Zaintza oinarrizkoa izanagatik, lan horretan ari diren pertsonei ez zaiela aitortzarik egiten salatu du SOS Arrazakeriako Etxeko Langile Etorkinen taldeak.
Argazkia, Berria
Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da gaur, eta horren harira, elkarretaratzea deitu du SOS Arrazakeriak gaur 18:30ean Xabier Olaskoaga plazan (Niessen merkatalgunea). Etxeko langileentzat eskubide guztiak aldarrikatzea du helburu, “eta etxeko lanetan ari diren etorkinek jasaten duten diskriminazioa, esplotazioa, sexu jazarpena, matxismoa eta arrazakeria” salatzea.
Zaintza oinarrizkoa izanagatik, lan horretan ari diren pertsonei ez zaiela aitortzarik egiten salatu du SOS Arrazakeriako Etxeko Langile Etorkinen taldeak, “ez zaigu ere lan eskubide justurik onartzen. Zaharra da aldarrikapena, baina oraindik ere ez da errealitate bilakatu”. Gipuzkoako Etxeko Langileen Erregimenean afiliatutako %40a etorkinak dira SOS Arrazakeriak emandako datuen arabera, “3.558 lagun guztira. Barneko erregimenean daudenen artean, berriz, %80a dira Europar Batasunetik kanpoko etorkinak dira. Azken horiek daude egoera ahulenean, esplotazio gehien sufritzen dute, diskriminazioa eta sexu jazarpena ere”.
Gaurko elkarretaratzearekin egoera horiek guztiak saltu nahi dituela gaineratu du SOS Arrazakeriako Etxeko Langile Etorkinen taldeak, “eta egungo lan legediak aitortzen dituen eskubideak errespetatzeko aldarrikatu. Besteak beste langabezia-prestazioa ez dugu onartua, gaixotasun baja hartu behar dugunean bederatzigarren egunetik aurrera hasten gara kobratzen, hilean 60 ordutik behera lan egiten duten etxeko langileen kasuan ez da derrigorrezkoa Gizarte Segurantzan alta ematea…”