Dimisioa emango du gaur PSE-EEko independente Enrique Sanchezek, "osasun arazoak" tarteko; Juan Carlos Martinek Erik Riosek utzitako tokia hartu du
Langileen ordezkariek kaleratzeen kontra egin zuten plenoan
Udalbatzarra bukatzear zela iragarri zuen Izaskun Gomez alkateak. Azken hauteskundeetara PSE-EEko independente gisa aurkeztutako Enrique Sanchezek dimisio emango du gaur. Osasun arazoak aipatu zituen Sanchezek erabakiaren zergatia azaltzerakoan, eta aukera baliatu zuen liberatuta egon denik ukatzeko, “askok leporatu izan diotenaren kontra”. Azken hilabeteotan egindako lana eskertu zion alkateak, eta babesa agertu zioten zinegotzi askok.
Sanchezentzat udaleko jardunean azken eguna izan zena, berriz, etapa berri baten hasiera izan zen Jaun Carlos Martin jeltzale antxotarrarentzat. Erik Riosek dimisioa eman ondoren hutsik geratutako tokia hartu zuen atzo Martinek. Ezaguna du udaleko jarduna Martinek, azken legegintzaldian EAJko zinegotzi izan zelako.
Alkateak
Nahikari Oterminen (EAJ) kontrako pintaketa gaitzetsi ondoren hartu zuen kargua Martinek.
Lanpostuen amortizazioa
Hortik aurrera sorpresa gutxiko udalbatzarra izan zen atzokoa. Gobernu taldeak proposatutako denak aurrera atera ziren, tartean, 2015.urteko lanpostuaren zerrendaren eta plantillaren aldaketa,
lanpostuen amortizazioa tarteko.
EH Bilduren eta Pasaiak Ahal Du-ren kontrako botoak ez ziren nahikoak izan udal gobernuaren asmoa gertatzeko. Langileen ordezkaritza zabal bat ere izan zen plenoan, kaleratzeen kontra protestan, eta hondakinak biltzeko sistema ez pribatizatzeko eskatuz. Hitza ere hartu zuten, eta negoziaziorako prestutasuna agertu.
2016ko zerga ordenantza, aurrera
Datorren urterako tasen eta zergen ordenantzari behin behineko onarpena eman zioten atzo. EH Bildu-ko lau zinegotziak abstenitu egin ziren, eta alde bozkatu zuten gainontzeko guztiek (PSE-EE, EAJ eta Pasaiak Ahal Du).
EH Bilduk diktamenaren bi atalekin agertu zuen kontrako jarrera. Etxebizitza hutsen gaineko errekargua bertan behera utziko du ordenantza berriak, batetik, eta bestetik, %50eko hobaria proposatu dute plusbaliorako, “alarguntzean ohiko etxebizitza herentzian jasotzen dutenentzat”.
Bi proposamenak kritikatu zituen koalizio abertzaleak “gehien daukatenei laguntzea” suposatzen dutelako, “zergen progresibitatearen kontra” doazelako, eta “udal finantzaketari erasoa” direlako.
Red Bayrekin senidetzeari argi berdea
Pasaia eta Red Bay (Kanada) herriak senidetzeko proposamena jaso du udalak Albolaren eskutik, eta atzo, argi berdea eman zioten proposamenari talde guztiek, aho batez. Iragarri zutenez, Kanadako enbaxadorean hurrengo egunotan da Pasaiara etortzekoa gaiarekin lotuta bisita egitera.