Hondakinak biltzeko sistema mistoa ezartzeko mahaia sortu dute gaiarekin harremana duten eragileekin.
2013ko maiatzean abiatu zuten atez atekoa Lezon
Ostiralean jakinarazi zuen Lezoko Udalak herrian hondakinak biltzeko sistema mistoa ezarriko dela. Horren oinarrian Hondakinen Mahaian —propio hondakinen gaian erabakiak hartzeko sortu zen mahaia— hartutako hautua dago: mahai hori herriko EAJ, EH Bildu, PSE-EE alderdiak nahiz Lezon Ondoaigea eta Lezo Garbia taldeek osatzen dute, eta hiru helburu adostu egin zituzten printzipio bezala, EH Bilduren zinegotzi taldeak zabaldutako oharrean agertzen denez. Honakoak:
- %80tik gorako birziklatze tasa bermatzen duen sistema izan behar da (egun %85ean dago Lezo).
- Udalak egin behar du bilketa (ez mankomunitateak).
- Gaur egun dituen baliabideak erabili behar ditu udalak (kamioi berririk ez).
Hiru helburu horiek betetzeko eztabaida egin zuten ondoren alde guztiek. Eta azken emaitza izan da sistema mistoa abian jartzea: zintzilikario bidez organikoa eta errefusa jasotzea, eta ohiko edukiontziak erabiltzea papera eta ontzi arinak jasotzeko (edozein egunetan utzi ahal izango dira azken horiek edukiontzietan). Akordioa lortuta, horren “oso balorazio positiboa” egin du Lezoko EH Bilduren zinegotzi taldeak, “gai honek duen karga politiko eta mediatikoa gainditzea lortu dugulako eta Lezoko herriak birziklatzeko bidean jarraituko duelako”.
Hala ere, EH Bilduko hautetsiek esan dute edukiontzi hori eta urdinaren kasuan horien bilakaera “gertutik” jarraituko dela, eta errefusa nahiz organikoa zintzilikario bidez eta egun jakinetan uztea horiek “kontrolatzeko modurik egokiena” direla.
Xehetasun gehiago emateko hurrengo egunetarako herri batzarra deituko dutela esan dute EH Bilduren zinegotziek.