Giltzak datozen egunotan banatuko dizkiete organikoa birziklatu nahi duten bizilagunei
Giltza jaso beharko dute aurrerantzean organikoa bereizten jarraitu nahi dutenek
San Pedron eta Trintxerpen gaurtik aurrera martxan da berriro hondakinak edukiontzien bidez biltzeko sistema, eta honenbestez, bi barrutiotan bukaera ofiziala eman diote gaur atez atekoari. Azaroaren 12an eta 13an gauza bera egingo dute Antxon, eta astebete beranduago Donibanen.
Eguerdian egin dute sistema berriaren aurkezpena, Trintxerpen, Pasaiako alkate Izaskun Gomezek eta Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok. Alkatea izan da hitz egiten lehena, eta han bildutako bizilagunei eskerrak eman dizkie, “beren garaipena” izan dela nabarmenduz.
Alkateari babesa agertzera agertutako bizilagunek, bestetik, atez atekorako erabilitako materiala –poltsak eta organikoa biltzeko kuboak– alkateordetzaren inguruan pilatu dute.
Edukiontziak berrezarrita, birziklatzen jarraitzeko deia egin die alkateak pasaitarrei, eta organikoa bereizi nahi dutenek datozen egunotan jaso beharko duten giltza erakutsi du.
Ondoren, Pasaiak hartutako bidea beste udalerrientzako eredu izan daitekeela adierazi du Asensiok, eta gainontzeko udalerriei bide beretik aurrera egiteko eskatu.
Giltzak banatzeko egutegia
Trintxerpe-San Pedro:
- Trintxerpeko alkateordetzan, gaur eta bihar, 17:00etatik 19:00etara.
- Ulia etorbideko eta Arrandegi kaleko garbitxokoetan, gaur, bihar, etzi eta etzidamu, 07:30etik 13:30era.
- San Pedroko udal aretoan, gaur eta bihar, 07:30etik 13:30era.
Antxo:
- Hamarretxeta eta Zumalakarregi kaleetako garbitxokoetan, azaroaren 11, 12 eta 13an, 07:30etik 13:30era.
- Gelasio Aranburun (garai bateko anbulatorioan): 08:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Donibanen
- Nabalaldeako C pabilioian, azaroaren 16, 17, 18, 19 eta 20an, 08:30etik 14:00etara.