Correscales-Korrika Prekarioa hilaren 19an helduko da Oarsoaldera. Movistarreko langileek sortutako Marea Urdina izan da lan baldintzak duintzea eta langileen borrokak saretzea helburu duen iniziatibaren motorra.
correscales
Correscales-Korrika Prekarioak Bilbo eta Bartzelona lotuko ditu otsailaren 18a eta 22aren artean. Bartzelonan Movistarrek duen Mobile World Centerren amaituko da, jendarteak eta sindikatuek World Strike Centre deitzen dute. 800 kilometro, 80 errelebu, eta hainbat sektoretako langile, mugimendu, erakunde eta kolektibo batuko ditu justizia eta duintasunaren alde borrokatzeko.
Marea Urdina mugimendutik sortu zen Correscales, eta prekarietateari aurre egin eta harekin amaitzea badu helburu, borroka horietan laguntzeko tresna ere izan nahi du. Horretarako kooperatiboki, elkar laguntzeko proiektu kolektibo bat eraikitzeko inoiz egin den crowfunding-ik handiena osatu nahi du. Movistarreko langileek sortutako Marea Urdina eta bertatik eratorritako Correscales-Korrika Prekarioa edozein langile kolektibo laguntzeko sortu dute. «Correscalesen bidez borroka guztiak bateratzen saiatuko gara, denon artean babesteko, bizilaguna ezinbestekoa delako», esan du Angel Circujanok, Correscales lantaldeko kideak: «Dirua beharrezkoa da greba egiteko, enpresa handi zein txiki batekin borrokatu ahal izateko».
Biltzen duten diruarekin, ia hiru hilabetez greban izan ziren Movistarrek azpikontratatutako langileentzat erresistentzia kutxa sortzeko kooperatiba bati eskatutako diru laguntza kitatu nahi dute, eta sor daitekeen edozein motako lan gatazka aurrera eraman ahal izateko erresistentzia kutxa berria sortu. Dirua beharrezkoa dela argi du Circujanok, «greban jarraitu ahal izateko», baina hori bezain garrantzitsua deritzo pareko bizilagunak egoeraren berri izatea, kalera ateratzea eta ez leporatzea telefonorik ez duela, «baten batek egotzi digulako telefonorik ez zuela, errua Movistarrena denean langileak baldintza prekarioan izateagatik».
Langileen egoera
Mugimendu ugari biltzen dituen eragile erraldoia da Marea Urdina, «hori delako modu bakarra botereari aurre egiteko, edo enpresa handi bati. Azkenean, haien estrategia atomizatzea da, eta gurea ahalik eta gehien batzea». Hiru hilabeteko grebaren ondoren, Movistarren prekarizazioarekin amaitzea ez dutela lortu argi du Circujanok, «baina iaz baino baldintza hobeagoakoak ditugu». Soldatak %30 eta %40 artean murriztea planteatzen zuen Movistarrek, eta azpikontratazioaren aldeko apustua mantendu zuen, «soldata ez jaistea lortu dugu. Gipuzkoan Movistarrentzat lanean ari zirenak euren artean ezagutzea ere ekarri digu grebak, eta 30 azpikontratatutako langile nominapeko bihurtzea ere».
Circujanok argi du langileen artean beldurra dela nagusi, «lanpostua galtzeko beldurra da nagusi. Beldur gara, uste dugulako zerbait dugula, ez dugunean ezer. Etxea ordaindu behar duzu bestela kenduko dizutelako, etxea ez denean zurea, baina seme-alabak dituzu». Beldurra hain zabalduta ez balego, borrokak beste modu batera egingo lituzketela dio, «jendearen babesarekin beste modu batera eramaten dira gauzak. Langileak goraino daude, neka-neka eginda, baina apur bat leloak garela ere ohartu naiz, lotsa ematen digulako esatea berogailua ordaintzerik ez dugula, edota etxearen ordainketak atzeratuta ditugula…».
Correscalesen parte hartzera deitu ditu pasaitarrak herritar, eragile eta elkarteak, «zure arazoa delako, zure bizilagunarena, zure seme edo aitarena. Prekarietateaz ari garenean edozeinetaz mintzo gara, ez bakarrik Movistarreko langileetaz, edo gazteetaz». Horren harira, Movistarreko greba amaitu aurretik azpikontrata bateko langilea zen, eta greban parte hartzen ari zen 53 urteko lankidearen egoera ekarri du gogora, «kalera bota zuten. Nora joan behar du lanera adin horrekin, zertan has daiteke? 44 urteko beste lankide batek beste lan bat bilatzen hastea ere pentsatu du, baina nora joan behar du?».
Udaletan babesa
Udaletan jasotzen ari diren babesaz ere aritu da Circujano. Correscales-Korrika Prekarioaren gaineko mozioak aurkezten ari dira hainbat udaletan. Tartean, Errenteria-Oreretan landu zuten mozioa aurreko hilabete amaieran.
Aho batez egin zuen aurrera mozioak: «Aurrera egingo zuen zalantzarik ez genuen, baina ez genuen espero aho batez onartzea. Izan ere, eskuinekoak diren alderdi politikoek babestu dute, beti kapitalismoaren alde jokatu dutenek, legeak egin dituztenek eta gaur egun dugun prekarietatea ahalbidetu dutenek. Kontraesankorra iruditzen zait, baina ongietorria izan dadila horien babesa ere. Sinatu duten hori mantendu beharko dute, bestela erantzun egin beharko dutelako prekarietatearen eta murrizketen aldeko estrategia berrartzen badute».
Pasaiako Udalean ez dute lortu oraindik mozioa lantzea plenoan, «baina espero dugu horretan ere aurrera egingo duela». Udalen jarreraren atzean kalearen aktibazioa dagoela ez du zalantzarik Circujanok, «lortu dugu kalea aktibatzea, jendea nekatuta dagoelako, eta nik uste dut instituzioetan jabetu direla zerbait mugitzen ari dela. Jendeak parte hartzen du Correscalesen, ideiak ematen ditu… Euskal Herrian oro har lan munduko eskubideak kalean borrokatu ditugu, eta bakoitza berera badoa ere, beharrezkoa denean, badakigu altxatzen eta elkarren ondoan aritzen, batera».
«Haien estrategia atomizatzea da,
eta gurea ahalik
eta gehien batzea»
«Prekarietatea zure arazoa da, zure bizilagunarena, zure aita edo semearena»
«Borrokak batzea, gai ezberdinak lotu eta bat egitea bilatzen du Correscalesek»
Angel Circujano
Correscales lantaldeko kidea
Horren harira, whatsapp-ez egindako deialdia gogorarazi du, «greban ginela, langile autonomoak gure artean ezagutu gabe, deialdi bat egin genuen supermerkatu bateko aparkalekuan, eta 100 lagun elkartu ginen. Ez genuen elkar ezagutzen, baina hiru hilabetez bata bestearen ondoan borrokatzen aritu gara».
Gizartean mugimendu sendoa lortzea falta dela uste du, baina mugitzen hasi dela argi du ere, «Kataluniako dendan itxialdia egiten 40 langile izan ginen. Polizia gu kaleratzera etorriko zela jakin genuenean, 600 lagun bildu ziren bat-batean gure bueltan, hori izugarria da, eta hori da zehazki hemen falta zitzaiguna, eta orain forma hartzen ari dena». Correscalesek aktibazio hori bilatzen duela esan du, «borrokak batzea, gai ezberdinak lotu eta bat egitea».
Korrika Prekario hori diruz laguntzeko moduetaz ere mintzatu da pasaitarra. Kilometroa eros daiteke, 200 euro balio ditu bakoitzak. Laguntzeko beste modua Goteoan parte hartzea da, «norberak erabakitzen duen kopuruarekin egin daiteke ekarpena». Dirua jartzea ezinezkoa dutenek, berriz, Correscalesen korrika eginez har dezaketela parte gaineratu du, «eta modu horretara justizia eta duintasunaren alde borrokatzen duten bizipenen arteko konplizitateak saretu».
Dokumentalean bildu
Correscalesen ibilbidea, batzen duen elkartasuna, errealitateak… azken batean prekarietatearen aurkako eta duintasunaren aldeko lasterketak ematen duen guztia, dokumental batean biltzeko asmoa ere azaldu dute iniziatibaren arduradunek: «Bizi baldintzak, lana, duintasuna, borroka jasoko ditugu bertan».
Correscales ez dela hasi eta bukatuko ibilbide batekin nabarmendu du, ez dela horretara mugatzen, «hiru hilabeteko greba mugagaberako, kolektiboki eraikitako erresistentzia kutxa bati helduz abiatu da. Jendartearen prekarizazioaren eta kapitalaren metaketaren kontrako kanpainak eman dio segida, eta egun, esperientziak partekatzen ditugu, praktikak ikasten ditugu eta baita lurralde eta mugimendu ezberdinen artean konplizitateak ehundu ere».
Premia bertute egin du Correscalesek, porrota garaipen bihurtu. Iniziatiba mamitzen ari direnek argi dute duintasuna ez dela azpikontratatzen, indibidualismoa elkartasun bilakatu beharra dagoela, eta bakarrik ezingo dutela korri egin. Horren harira Circujanok dei zabala egin die herritarrei, eragileei eta baita erakundeei ere Correscalesekin bat egin dezaten, «prekarietatea denon arazo da, baita duintasuna ere. Bizitza baldintza justuagoen aldeko borroken duintasunez betetako ibilbidea izango da».
Babeserako lantaldeak sortu dituzte Pasaian eta Errenterian
Correscales-Korrika Prekarioa babesteko lantaldeak sortu dituzte Errenteria-Oreretan eta Pasaian. Martxari begirako eginbeharrak hartu dituzte beregain talde horiek, baina sortutako mugimendu horrek jarraipena izan behar duela uste dute bertako partaideek.
Pasaiako taldean —Altza eta Bidebieta inguruko bizilagunak ere daude bertan— dabil lanean Iñigo Rubert antxotarra. Hasieratik, egitura horizontala izan du taldeak haren arabera, eta bertako partaideen pluraltasuna nabarmendu du, «zuzeneko harremana izan genuen Katalunian gaia mugitzen hasi zirenekin, eta Antxoko lagun batzuk gaiari eutsi genion. Aspalditik ikusi gabeko pluraltasuna dago taldean, adin, jatorri politiko, edo eremu sozial aldetik».
Hilaren 19an pasatuko da Correscales Oarsoaldetik. Baina edukiz bete nahi dute iniziatiba, ez dute mugatu nahi egun horretan bakarrik egingo direnak antolatzera. Hala, hilaren 16an Antxon eta 18an Trintxerpen gaiarekin lotutako hitzaldiak egingo dituzte —bertan aurretik auto karabana egingo dute—. «Egunean bertan zaila izango da martxara jendea erakartzea, asteguna delako eta goizez pasatzen delako. Deia egiten diegu herritarrei martxarekin bat egin dezaten», adierazi du Rubertek.
Aldi berean, Errenteria-Oreretan Correscalesi lotutako ekitaldiak izango direla jakinarazi du. Hala, hilaren 19an, bizikleta martxa egiteko asmoa dute Correscalesekin batera.
Jarraipena
Elkarlanean ari dira antolatzen martxaren gainekoak Pasaian eta Errenterian. Hori mantendu nahi dute, Rubertek esan duenez: «Harreman pertsonaletatik eta beste borroketako harremanetatik sortutako mugimendua da. Jarraipena izan behar du».
Bidasoan ere jasoko du babesa Correscales Korrika Prekarioak.