Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK) Txingudi eta Urola Kostako mankomunitateetako hondakinak San Markoko transferentzia gunean jasotzeko egin duen eskaera babestu dute EAJ eta PSE-EEko batzarkideek.
Rodriguez eta Lemos gaurko agerraldian
Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK) Txingudi eta Urola Kostako mankomunitateetako hondakinak San Markoko transferentzia gunean jasotzeko egin zuen eskaera babestu zuten EAJ eta PSE-EEko batzarkideek joan den ostiralean. Erabaki hori gogor salatu du Errenteriako Udaleko gobernu taldeak gaur goizean egin duen agerraldian. Bernar Lemos (EH Bildu) eta Mikel Rodriguez (Errenteria Irabaziz) zinegotziek jakinarazi dute erabakia, eta apirilean Errenteriako Udalak GHKri eta San Marko Mankomunitateari transferentzia gune hori lekuz aldatu eta San Marko zabortegia behin betiko ixteko eskatzeko mozioa aurkeztuko duela esan dute. Eskaera hori bera joan den urtean egin zuen udalak, gogorarazi dutenez, “erabaki honekin ezezkoa eman diote udalaren zein Errenteriako bizilagunen eskariari”.
Erabakiarekin “kezkatuta” azaldu dira Lemos eta Rodriguez, “hasiera batean hiru hilabeterako izango dela esan badute ere, ez dugu uste horrela izango denik. Erabakiarekin Beraun eta San Marko zabortegi artean edukiera handiko ibilgailuen 1.000 bidaia gehiago jasan beharko dituzte herritarrek eta bereziki Beraungo bizilagunek. Errenteriako biztanleek eta bereziki Beraungo auzotarrek, San Marko zabortegiaren behin betiko itxiera ikusi beharrean, jarraitu beharko dute Gipuzkoako makina bat lekutatik datozen kamioien joan etorriak jasaten”. Zabortegiaren behin betiko itxierarako ezinbesteko baldintza da transferentzia gunea beste leku batera eramatea.
30 urte zabortegiarekin
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioa kudeatzen duten EAJk eta PSE-EEk “elkartasuna” eskatu diotela Errenteriari gaineratu du Lemosek, “milaka tona hondakin gordin hartzeko elkartasuna zabortegia zigilatuta badago ere, eta kontuan izan gabe 30 urte luzeetan elkartasuna erakutsi duela gure herriak San Markoko gainerako biztanleekiko”.
Errefusa ugari sortzen duten udalerriek hondakin kopurua murrizteko saiakera egingo balute elkartasun eskaera hori ulergarria litzatekeela gaineratu du Rodriguezek, “gaikako bilketako tasak gutxienez %60 edo %70era igotzeko neurriak hartuko balituzkete. Hori lortzen ez den bitartean, ordea, GHKren eskaera onartzeak egungo kudeaketa tamalgarri eta kaltegarria iraunkortzea ekarriko luke, ez genuke birziklatzearen alde egingo eta hiri hondakin solidoak Zubietako balizko erraustegi toxikoan erraustuko lirateke”.
Lau Haizetakoa, espazio natural babestua dela ekarri dute gogora, gainera, bi udal ordezkariek, eta milaka bisitari izaten dituela, “zabortegia itxi eta zigilatzea parkearen sarreretako bati balioa emateko aukera paregabea da udalaren iritziz”.