Azaroaren 14ean egingo dute ospakizun handiena, eta egun berean bedeinkatuko dituzte banderak
Batelerak, udaletxe zaharrean banderak herriari eskaintzen
Pasai Donibane Koxtape Arraun Klubak 50. urteurrena du aurten, eta azaroan ospatuko dute, herritarrekin batera. Iganderako (hilak 1) antolatu dute ospakizunari lotutako lehen ekitaldia. Herri krosa izango da, garai bateko Guadalupeko igoera gogoratzeko.
Azaroaren 7an berriz, klubaren ateak ireki eta nahi duen orori emango diote arraun egiteko aukera. Egun berean 400 bandera banatuko dituzte jendeak balkoietan zintzilikatu eta egun handirako herria goitik behera arrosez janzteko.
Festa handia, baina, azaroaren 14ean izango da. Aurten lortutako banderak bedeinkatuko dituzte egun horretan, eta afaria eta dantzaldia ere izango dira. Udalak harrera egingo die egun horretan Kontxako irabazleei, eta Yolak bazkaria eskainiko die. Kale animazioa, noski, ez da faltako. Horiek eta beste asko izango ditu aukera Koxtaperen mende erdiko ibilbidea ospatu nahi duenak.
Egitaraua
Hilak 1, igandea:
10:30: Herri krosa, Guadalupeko igoera oroitzen.
Hilak 7, larunbata:
17:00: Arraun egiteko aukera irekia, denontzat.
17:30: Balkoietan jartzeko 400 banderen banaketa klubean.
Azaroak 13, ostirala:
19:30: Klubaren ibilbideari errepasoa egiteko ikus-entzunezko klubean.
Azaroak 14
12:00: Banderak balkoian jarri eta 50.ari omenaldia plazan.
13:00: Udalaren harrera Kontxa 2015eko irabazleei.
14:30: Yolak arraun elkarteari eskainitako bazkaria.
19:30: Bandera bedeinkapena parrokian.
20:30: Aurtengo argazki emanaldia klubean.
21:00: Afaria. (10 euro. txartelak salgai ohiko tokietan).
23:00: Dantzaldia.