Gaur goizeko aurkezpena, Trintxerpeko alkateordetzan
Easo Abesbatzak 75 urte bete ditu aurten, eta urteurrenari lotuta jarduera asko antolatu dituzte, horietatik berezienetakoa datorren hilaren 12an Pasaian ospatuko dena. Trintxerpeko Karmengo Amaren parrokian kantatuko du Easo koroak, 20:00etan.
Kontzertua, baina, ez da izango ohikoa. Sorreraz geroztik korotik pasatu eta bizi diren guztiak biltzeko ahalegina egin dute antolatzaileek, eta aurreratu dutenez 100 lagun inguru kantatuko dute emanaldian. Egungo koroa ez ezik, beteranoena ere ariko da; bakoitza bere aldetik kantatuko du lehenik, eta ondoren denak elkarrekin.
Gaur goizean aurkeztu dute kontzertua, Trintxerpen. Aurkezpenean koroaren egungo zuzendariak izan dira- Ramon Beraza eta Xalba Rallo- eta haien ondoan, Santos Sarasola -Easo Abesbatzako presidentea–Koldo Aulestia, AFAGIko presidentea eta koroko partaide ohia, eta baita Juanje Neira ere. Easo abesbatzako kide ohia da Neira, eta baita kontzertua antolatu duen Illunbe koralaren presidentea.
Euskal musika korala sustatzeko bokazioa
Easo koralaren presidente Santos Sarasolak nabarmendu duenez, euskal musika korala sustatzeko helburuz jaio zen Easo Abesbatza, 1940. urtean. Koroa 36ko Gerraren ondoren etxera itzuli ziren iheslariek sortu zutela gogoratu du Santosek, eta hastapenetako xede berberari eutsita dihardutela lanean goraipatu du.
Horregatik ez da kasualitatea kontzerturako hautatutako errepertorioa. Koroak bere historian berezkotzat izan dituen hiru kantu interpretatuko dituztela aurreratu du Ramon Beraza zuzendariak: Sorozabalen
Maite,
¡Ay, tierra vasca! eta
Chanton Piperri opera.
Pasaian hilaren 12an izango den kontzertua, hilaren 27an errepikatuko dute, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.
Kontzertu solidarioa
AFAGIren aldeko kontzertua izango da hilaren 12koa, Gipuzkoako Alzheimerdunen eta estelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartearen aldekoa. Kontzertuaren aurkezpenean elkarteko presidente Koldo Aulestia izan da. Bera ere Easoko partaide ohia, kontzertuan abestuko du. Ilusioa eta esker ona agertu du Aulestiak, eta musikak gaixoengan duen eragin positiboa goraipatu du.
Zehaztu duenez, kontzertuaren egunean elkarteko boluntarioek diru ekarpenak jasoko dituzte, ekarpen boluntarioak –sarrera doan da–. Edonola ere, helburu ekonomikoaren gainetik, dibulgazio lanaren garrantzia nabarmendu du, eta AFAGiren helburu garrantzitsuenetakoa gaixotasuna ikusgarri egitea dela adierazi du.