Gaztetxearen XXX. urteurren festan, talde argazkia
Pasai Antxoko Gazte Asanbladak (PAGA) jakinarazi duenez Pasaiako Udalak gaztetxea ixteko dekretua sinatu du eta egun gutxiren bueltan lokala ezingo da erabili. “Saiatu gara modu batean edo bestera une hau irits zedin ekiditen”, esan dute, baina gazteek itxiera ezin izan dute saihestu.
Gazte asanbladak onartzen du gaztetxeak ez dituela baldintza egokiak biltzen, eta lokalaren egoera kaxkarra ez ezik, inguruan bizi direnentzako eragozpenak aitortzen dituzte. Hala ere, Antxok gaztetxe bat behar duela argi dute, eta, udalak, zentzu horretan, “bide errazena” hartu duela iritzi diote: “Dekretua sinatuko zutela aspaldi zekiten eta hala ere, ez dira alternatibak eskaintzen ahalegindu”.
Hiru hamarkada
“Gazteontzako alternatibak eraikitzeko tokia izan da 30 urtez Antxoko gaztetxea” esan du gazte asanbladak, “tabernetatik eta kontsumotik harago bestelako aisialdi” eredu bat bultzatzeko tokia.
Antxok “gazteentzako aukera oso mugatuak” eskaintzen dituela iritzi diote gazteek, eta gaztetxerik gabe, aukera horiek are urriagoak izango direla sinetsita daude.
Horregatik, orain arte bezala, eta norabide berean, urratsak egiten jarraitzeko asmoa agertu dute: “Bidea ez da hemen amaitu. Antxok herriarentzako espazio duin bat izan dezan borrokan jarraituko dugu”.