaren unea. Euskal Herrian beti momentu historikoetan gaudela dirudi. Honek zer du desberdinetik?
Bai, egia da, ematen du Euskal Herrian zabaltzen den aro bakoitza zerbait historikoa izango dela. Iaz estadioetan hautetsontziak eraiki genituen, hori jarri zen elementu berri gisa eta hor aniztasun bat lortu genuela ikusita erabakiaren aroa hasten zela ikusi genuen. Hautetsontzia eraikita, horrekin esan nahi dugu euskal herritarrei ematen diegula erabakitze eskubidea beregain hartzeko garaia. Beraz, herri batzuk Gure Esku Dago-ren aterkipean galdeketak egiten hasiko dira. Etxarrin eta Arrankundiagan egin ziren galdeketak plataforma batzuek antolatuak izan ziren, baina hemendik aurrera egingo direnak Gure Esku Dago-ren izenean joango dira. Lehenengo kolpea udaberri aldera izango da Dima eta Ispasterren, bigarrena ekaina aldean Goierrin eta hirugarrena udazken buelta horretan Hernanin. Horien bitartez herriz herri edo eskualdez eskualde joango den prozesu bati hasiera eman nahi zaio. Erabaki aro horri halako kontsulta nazional batekin eman nahi zaio bukaera.
Oarsoaldean ere galdeketarik aurreikusten duzue?
Bai eta ez. Herri batzuetan baldintzak badaudela ikusten dut, Oiartzunen edota Donibanen, esaterako. Errenteria-Oreretan kontsulta egitea oso interesgarria litzateke, sekulako aniztasuna dagoelako eta transbertsalitate handia dagoelako. Denak batera joango garen? Prozesuan ikusiko da.
Nola aurreikusten duzue urte politiko berria?
Gure Esku Dago-k ere kalean egon behar du, eta ekainean Erabakitze Eguna nahi da egin. Hortik hirugarren ekintzara joango ginateke: herri galdeketak. Euskal Herriko eskualdeetako adierazpenak bildu, mamitu, eta Euskal Herriko ituna idatziko litzateke gero, 2017ko uda litzateke. Hau dena onartu egin behar da, eztabaidatu eta ea jendeak konpartitzen duen.
Zer, noiz eta nola galderak dira erantzun beharrekoak.
Eskura prozesua hasiera besterik ez da, trenbide luze bateko lehenengo geltokia besterik ez da. Orain bide orria zehaztuko dugu eta bide orri hori aurrera eramateko egitura bat. Prozesua bera da garrantzitsua. Herri galdeketaren eguna arte sortuko ditugun baldintza berriak, konplizitate berriak eskualdeko eragile desberdinekin hori da garrantzitsua. Nire ustez lana ondo eginda emaitzak onak dira, eta guri hori egitea dagokigu.
Trenbide luze horren helmuga zein izango litzateke?
Gure Esku Dago herri mugimendu bat da eta herri mugimendu guztiek hasiera bat eta bukaera bat dute nire ustez. Ezin duzu urte askoz mantendu, alde batetik instituzionalizatu egiten da eta bestetik folklore kutsua har dezake. Gure Esku Dago-k edukiei eman behar die garrantzia. Ilusioak sekulako aparra sortzen du, jendea aktibatzen du, baina apar hori segituan jaitsi egiten da. Ilusioarekin batera edukiak ongi finkatzen joaten bagara, apar hori jaitsita ere zedarri batzuk jarrita edukiko ditugu. Helmuga 2018ko kontsulta horrek izan beharko luke. Gure Esku Dago-ren helburua zein da, erabakitzeko eskubidea lortzea? Erabakitzeko eskubidea guk badaukagu, ez duguna da erabakitzeko eskubidea gauzatzeko ahalmena, baina Gure Esku Dago-k zaila du hori lortzea, hori lortzeko erakundeekin bestelako elkarlan eta harreman batzuk egin behar dira. Gure lana gehienbat izan beharko luke jendea aktibatzea eta kontzientzia hartzea, bera dela herri honetako etorkizuna, eta bere herriko erabakiak hartzeko gaitasuna duena.
Erakundeekin, alderdiekin eta eragileekin elkarlanerako eremuak bilatzeko asmorik bai?
Saiatuko gara behintzat. Halako egitura bat eta halako erakundetze bat lortzen badugu legitimitatea lortuko dugu eragileekin ere biltzeko eta kontraste lana egiteko. Anjel Oiarbidek behin eta berriz aipatzen ditu kooperatibak eta oso interesgarria iruditzen zait. Hitzaldi batean esan zuen kooperatibista on batek bere enpresa aurrera joatea nahi duela, beraz, bere enpresako kontuetan eta erabakietan parte hartzen du. Gizartea zer da? Kooperatiba erraldoi bat. Beraz, kooperatibetan dauden ereduak hartu eta herritarrek bere herriko kontuetan eta erabakietan parte hartu behar dute.
Prozesu honetan herritarren parte hartzea nolakoa izango dela uste duzue? Estadioetako ekimenak helburuak lortu ez zituela ikusita batik bat.
Estadioetako erronka jarri genuen eta Gure Esku Dago-k egin zuen akats handiena ziur aski izan zen urteko dinamikaren termometroa estadioetan jartzea. Estadioak erdi hutsak ikustean fustrazio sentsazioa suertatu zen. Baina horrekin batera oihal pila bat zeuden, eta tela zati horien atzean pertsonak zeuden, beraz, aulkiak ez ziren bete baina tela horien atzean saretu asko zihoazen. Hori ez zen islatu. Ez dugu jakin izan, agian, fokoa hortik ateratzen.