Ikuskak Moriarti «ospatuko» du aurten
Pasaiako XVII. Film Laburren Erakustaldia Moriarti ekoiztetxearen lanen atzera begirako batekin hasiko da, azaroaren 7an
‘Moriarti ospatuz’, programazioa Nora hoa, Bixente?. Zuzendaria, Aitor Arregi (2000, 12 minutu. Euskaraz). Tercero b. Zuzendaria Jose Mari Goenaga (2002, 18 minutu. Gaztelaniaz). Sintonia. Zuzendaria Jose Mari Goenaga (2005, 9 minutu. Gaztelaniaz). On the line. Zuzendaria Jon Garaño (2008, 12 minutu. Ingelesez eta gaztelaniaz). El método Julio. Zuzendaria, Jon Garaño (2010, 14 minutu. Gaztelaniaz eta euskaraz). Zarautzen erosi zuen. Zuzendaria, Aitor Arregi (2014, 16 minutu. Euskaraz). Non eta noiz Eguna. Azaroak 7. Ordua. 19:00. Tokia. Trintxerpeko alkateordetza.
1.000, jasotako film laburrak
Mila film labur jaso dituzte aurten Ikuskako antolatzaileek. Erakustaldiko antolatzaile Pedro Etxanizek gogoratu zuenez, lehen ekitaldian, 80 jaso zituzten. Nazioartekoa. Aurten, besteak beste, Tunisia, Turkia, Finlandia, edota Brasildik ere jaso dituzte film laburrak erakustaldian.«Oscarrena oraindik ere surrealista iruditzen zaigu»
Nola bizitzen ari zarete Moriartin Loreak Oscarretarako izendatu izana? Ilusio handiz, eta pausoz pauso ikasten. Ezustean harrapatu gintuen izendapenak, eta orduz geroztik ikastaro trinkoan ari gara. Dena den, Loreak bi enpresen arteko koprodukzioa da, Moriarti alde batetik, eta Irusoin bestetik, eta Irusoinekoak ari dira gehiago honetan guztian lanean. Oso ilusionatuta gaude, hurrengo fase batera pasatzea oso zaila izango dela jakinda ere. Polita, ilusionantea eta berria da guretzako. Los Angeleserako bidea luzea da oraindik. Bide horretan zeintzuk dira hurrengo data garrantzitsuak? Abendu erdialdean esango dituzte short list delakoak. Orain 81 filma daude hautatuak, eta hortik bederatzi geratuko dira. 200 akademiko inguruko talde bat bada, eta talde hori beste hiru taldetan banatzen da. Talde bakoitzak 20tik gora film ikusi behar ditu, eta akademiko bakoitzak ikusi behar ditu gutxienez bere taldeari dagozkion pelikulen %65. Ikusten duen pelikula bakoitzeko puntuazioa ematen du. Ahalik eta puntu gehien lortzea da kontua, eta ahalik eta akademiko gehienek zure filma ikus dezaten lortzea. Badirudi, prozesu horretan guztian, oso garrantzitsua dela zarata ateratzea. Horregatik da hain garrantzitsua kanpo harremanetarako arduraduna edukitzea, akademikoen artean zure filma ezagutarazteko. Horrez gain, publizitatea egin behar da, harreraren bat antolatu behar da ere… Filmarekin zenituzten espektatibak gainditu dituzue, ziur. Erabat. Normalean pelikula egiten ari zarenean ez dituzu gauza hauek planteatzen. Pelikula egin, kontatu nahi duzun istorioa ondo kontatu, eta ikuslearengana iritsi. Horixe espero genuen, baina ez genuen pentsatzen sarietan. Zinemaldi batean sartzea garrantzitsua da beti filmaren bidearentzako, baina batez ere, hemengo promozio tresna bat bezala. Baina Oscarrena oraindik ere surrealista iruditzen zaigu. Pausoz pauso egiten den bidea dela uste dut. Lehenbiziko ezustea izan zen iazko Zinemaldiko sail ofizialean egotea, ondoren Goyetan izendatua egotea, gero Oscarretarako hiruren artean egotea… Loreak-ek ezuste txiki asko eman dizkigu, eta atseginak gainera. Zuk esan bezala mugarri dezentekoak ezarri ditu jada Loreak filmak, eta asko, gainera, euskarari lotutakoak. Horrek zein balio du zuentzat? Nik uste dut oso erakusleiho garrantzitsua dela, bai hizkuntza batentzako, bai kultura batentzako, baita herrialde batentzako ere. Gure azkeneko bi fikzioak euskaraz izan dira, baina horrek ez du esan nahi dena euskaraz egingo dugunik. Hurrengo proiektuak, esaterako, nahastu egiten du euskara, gaztelera, eta frantsesa…. Nik uste dut istorio bakoitzak baduela dagokion hizkuntza.«Oso momentu ona bizitzen ari gara eta espero dezagun jarraipena edukitzea»Guretzat oso hunkigarria da. Oscarrena esan zutenean, adibidez, euskara bertan egon daitekeela pentsatzea, oso hunkigarria da guretzako. Agian oso instituzionala eman dezake esaten ari naizen honek, baina niretzako horrela da, hunkigarria, zirraragarria. Egia da Loreak-ek mugarri bat suposatu duela euskararekin lotuta. Sail ofizialean lehiatu zuen euskarazko lehenbizko filma, Goyetan euskarazko lehenbizikoa, orain Oscarretan ere bai… Espero dezagun ez izatea bakarra. Iruditzen zait euskal zinema ari dela bere bidea egiten, eta Amama-ren estreinaldian gertatutakoa oso sintomatikoa da. Oso momentu ona bizitzen ari gara, eta espero dezagun jarraipena edukitzea. Zure ustez zeintzuk dira Loreak-en arrakastaren gakoak? Oso zaila da horri erantzutea. Proiektutik aldentzea beharrezkoa da, batez ere denbora aldetik, eta proiektutik urrunago dauden beste pertsona batzuk hobeto analizatu dezakete dena. Gu saiatu gara istorio unibertsal bat kontatzen. Hemengo ezaugarri lokalei uko egin gabe, edonon ulergarri zian daitekeen istorio bat kontatzen. Dena den, hori, batzuetan zaila egiten da, mundua zure galbahe kulturaletik begiratzen duzulako, eta agian pentsatzen duzu zerbait edonon ulergarri izan daitekeela, eta erakutsi arte ez dakizu hori horrela izango den edo ez. Badirudi, hala ere, nazioartean egin duen bide horretan jendeak filma ulertu duela. Eta hau guztia bizitzen ari zaretenean Ikuskak atzera begira jarri zaituzte. Moriartirentzat zer suposatzen du Ikuskaren aitortzak? Guretzat oso polita da. Ikuskara oso lotuak egon gara. Lehiatzen egon gara gure lehenbiziko film laburrekin, gero epaimahaikide bezala ere dezentetan ibili gara. Orain beraiek erabaki dute norbait ospatzen hastekotan, Moriarti aukera ona zela, eta guretzako hori ederra da. Gainera, esan behar da Ikuskak proposamen hau egin zigunean, urte honen hasieran, Oscarren kontua oso urrun zegoela. Nik, pertsonalki, gogo handia dut bertan gure sei labur segidan ikusteko. Nolakoa izango da ekitaldia? Ikusleak zer topatuko du? Sei laburrak Moriarti eta Ikuskaren artean hautatu ditugu, eta saiatu gara bilatzen aniztasuna, hizkuntza eta genero aldetik, baita euskarri aldetik ere. Ikusiko da gure lan egiteko moduan egon den bilakaera teknikoa. Egin dugun lanaren erakusleiho bat izango da. Genero aldetik denetik dago, dokumentala, thrillerra, komedia, dokumentala, dokumental faltsua…, baita hizkuntza aldetik ere, euskara, gaztelania, ingelesa… Badago denetik pixka bat, eta hitz egiteko aukera asko emango du. Zuek han izango zarete emanaldiaren egunean, filmak proiektatu ondoren, solasaldirako. Bai. Gure asmoa da aurkezpen txiki bat egin eta ondoren film laburrak ikustea. Seirak baturik 81 minutuko emanaldia osatuko dute. Ondoren ikusleek galdetu nahi badute zerbait erantzungo diegu, eta bestela aterako dira gogoetak gure aldetik ere. Ikuska hastapenetatik ezagutzen duzu. Pasaiako Film Laburren Erakustaldiak izan duen bilakaeraz zein iritzi duzu? Hazten ari den lehiaketa da. Nik uste dut interesgarria dela azken urte hauetan izan duen dibertsifikazioa. Erakustaldiaren oinarri nagusia film laburren lehiaketa da, eta hori mantendu behar da, hemen saritzen diren film laburrak zinearen etorkizuna direlako kasu askotan. Hemen sarituen artean egon dira askotan gero gauzak egiten jarraitu duten pertsonak eta zuzendariak, film luzeetan, film laburretan, edo bestelakoetan. Hori mantentzea garrantzitsua da. Baina oso garrantzitsua da baita ere eskaintza nolabait zabaltzea, eta ez bakarrik horretara mugatzea. Gauza interesgarriak egiten direla uste dut, eta beti herriari oso lotuta. Beti dago oso kutsu herrikoia, eta azken batean, zinea hori da. Zuk egiten duzu jendearentzako, eta ondoren auzokideak ikustea hortaz disfrutatzen, horixe da politena. Ikuskaren programazioa osorik ikusteko sartu webgune honetara www.ikuska.info