Andonaegiko zelaia berritzen ari dira Pasaian; irudian belar berria estreinatu zutenekoa
Aldundiak eskualdera 1,7 milioi euroko inbertsioa bideratzea adostu du gaur. Hala iragarri dute Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak eta Imanol Lasa foru bozeramaileak, gaur goizean kontseiluak erabakitakoen berri emateko deitutako prentsaurrekoan. Esan dutenez, gaur erabakitakoarekin “bultzada nabarmena” eman nahi diote “Pasaialdearen biziberritzeari”.
Erabakia,
Izaskun Gomez eta Julen Mendoza Eusko Jaurlaritzan agerraldia izango duten egun berean iritsi da. Pasaiako badiaren berri emango dute Gasteizen Pasaiako eta Errenteriako alkateek, legebiltzarrak hala eskatuta.
Pasaian, Errenterian eta Lezon
Diru gehien Pasaian inbertituko du aldundiak, 859.097,76 euro zehazki. Errenteriak 624.497,44 euro jasoko ditu eta 236.904,44 euro Lezok. Inbertsioekin hiru herrietan egin behar dituzten hainbat lanen kostuaren %85 ordainduko du aldundiak.
Pasaian ondoko lan hauek egingo dituzte: Jaizkibelen ur hornidurarako hodia berreskuratzea; Urrestarazu kalearen urbanizazioa, Luzuriagako zoladura eta Andonaegiko pisten egokitzapena.
Errenterian, berriz, ondoko lanak egingo dituzte: Bidasoa kalearen urbanizazioa, Alfonso XI kaleko lanak, eta Resurrecion Maria de Azkue kalekoak.
Lezon, azkenik, Goiko Plazako frontoiko pareten zaharberritzea eta Andreone bibliotekako estalkiaren konponketa.
Azkenik Tknikarekin egin duten lan hitzarmenaren berri eman dute. Azaldu dutenez, ahultasun egoeran dauden enpresak laguntzeko programaren barruko hitzarmena da. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Tnikak enpresei bideratutako prestakuntza eta esku-hartze programak diseinatu, ezarri eta ebaluatzeko lanak egin eta aurreikusitako jardueren koordinazioa eta jarraipena egingo du.