Badirudi Ubillosen dimisioaren atzean EH Bilduk eta EAJk joan den otsailean hondakinen gainean lortutako akordioa dagoela.
Xubero Ubillos EAJko beste zinegotziekin, eskuinetik lehena.
Lezoko EAJko zinegotzi Xubero Ubillosek dimisioa eman du gaur. Ubillos hilabeteko epean dimisioa ematen duen Lezoko EAJko bigarren zinegotzia da, Kepa Garbizu alkate ohiaren ondoren. Badirudi Ubillosen dimisioaren atzean EH Bilduk eta EAJk joan den otsailean hondakinen gainean lortutako akordioa dagoela, Garbizurekin batera, EAJko gainontzeko zinegotziek ere babestu zuten hondakinen bilketa mistoa eta Gipuzko Buru Batzarrak ez zuen begi onez ikusi.
Jesus Maria Martiaren Lezoko alkatearekin hitz egin du HITZAk. Ubillosen dimisioaren arrazoiak zeintzuk izan diren ez dakiela esan du, “badakit erregistroan izan dela, eta dimisioa eman duela. Beste ezer ere ez dakit, ez dakit nekeak eraman duen erabakia hartzera edo desadostasunak izan diren arrazoia”. Martiarenak astelehenean hartu zuen alkate eta zinegotzi kargua EAJko eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin. Ubillosen erabakia “kolpea” dela esan du.
EAJko zinegotzi eta Garbizuren dimisioaren ostean jarduneko alkatea izan den Noemi Arberasekin hitz egin du ere HITZAk. “Ez dugu hitz egin Ubillosekin eta ez dakigu beraz zein den dimisioaren arrazoia”, esan du Arberasek. EAJren zerrendan hurrengoa Idoia Elorza da, baina ez duela berak kargua hartuko esan du Arberasek, “alderdiak zinegotzi bat jarriko du, baina zehaztu gabe dago oraindik izena”.
BERRIAk argitaratutako albistearen arabera GBBrekin desadostasunengatik eman du dimisioa Ubillosek.