Habian fabrika kreaktiboa eta Habian Teknologia kreaktiboa hartuko ditu Torrekuak. Fabrikak ehungintza eta bitxigintza tailerrak izango ditu bertan.
Julen Mendoza alkatea eta Ainhoa Aizpuru diputatua
Habian Ekintzailetasun Kolaboratiboaren poloak hasi du bidea. Torrekuan kokatua gaur goizean inauguratu dute ofizialki Euskal autonomi Erkidegoko (EAE) elkarlaneko artisau eta sormen lanbideetan eta teknologia berrien esparruko elkarlaneko lehen hazitegia izango dena. Julen Mendoza Errenteriako alkateak egin du aurkezpena. Plan estrategikoaren barruan, Torrekua, ildo estrategikoetako bat dela esan du alkateak, eta kreatibitatearekin zerikusi handia duela gaineratu du. Errenteria-Oreretak zuen historia aldatzea ekarriko duela apustu berriak gaineratu du, “galdu zuen industria, eta orain beste ekintza eta sektoreen aldeko apustua egingo du”. Errenteria-Oreretan kokatua egoteagatik Oarsoaldeko proiektua dela Torrekua ere esan du Mendozak eta eraikin ezaguna aukeratzearen gaineko azalpena ere egin du: “Torrekua garrantzitsua da gure herriaren historian, gure herrirako sarrera zen garai batean, atea”. Horrekin batera Errenteriaren alde zaharra biziberritzearekin bat egiten duela esan du, “eta hori ildo estrategikoa da ere”.
Ehungintza eta bitxigintza
Torrekua inauguratzeko kanpoaldean lotuta zeuden puxikak moztuta, gida lanak egin ditu Mendozak eraikin barruan. Habian fabrika kreaktiboa eta Habian Teknologia kreaktiboa hartuko ditu Torrekuak. Fabrikak ehungintza eta bitxigintza tailerrak izango ditu bertan.Ehungintzakoa beheko solairuan kokatuta dago eta lau lagunetzako lekua du. Bitxigintza lehenengo solairuan kokatu dute eta sei lagun ariko dira bertan. Coworking sortzailean berriz 11 postu izango dira eta bigarren solairuan kokatuko dira teknologiako profesionalekin batera.
Ehungintza zein bitxigintza lantegiak beharrezko guztiarekin atonduta daude prozesua hasieratik amaireraino egiteko. hala azaldu du Juanjo Ucar, Artiolako ordezkariak: “Ehungintza lantegian diseinua, patronajea, mozketa lana, joskintza eta erakusketa egiteko aukera izango dute ekintzaileek”. Modu berean dago atonduta bitxigintzari begirako lantegia.
Bigarren solairuan teknologia berriei begirako lantegia kokatu dute. Soft espazioa da zehazki, software garapenean oinarritutako proiketuen sorrerara bideratutako espazioa. Forvo eta Diversiuseko sortzaile Felix Velak eman du espazioaren berri. “Talento berriak erakarri nahi ditugu espazio honetara, sortzaileak, ideiak dituzten pertsonak, lagundu eta errazago eta azkarrago hazten laguntzeko. Pertsonekin eta pertsonentzat lanean ari gara. Solairu hau energia eta sormenaz gainezka nahi dugu izan”. Hirugarren solairuan teknologia berrien gainean aritu da Jon Bengoetxea ekintzailea ere. Hard espazioa da bertakoa bertan 3D inprimaketarekin lotuta dauden Hard proiektuak landuko dituzte. Tumakerreko sortzailea da, eta berak garrantzia eman dio aurretik eta ondoren gertatzen denari, “ideia da garrantzitsua eta ondoren emaitza, tartean gertatzen denak ez du hainbesteko garrantzirik, hau bitartekoa da”.
Errenteriako alkatearekin batera hamaika lagun izan dira Torrekuaren inaugurazio ekitaldian. Oarsoaldeko lau udaletako ordezkari politikoak, Oarsoaldea Garapen Agentziako ordezkariak, ekintzaile ugari eta baita Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Foru Diputatu Ainhoa Aizpuru.
Ehungintza tailerra
Martxan jarrita izena emateko epea zabaldu dutela esan du Bea Brosa Oarsoaldea Garapen Agentziako kideak. Artisautza bi tailerretan apirilaren 24a arte izango dute interesdunek izena emateko aukera. Internet bidez egin daiteke
izen ematea eta baita bisita gidatua eskatu espazioa ezagutze aldera. Epea amaituta aukeraketa prozesua hasiko dute hamar ekintzaileak hautatzeko. Teknologia Kreaktiboaren kasuan ekintzaile bila joango dira ikastetxe eta unibertsitatera, “epe itxirik ez dago beraz, baina interesdunek aurkez dezakete eskaera ere”.
“Zalantzarik gabe gure herriaren etorkizuna aldatzen ari da”
Egun handia. hala definitu du gaurkoa Julen Mendoza alkateak, “Torrekua inauguratzeak gure herriak kreatibitatean hartu behar duen bidea marrazten duelako”. gaur Torrekua dela eta bihar Lekuona izan daitekeela gaineratu du -azken horretan eraikitzen ari da dantzagunea udala- . Errenteria “transizio egoeran” dagoela gaineratu du, “eta gaurko ekitaldiaren bidez transizio hori benetan gertatzen ari dela ikusi dugu”.
Torrekua, plan estrategikoan ezinbesteko urratsa dela esan du, bestalde, “Lekuona den bezala”, eta proiektua abiatuta noraino heltzen den ikusi behar dela gaineratu du, “itxaropentsu gaude, zalantzarik gabe gure herriaren etorkizuna aldatzen ari delako eta honek herriari onurak ekarriko dizkiogula sinistuta gaude”.