Errauste planta bertan behera uzteko eskatu du plenoak.
Errenteriako Udalbatzak ohiko osoko bilkura egin zuen ostiralean. Gai ordena luzea ez bazen ere, luze jo zuen plenoak. Orereta-Errenteria Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan taldeen mozioa aztertu zuten bertan, eta alderdi politikoen interbentzio luzeak ekarri zituen. EAJko zinegotzi Manu Francok gogor kritikatu zuen talde ekologistek aurkeztu zuten mozioa, “eskasa” zela esan zuen eta “akats ugari” zituela emandako datuetan. Bere interbentzioen harira errespetua eskatu zionik ere izan zen.
Europa iparraldeko herrialde garatuenek errauste planten aldeko hautua egina dutela gaineratu zuen alderdi jeltzaleko ordezkariak, eta “hori dela bidea” gaineratu zuen.
Errenteria Irabazizeko Jose Cruz Legorburuk herritarrek hondakinen bilketa sistemaren gainean kezka azaldu izan dietela kalean esan zuen, “bai galdetu izan digute atez atekoa edo bosgarren edukiontzia jarriko zen udalerrian, baina inorrek ez digu inoiz galdetu errauste planta noizko. Gai hori baztertuta zegoela uste zuen jendeak, kajoi batean itxita, eta berriz hemen dugu”.
2009.urtean errauste planta Landarbason jarri nahi zutenean Errenteriako Udalak aho batez erabaki haren kontra egin zuela ekarri zuen gogora bestalde, Legorburuk, “badirudi etxean ez dugula nahi, baino etxetik kanpo berdin zaigula, Lasarten gertatu den bezala”.
PSE-EEko bozeramaileak errauste plantaren alde egin zuen alderdi jeltzaleak bezala, eta talde ekologistek aurkeztutako mozioaren kontra egingo zuela alderdi sozialistak esan zuen Rodriguezek. Txosten luzea irakurri zuen ondoren, eta Europako hainbat herrialdeetako esperientzietara jo zuen errauste plantaren aldeko hautua egiteko.
Mozioa, aurrera
EH Bilduko Bernar Lemosek koalizioak beti ezezkoa eman diola errauste planatari esan zuen, eta eztabaidaren atzean bi modeloren arteko talka dagoela gaineratu zuen. Kutxatzea ez dela eskubidea eta “nire etxean ez, baina beste leku batean bai” ez duela balio ere esan zuen Lemosek. EH Bilduren hitzetan, “murrizketa, bereizketa eta birziklatzea” dira bidea.
Talde ekologisten mozioak aurrea egin zuen azkenik, Errenteria Irabaziz eta EH Bilduren aldeko botoekin. PSE-EE eta EAJ mozioaren kontra azaldu ziren.
Mozioaren onarpenarekin hondakinen errausketaren kontra dagoela adierazi du Errenteriako Udalak, eta horrenbestez, Zubietan egin nahi duten errauste plantaren aurkako jarrera argia agertu du. Gipuzkoako Foru Aldundiari, Gipuzkoako Hondakin Partzuergoari eta mankomunitateari errauste plantaren proiektua bertan behera utzita, gaikako bilketan eta hondakinen kudeaketan beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatuko die halaber “zero zaborreko ekonomia zirkularreko eredu baterantz aurrera egiteko”.
Hondakinen kudeaketa egokirako beharrezkoak diren konpostatze planta eta inerteen hondakindegiak eraikitzeko kokapen egokienak aztertzeko ere eskatuko dio udalak foru aldundiari. Azkenik gardentasuna eta elkartasuna sustatzeko, aurreko eskaerarekin lotutako emaitza teknikoak ezagutzera eman eta dagokien udalekin elkarrizketa eta negoziazio prozesua zabaltzekoe skatuko dio aldundiari.