Gazteak ez datoz bat itxiera ekiditeko udalak ezarri dizkien baldintzekin, eta lokala itxiko dietela jakinarazi dute; gazte asanbladak lanean jarraituko duela iragarri du, "espazio libre eta autogestionatu" baten alde.
Gaztetxearen XXX. urteurren festan, talde argazkia
Pasai Antxoko gazte asanbladak udalak gaztetxea itxiko duela iragarri du. Udalarena da gaztetxearen egoitza, eta bizilagunen kexak tarteko, hainbat erabilera arau ezarri dizkie gazte asanbladako kideei.
Gazteak, baina, ez daude ezarri dizkieten baldintzak onartzeko prest: “Duela hiru hilabetetik ekiditen saiatu garen unea iritsi da”, esan dute gazteek “Pasai Antxoko gaztetxea ixteko unea”.
Udalak lokala intsonorizatzea exijitu die gazteei, eta horrez gain asanbladaren jarduera legeztatzeko eta elkarte bezala jardutera behartu.
Aurreko baldintzak gauzatu bitartean, azken 30 urteetan gazte asanbladak erabili duen lokalean ezin musikarik jarri, ezta proiekziorik egin. Ordutegia ere mugatu diete, irekitzeko aukera 10:00etatik 22:00etara mugatuz.
” Azken baldintzak bete ditugun aren, ez da nahikoa izan eta gaztetxea itxiko digute”, salatu dute gazteek. Udalak alternatibarik ez diela eskaini jakinarazi dute, eta, lokalarik gabe ere, lanean jarraituko dutela esan dute. “Ez gara isilik geratuko”, adierazi dute, eta espazio “libre eta autogestionatu” baten alde lanean jarraituko dutela iragarri dute.
Astebururako bi zita jarri dituzte: larunbatean, 11:00etan, gaztetxean bilduko dira garbiketa egin eta gerora baliatu daitezkeen gauzak jasotzeko, eta igandean batzarra egingo dute, 19:00etan.