2002an aldundiak errauste plantaren aldeko hautua egin zuen. Hamalau urte eta gero mahaiaren gainean dago eztabaida berriro. Alternatibak badaudela erakutsi dutela diote ekologistek.
Donostiako udalean liskarrak
Isilean egon ondoren, azken hauteskundeetan izandako aldaketek errauste planta berriz ere mahaiaren gainean jarri dute. Gipuzkoako hondakinak Zubietan egin nahi duten errauste plantak jasoko lituzke. Bide luzea egin du errauste plantaren proiektuak 2002an Gipuzkoako Foru Aldundiak Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala (PIGRUG) onartu eta errausketa hondakinak tratatzeko bide egokiena zela erabaki zuenetik.
Zubietara heldu aurretik, Urnieta, Aritzeta eta Landarbaso izan ziren planta eraikitzeko aukeratuak. Guztietan, berriz, atzera egin zuten saiakerek, gizarte eragileen mugimenduak emandako erantzun tinkoagatik. Bidasoan ere nahi zuten Txingudirako errauste planta eraiki. Irun, Hondarribia eta Hendaiako bizilagunek sortutako hondakinak erreko zituzten bertan. Hondarribian —Gaintxurizketan— kokatu nahi zuten egiturak, ordea, kontrako erantzun irmoa jaso zuen herritar eta eragileen aldetik. Txingudi Bizirik plataformarekin batera 500dik gora sendagileek sinatutako kontrako agiriak eragina izan zuen erabakian.
Kepa Olaiz oiartzuarrak eta Ekologistak Martxan taldeko kideak 25 urte daramatza arlo horretan lanean. Zuzenean bizi izan du errauste plantaren ibilbide korapilatsua. 2002an errauste planta Urnietan jartzea erabaki zutela ekarri du gogora, eta garai berean erabaki zutela Txingudin ezartzea beste bat, «izugarrizko presioa sortu zen, eta mobilizazioak hasi ziren. Txingudikoak izugarriak izan ziren, eta azkenean hori bertan behera utzi eta Urnietako kokapena aldatu egin zuten».
Herri mugimendua
Hainbat herritan, errauste plantaren aldeko politikak bultzatuta ere, hori euren udalerrietan kokatzea proposatu duten guztietan hainbat alderdik kontrako jarrera azaldu dutela nabarmendu du Olaizek: «Odon Elorza eta Denis Itxaso hasieran errauste plantaren kontra azaldu ziren. Urnietan EAJk egin zuen atzera. Errenteriako Udala ere Landarbason jartzearen kontra azaldu zen plenoan PSE-EE zegoelarik alkatetzan, eta egungo Lasarte-Oriako alkateak, PSE-EEkoa ere, Zubietan jartzearen kontra egin du». Patata beroa dela zalantzarik ez da, beraz, eta errauste plantaren aldekoak ere beraien inguruan ez dutela nahi argi gelditu da 14 urte hauetan.
Olaizen iritziz, Gipuzkoan errauste plantarik ez izatearen arrazoia da herri mugimenduaren erantzuna: «Alternatibak bazirela esan genuen hasiera hartan, eta utopian bizi ginela leporatzen ziguten plantaren aldekoek, ezin zela gehiago edo hobeto birziklatu zioten».
Herri eragileek eta errauste plantaren kontrako mugimenduak esandakoa egia dela frogatu dela dio Olaizek, «Gipuzkoako 28 herritan erakutsi dugu bilketa egokitu dezakegula, eta 2002 urteko %25eko birziklatze tasa, 14 urte beranduago, %48ra iritsi da. Aste honetako datuak dira azken horiek. Kopuru horietara heltzea sistema aldaketak ekarri du, hobetu dugulako, atez atekoa jarri dugulako. Ez genuen nahi errauste plantarik, eta erakutsi dugu praktikan alternatiba badagoela, %80ko birziklatze tasara heltzeraino. 28 herri horiek %20a baino ez dute bidaltzen zabortegira, gainontzekoek, berriz, %70a».
Oarsoaldean, atzeraka
Kopuru horietan errauste plantak ez duela zentzurik argi du oiartzuarrak, eta atez atekoa Gipuzkoa osora zabalduta, errekurtsoak hondatu gabe, berrerabilita, diru sarrerak lortuta eta kutsadurarik gabe gainera, helburua lortuko litzatekeela dio, «hori ez zaie errauste plantaren aldekoei interesatzen, gaika bilduta errausketak ez duelako zentzurik ezta izateko arrazoirik, eta Gipuzkoan sortutako kontzientzia eta hartutako neurriak hautsi nahi dituzte».
Listorretan elkarretaratzea
Hondakinen bilketan Oarsoaldean azken hauteskundeek ekarritako aldaketaz ere mintzatu da mugimendu ekologistako kidea. Oiartzunek atez atekoarekin jarraituko du, baina Pasaian PSE-EEk alkatetza hartuta edukiontzi sistemara itzuli dira berriro: 2015eko urrian Trintxerpe eta San Pedron, eta azaroan Donibane eta Antxon. San Marko Mankomunitateak emandako datuen arabera, hilabete gutxian bikoiztu eginda jasotako errefus kopurua: 2015eko ekainean 88 tona bildu zituzten eta 2015eko abenduan, berriz, 171 tona. «Izugarrizko politika nazkagarria egin dute», esan du Olaizek, haserre: «Jendea beldurtu dute, jendeari esan diote atez atekoa garestia dela, gezur handia eraiki dute eta jende batek sinistu egin du. Urrats horiek helburu jakin batekin egin dituzte. Ez da izan sistemak hobetzeko edo bilketa egokia egiteko. Atzean Zubietako proiektua dago, errauste planta, eta hondakinik gabe ez du balio, jatekorik gabe ez du zentzurik. Errauste plantaren monstruoari aurre egin behar zaio, erregaia kendu, hori baita geldiarazteko modu bakarra».
Organikoa bereizi behar
Lezon akordiora heldu dira alkatetzan dagoen EAJ eta EH Bildu. Akordio horren arabera hondakinen bilketa mistoa egingo dute udalerrian, 2017an hasita. Atez atekoa sistemarik egokiena dela uste arren, Lezoko akordioa balekoa da Olaizentzat, «bilketa selektibo ona egiten jarraituko dutelako bertan, hori da gakoa». Organikoa bereizita jasotzea oinarrizkoa dela zehaztu du, hondakinen %40a suposatzen duelako: «Zabortegietako arazoak organikoen usteltze prozesuek sortutakoak dira gehienbat: kiratsa, likido lixibiatuak… Bereizten dugun neurrian desagertuko dira arazo horiek».
Oiartzuarrak adierazi duenez, orain arte Gipuzkoan bestelako hondakinak bereizi dira, baina organikoarekin agintariek ez dute halako neurririk hartu: «Autoa aparkatzeko ordenantza badago, ezin dugu nahi bezala egin. Zergatik zaborrrarekin ez da eguneratzen ordenantza hori, eta organikoa bereizita biltzeko erabakia unibertsal bihurtu?».
Itxaropenerako arrazoiak badirela uste du, halere Olaizek, «pausuak eman direlako bilketan eta zabor gutxiago sortzen dugulako». Horretarako bidea zein den argi du, «kontzientzia hartzea, gizartea mugiaraztea eta sortzen ari diren taldeak indartzea. Hemen eztabaida ez da bilketa nola egin, atzean ezkutatu duten proiektua dago. Atez atekoari gerra egin diote, eta beraiek errauste planta dute esku artean, baina errauste planta jendeak nahi al du? Horren gaineko galdeketarik ez dute egin».
Jose Cruz Ruiz de Villandiegoa: «Errauste planta jartzea burugabea eta inmorala da»
Osasuna eta Errausketaren Ikerketarako Taldeak (OEIT) errauste plantak guztiz kaltegarriak direla ondorioztatu du. Azterketen emaitzak gizarteratzen ari da.
Jose Cruz Ruiz de Villadiengoa
Osasun eta Errausketaren Ikerketarako Taldean hainbat mediku bildu zarete, eta errauste plantek osasunean duten eraginari buruz hainbat txosten aztertu dituzue. Zein ondorio atera duzue?
Osasunean eragiten dutela, eta guztiz kaltegarriak direla gainera. Osasuna eta Errausketaren Ikerketarako Taldeak (OEIT) ez du errauste plantaren aurrean alternatibarik planteatzen. Egin duena izan da medikuntza ikuspegitik errauste planten eraginaren gaineko ikerketa sakon eta zehatza, aldeko zein kontrako argudioak bilduz, horiek aztertu eta ondorioak jakinarazi. Arriskutsua da, ez dugu nahi errauste plantarik herrigune batetik hurbil, hori da gure mezua. Mediku gisa ez dela komenigarria diogu. Horretan ari gara. Zalantzarik gabe oso arriskutsua da eta ausarkeria.
Zuek mezu horrekin agerraldia egin eta egun gutxira Osakidetzaren ikerketa batek errausketak osasunean ez duela arriskurik esan du. Zein balorazio egiten duzu?
Osakidetzak atera duen txostena 2004koa da. Lotsagarria da. Une hartan ari ginen esaten jada zein arriskutsua zen errauste planta bat jartzea, Txingudin jarri nahi zutenean. 500 medikutik gora sinatu genuen agiria garai hartan. Duela 12 urteko ikerketa batekin datoz orain. Argitasun falta handia erakusten du 2004an osasun zuzendaritzak atera zuen azterketa orain ateratzea berriz ere.
Zein lan egin duzue, eta zertan ari zarete orain OEITn?
Errausketaren gainean idatzitako txostenak aztertu ditugu. Ikerketa sakonak eta guztiz fidagarriak dira. Medikuntzako webguneetan argitaratutako artikuluak aztertzen hasi ginen, garrantzia handia eman diogu hasieratik ebidentzia zientifikoari, aldekoa edo kontrakoa izan. Argi eta garbi hitz egiten da errauste planten arriskuaz, eta hurbilean bizi diren herritarrengan sor ditzakeen gaixotasunez. Errauste plantek eragindako gaitzak 10 urtera edo 20ra azaltzen hasi dira. 1990eko hamarkadako errauste planta batzuek hamar urtera eragindako gaixotasunak biltzen zituzten txostenak azaldu dira aztertutakoen artean, eta minbizi kasuak areagotu direla jasota dago horietan.
Errauste plantari filtro gehiago jartzea dute, baina gakoa honakoa da, toxikoak isurtzen ditu edo ez? Esaten dute baietz, baina legearen barruan. Legea industriei begirakoa da, medikuen ikuspuntutik ez dago toxizidade muga bat. Haur baten gorputza eta heldu batena ez dira berdinak. Hitz egiten ari gara arrisku potentzialaz gizartean orokorrean. Errauste planten arriskua ez da egun bakarrean isurtzen dutena, etengabean isurtzen ari direna baizik: gizakien gorputzean metatzen da hori. Askotariko toxikoak isurtzen ditu errauste planta batek, eta horietatik asko eta asko metagarriak dira, ez ditugu metabolizatzen eta batzuei gaitza eragingo die eta besteei ez. Patologia horiek denbora luzera azaltzen dira, amiantoa eta tabakoarekin gertatzen den bezala. Hamar, hogei edo hogeita hamar urtera azaltzen dira ondorioak. Errauste planta jartzea, burugabea, bidegabea eta inmorala da. Gehiago hurbil bizi den jendearekiko, baina orokorrean biztanleria guztiarentzat.
Kutsadura, dioxinak… Zer isurtzen du errauste plantak zehatz mehatz?
Konbustio labea da errauste planta. Material berriak eta zaharrak batzen dira, laborategi kimikoa da, eta partikula berriak sortzen ditu konbustioak, lurrun partikulak sortzen ditu. Ezagunak diren elementu toxikoen zerrenda izugarria da. Beste sustantzia batzuk ez dira ezagutzen ere, eta ezin dira, beraz, neurtu ere egin. Gasak, airearen kutsadura, lurraren kutsadura, metal astunak, mikropartikulak… Azken horiena izugarria da, filtroak pasatzen dituztelako, baita gureak ere, eta odolera iristen dira bertan gelditzeko. Horiek mutazio genetikoak sortzen dituzte, ondorioak ditu baita giro hori arnastu ez dutenengan ere. Kutsadurak hil egiten du, eta hamaika gaitz sortu. Airearen kalitatearen eragina ezaguna dugu: Europan, kutsadurak eragindako 350.000 heriotza goiztiar daude urteko. Haurrengan minbizia kasuen ugaritzea toxikoengatik ezaguna dugu ere. Errauste planta toxikoen laborategia da.
Zein gaiz lotzen dira errauste plantarekin?
Minbiziaz hitz egiten da, baina horrekin batera bestelako patologiak ere sortzen ditu: buruko minak, fatiga, biriketako arazoak… Besançonen (Frantzian) arazoak izan ziren errauste plantan, eta istripuarekin zuzenean lotutako eta linfomak eragindako heriotzak izan ziren. Bonbak dira errauste plantak. Haurrak, pertsona helduak, gaixoak izango lirateke kaltetuenak. Japonian egindako ikerketa batek dio errauste planta batetik 4 kilometrora bizi ziren ikasleen kasuan, zorabio, buruko min, tripako min, eta fatiga kasuak ugaritu egin direla.