EAJk galdeketa loteslea egiteko hartu zuen konpromisoa beteko duela esan du Garbizuk.
atez ateko bilketako zintzilikarioak Lezon
Hiru hilabete barru, 2016ko martxoaren lehen hamabostaldian, egingo du hondakinen bilketaren gaineko galdeketa Kepa Garbizu alkateak. Bien bitartean, atez atekoa behin behinean luzatu egin dute udalerrian, zerbitzuaren epea amaitu delako eta kontsultaren emaitza ezagutu arte hondakinak biltzen jarraitu behar zelako.
EAJk galdeketa loteslea egiteko hartu zuen konpromisoa beteko duela esan du Garbizuk: “Lezoarrek aukeratzen duten hondakinen bilketa sistema zein den jakiteko kontsulta demokratikoa izango da, gizartearen gehiengoarekiko errespetuzkoa, aurrekoa legealdian zehar Bilduren gobernuak erabili duen inposizio jarrerak alde batera utzita”. Horrenbestez, egungo bilketa sistemarekin jarraitzeko erabakia “arduraz” hartu duela udalak, “lezoarrek zein bilketa nahi duten jakin arte ezin genuen garbiketa zaerbitzu gabe gelditu”. Arduragabekeria litzatekeela kontratua amaitu eta hondakinak biltzeko zerbitzurik gabe gelditzea esan du Garbizuk, “denbora pixka bat beharko dugulako galdeketa egiten denetik sistema berria jarri arte, hala erabakitzen badute herritarrek, eta ezin dugu kalea zaborrez beteta utzi”.
Gauzak ondo egin nahi dituela EAJk gaineratu du Garbizuk: “Ez dezagun behar bezelako oinarririk gabe itxi aurreko legealdian hainbeste eztabaida sortu duen gai hori, har dezagun denboran luze iraungo duen konponbide demokratikoa”. Erabaki hori berme guztiekin hartu beharra dagoela ere esan du, “hala ez bada, ziurrenik prozesu judizialak ere izango genituzkeelako, eta horiek saihestu egin behar ditugu”.