[Argazki galeria] Kontzientziak astintzeko
Errenterian kokatu dute egitasmoa, eta herritar eta eragileekin argazki bilduma osatu dute.
Errenteriakoa beste herrietan sor daitezkeen esperientzien erreferentea izatea nahi duteErrefuxiatuak lagundu nahi dituzten pertsonen zerrenda Aylan Kurdi 3 urteko haur siriarra Turkiako Ali Hoca Burnu hondartzan itota agertu zenean osatu zuten. “Oso gogorra izan zen gertaera hura; zerbait mugitu zion jende askori eta askori”. Zerrenda horretan azaltzen diren pertsonekin harremanetan jarri ziren North eta Martin, Samira Goddi Errenteriako Udal teknikariaren bidez. Poloniako Jakub Szafranskik argazkilariak hartu ditu irudiak. “Proiektua azaldu genien bilera batean, sentsibilizazioa landu nahi genuela, eta denak prest azaldu ziren parte hartzeko”. Hortik aurrera, hutsuneekin eta arbel zuri batean idatzitako mezuekin jolastu dira Martin, North eta Szafranski: “Argazki guztietan hutsunea utzi dute parte hartzaileek, errefuxiatu bati edo askori dagokiena, haien zain garela eta oraindik ere falta direla irudikatzeko”. Gazte batzarrarekin izandako esperientzia aipatu du Martinek: “Futbol partida bat irudikatu zuten, eta atezaina falta zen; kontzertu bat ere bai, eta abeslaria ez zegoen oholtza gainean. Absentzia horiekin, iritsi behar ziren eta heldu ez diren errefuxiatuei erreferentzia egiten ari zaie”. Beren proiektuan garrantzia eman diote haurrak azaltzeari. “Gauza bat da laguntzeko prest izatea, eta bestea zure haurrak prozesu horren parte egitea. Lortu dugu. Orotarik aisialdi elkarteko haurrek helarazi dute mezua, eta haur errefuxiatuei esan diete gurean badutela lekua. Nahasketa polita eta pluraltasuna lortu ditugu, eta gustura gaude emaitzarekin”. Baina, eragileez gain, norbanakoek ere egin dute bat bi boluntarioen proiektuarekin: Mikel, Ixiar, Ayar, Jon… Denek jarri dute irudia eta mezua. Guztiak pertsona arruntak direla esan dute: “Ziurrenik ez dute denbora sobern, ezta dirua ere, baina prest dira ahal duten neurrian laguntzeko”. Errenteriaz hitz egin dute biek, eta bertako jendeaz: “Herriak kultur aniztasuna du; solidarioa da, eta energia handia du. Beste herri batzuetan agian ez genuen halako erantzunik jasoko; elkartasun tradizio handia du”. Errenteriakoa beste herrietan sor daitezkeen esperientzien erreferente izatea nahi dute orain, baina batez ere herritarrak sentsibilizatzea nahi dute. Komunikabideetara jotzen ari dira horretarako. “Sentsibilizazioa landu nahi dugu, Errenterian bildu den elkartasuna beste herrietara kutsatu, errefuxiatuen inguruan antzeko prozesuak has ditzaten”. Bide batez, prozesuak zerbait egiteko balio izan diela gaineratu dute, bai beraiei, bai laguntzeko prest azaldu diren 60 lagunei ere: “Besoak gurutzatuta zain egon beharrean, kontzientziak astintzen hasteko, sentsibilizazioa lantzen”. Proiektu txikia dela argi dute, baina urratsak egiten jarraitzeko prest dira.