Pasaiako segada ez artxibatzeko eskatu dute bertan hil zituztenen senideek eta abokatuek
Pasaiako segada hildakoen senideek kasua ez artxibatzea eskatu dute
Pasaiako segadan hildakoen senideek eta herri akusazioko ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Pasai Donibaneko Victor Hugo Etxean, segadaren gaia artxibatu dutelako protesta egiteko, “lau familiaren hainbat belaunalditako kideak bildu gara hemen, behin-behineko artxiboa salatzeko”.
Pasaiako segada 1984ko martxoaren 22an izan zen, goizaldean. Espainiako Poliziak operazioa egin zuen Komando Autonomo Antikapitalistetako talde baten kontra. Horren ondorioz, Rafael Delas, Pedro Mari Isart, Dioni Aizpuru eta Jose Mari Izura hil egin zituzten poliziek.
Agerraldian hitz egin dutenek esan dutenez, “inoiz ere ez da interesik egon gaia argitzeko”, eta horren ondorioz, bertan hildakoen familiek 32 urtean “amorrua, sufrimendua eta inpotentzia” sentitu dituzte, “ez dugu inolaz ere gaia artxibatzerik nahi. Ez dugu gure senideen hilketak erantzulerik gabe gelditzea nahi, ez diegu gure seme-alabei kontatzen jarraitu nahi guretzat ez direla existitzen egia jakiteko eskubidea, justizia, eta errekonozimendua”.
Senideek esan dutenez, mingarria zaie entzutea hainbat gunetan bakeaz eta elkarbizitzaz hitz egiten ari direla, “gu zeharo ahaztuta gaituztenean”, horregatik kasuak zabalik behar duela argudiatu dute, “benetan iker dadin”.
Kasua Europara
Kasua behin betiko artxibatzen badute, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera edota Europako Giza Eskubideen Epaitegira jotzea ez dutela baztertzen jakinarazi du akusazio artikularreko abokatu Santi Gonzalezek.
Horrez gain, eta ikerketarekin aurrera jarraitu ahal izateko, eskaera zehatz bat luzatu die garaiko EAJko buruzagiei, Jose Bonok bere memorietan idatzitakoen harira: “Danborenea buru zela, PSOEko eta EAJko kideen arteko bileran izan zirenei dakitena kontatzeko eskatzen diegu”. Bonok kontatu duenez, Pasaiako segada Casas senatariaren hilketaren mendeku gisa antolatu zuten. PSOEko buruzagiek jakinaren gainean zeudela eta jeltzaleei ohartarazi zietela kontatu du Bonok memorietan. Berari Joaquin Leginak kontatu ziola idatzi du Bonok.
“Estatu krimena”
Akusazio popularreko abokatu Migel Castellesek Pasaiako sarraskia Franco hil ondoren izan den eskatu krimenik latzena izan dela defendatu zuen, eta zentzu horretan oztopo nagusia bat badela aitortu zuen, “poliziak ez duelako bere burua ikertzen, ez eta bere burua atxilotzen ere”.
Baina zailtasunak zailtasuna, erailketen egileei zuzenduta irmo adierazi zuen: “Jakin dezatela egia, justizia eta erreparazioa lortu arte ez dugula etsiko”.
Pasaiako Sarraskia Argitu
Pasaiako Sarraskia Argitu herri iniziatibak 32. urteurrenaren testuinguruan egitarauan egitarau zabala antolatu du. Ekitaldi gehienak Azpeitian eta Iruñean izango dira, baina Pasaian ere izango da ekitaldirik. Martxoaren 12an izango da, larunbatarekin. Mendi martxa antolatu dute egun horretarako Txantreakoek, Hondarribitik Pasaiara. Jaizkibel barrena etorriko dira, eta 16:30ean ekitaldia izango da Pasaiako badian.
Egitaraua
Azpeitian
Bihar (martxoak 1): Azpeitiko udalbatzan mozioa auzia artxibatzearen aurka eta gertaeren egia osoa jakiteko udalaren babesa eskatuz.Bestalde martxoaren 4an (ostirala) egingo den kontzentrazioa babesteko eskatuko zaie udaleko alderdiei.
Ostirala (martxoak 4). Kontzentrazioa Azpeitiko herriko plazan auzia ez artxibatu eta Pasaiako segada argitzeko eskatuz.
Martxoak 15. Datorren urterako egingo duten dokumentala aurkeztuko dute lanaren egileek eta lau hildakoen senideek.
Martxoak 8tik 29ra. Erakusketa Azpitiko Sanagustin kulturgunean.
Martxoak 19: 19:00etan 32. urteurreneko ekitaldia, herriko plazan.
Martxoak 22. Lore eskaintza monolitoan.
Txantrea
Martxoaren 3ra arte. Erakusketa Txantreako (Iruñea) liburutegian.
Martxoak 12. Mendi martxa Hondarribitik Pasaiara.Txantreatik autobusa egongo da.
Pasaia
Martxoak 12. 16:30ean ekitaldia Pasaiako badian.