"Elkarlan gutxi egon da euskara eta berdintasun zerbitzuen artean"
Aizpea Otaegi Elhuyar aholkularitzako koordinatzaile nagusia
«Emakumeek presio handiagoa daukate edo sentitzen dute euskara ikasteko» «Emakumeek arauak betetzea espero den neurrian, euskara jakitea ere espero da»Emakumeek euskara ikasteko motibazio gehiago daukate, beraz. Horrek zer adierazten du? Motibazioari genero ikuspegi batetik begiratzen badiogu arrazoiak aurki daitezke. Adibidez, emakumeek presio handiagoa daukate edo sentitzen dute euskara ikasteko. Zergatik? Hasteko, zaintza eta transmisioaren eremuan rol bat egozten dielako gizarteak. Oraindik seme-alaben zaintzan ardura gehien dutenak eta denbora gehien pasatzen dutenak emakumeak dira. Bestetik, harremana dauka ere lan merkatuan betetzen dugun tokiak. Normalean, emakumeak presenteago gaude zerbitzuetan, publikoarekin harreman gehiago duten lanpostuetan, eta hor hizkuntza eskakizuna handiagoa da. Presio horrek eramaten ditu errazago euskara ikasteko prozesuetara. Horren ildotik, erabileran ere ematen dira aldeak, eta horren atzean, bestelako motibazio batzuk egon daitezke: gizon eta emakumeekiko dagoen eskakizun soziala, adibidez. Lorea Agirrek oso ondo adierazten du: emakumeei eskatzen zaie zintzoak izatea, arauak betetzea… eta, oro har, euskararen aldeko joera daukan gizarte batean zer da emakumeengandik espero daitekeena? Arauak betetzea espero bada euskara hitz egitea ere espero da, eta horrek zein pisu daukan emakumeek euskararen aldeko hautua egin dezaten. Gizonak, berriz, hobesten da apurtzaileak izatea, ganberroak, eta identitatea modu horretara eraikitzeko garaian, zein da hizkuntzari dagokionez egiten duten hautua? Beharbada, gaztelaniaz hitz egitea. Beste elementu batzuk ere egon daitezke. Adibidez, nola eraikitzen ditugun emakume eta gizonek harremanak. Gazteen artean Bergaran egindako ikerketa batean ikusten da nola neskek daukaten joera harreman egonkorragoak eraikitzeko, eta harreman zirkuluak itxiagoak dira. Mutilek harreman ugariagoak eta ez hain egonkorrak dauzkate. Harremanen aldakortasun horretan ere errazagoa da hizkuntza aldakorragoa izatea. Beraz, emakumetasuna eta gizontasuna eraikitzeko elementuek harremana daukate ere hizkuntza hautuan. Azterketa hori egin ondoren, zein lan egiteko aukerak ikusi dituzue? Euskara ikasteko eremuan interesgarria izan daiteke ikasketarako erabiltzen diren espazio horretan berdintasunaren ikuspegia txertatzea. Horrez gain, guraso taldeak ere oso egokiak izan daitezke era horretako edukiak sartzeko, esaterako, zaintzari lotutakoak. Beste aldetik, sor daitezke euskara ikasteko aita taldeak, esaterako, eta hor aitatasun edo gizontasun ereduen gainean hitz egin. Ahalduntzearen eremuan ere lan egin daiteke. Ahalduntzea terminoa feminismotik hizkuntzaren eremura ekarri dugu, baina feminismoaren eremuan ditugun ahalduntze eta jabekuntza eskoletan zenbateraino ari gara hizkuntzaren aldagaia lantzen? Esango nuke ez dela lantzen ari. Eta zenbateraino aztertzen ari gara hizkuntzaren eremuan emakume gisa ahalduntzeak hizkuntza jarreretan zein inpaktu daukan? Errenterian plan estrategikoan jasota dago hizkuntza praktika egokien eskola bat sortzea. Hor, adibidez, genero ikuspegia txertatzea, eta ikustea zenbateraino emakume gisa ahaldunduta egoteak eta emakume gisa ahalduntzeko estrategiak txertatzeak eragina daukan hizkuntza praktiketan oso interesgarria litzateke. Azken finean, probatzea da kontua. Ikusten dugu ere, badaudela eremuak bereziki zailak direnak euskararentzako nahiz berdintasunarentzat, kirola edo lan mundua, adibidez. Uste dugu berdintasuna eta euskara eremuak elkarrekin joan daitezkeela eremu horietan. Hizkuntza lidergoaren gainean ere hitz egin da azken urteetan; horien gainean gogoeta egitea interesgarria litzateke. Ikerketa eta txostena noiz egin dituzue? Eskaera 2013an etorri zen, eta 2014 bukaeran entregatu genuen txostena. Ondoren, etorri dira proiektuaren sozializazio saioak. Guk beti esaten dugu proiektua gogoetarako abiapuntu bezala hartu behar dela. Arlo sozialean lanketa bat egiten ari garen moduan, feminismoaren eta euskalgintzaren artean egon daitezkeen sinergiak planteatzen, arlo publikoan ere gauza bera egitea. Euskara eta Berdintasun zerbitzuen eremuan gogoetarik apenas egin dela esango nuke, eta elkarlan gutxi egon da.
«Berdintasunaren ikuspegia euskara ikasteko espazioetan txerta daiteke» «Euskara eta berdintasunarentzat kirola eta lan mundua eremu zailak dira» «Proiektua gogoetarako abiapuntu bezala hartu behar da»2005eko legea onartu zenetik 10 urte pasatu dira. Administrazioa ari al da hori guztia mamitzen? Eusko Jaurlaritzak, adibidez, bere departamendu guztietan berdintasun teknikariak ditu, eta hori bada modu bat politika transbertsalak bermatzeko. Udaletan, adibidez, Errenterian, berdintasun teknikari bat badago, baina ez dago berdintasunaren ikuspegia bermatzen duen pertsona bat departamendu guztietan. Beraz, politika guztietara iristeko bere gaitasuna oso mugatua da. Genero ikuspegidun politikak egiteko garrantzitsua da emakume eta gizonen errealitate berezituak bereiztea. Horretarako, oso garrantzitsua da datu segregatuak jasotzea: datu bat jasotzen dugunean oso garbi edukitzea zein den emakumeei dagokien datua eta zein den gizonei dagokiena. Hori datu bilketetan sartzea kostatu da. Gaur egun, dexente aurreratu da arlo horretan, baina ibilbide bat eskatzen du, eta 10 urte pasatu behar izan dira datu segregatuak jasotzen hasteko. Hurrengo urratsa da datu segregatuen irakurketa berezitua egitea. Oso poliki goaz. Gasteizen egindako lanketa hori Oarso Bidasoko udaletara eraman daiteke? Nahiz eta egoera soziolinguistikoa eta udal bakoitzaren errealitatea ezberdina izan, eta egon daitezkeen aldaera eta matizekin, oro har, landu dugun markoak ematen digu abiapuntu bat ia udalerri guztientzat.
“Feminismoa erdaldun munduarekin lotu izan da”
Elhuyarrek hizkera ez sexistarekiko konpromisoa agertu du Kode Deontologiko bat sinatuta. Nolatan? Kodea sinatzearena Emakundek bultzatu duen zerbait da, zehazki, Begira publizitate eta komunikazio ez sexista erabiltzeko Emakunderen barruan dagoen aholku batzordeak. Elhuyarrek ere sinatu du beste hainbat erakunderekin batera, eta Hekimeneko [Euskal Hedabideen Elkartea] hainbat kidek ere. Bestalde, eta aurrekoaren testuinguruan, Hekimenek ere jarri du programa bat martxan jabetuta euskal hedabideen jardunak, askotan, gainditu egiten dituela kodearen oinarriak, eta esperientzia interesgarriak badaudela, konpartitu eta susta daitezkeenak. Helburua litzateke, beraz, hedabide bakoitzak bere etxean egin dituen esperientziak gainerakoekin partekatzea, eta aurrera begira elkarrekin egin daitezkeen lanak aztertzea: sektorearen diagnosia, ikastaroak, formazioa, jakintza konpartitzea. Hori dena, ordea, nola betearazten da gero? Era publikoan horrelako adierazpen bat egitea erraza da, kontua da, gero, etxe barruan zein lanketa egiten den. Badago bide bat egiteko, eta batik bat eskatzen du lantaldeak gogoeta bat egitea, eta errealitateari begiratzeko modu bat edukitzea, garbi edukiko duena hizkera ez sexistari buruz ari garenean, zehazki, zeri buruz ari garen, eta sexismoa hizkeran non eta nola aplikatzen dugun. Eguneroko ariketa bat eskatzen du. Hasi zarete lanketa hori egiten? Bai. Gurean ere lantalde bat sortu da gaiaren inguruan gogoeta egiteko eta jarraibide eta irizpide batzuk adosteko. Oraindik, ordea, badago zeregina.«Maila ideologikoan euskalgintzako erreferente gizonak datozkigu burura» «Maila sozialean egin den lanketa politika publikoen eremura pasatu behar da»Euskalgintza ari al da lanketarik egiten parekidetasuna bermatzeko? Proiektu honekin lotuta, askotan agertzen den kontua da feminismoa izan dela oso mundu erdalduna edo erdalduntasunarekin lotzen den mundu bat. Azken urteetan ibilbide bat egin da. Baina nik alderantzizko galdera ere egingo nuke: zenbateraino kontuan hartu dira feminismoaren aldarrikapenak euskalgintzan? Euskalgintzan emakume pila bat dago, oso feminizatua dagoen eremu bat da, eta ez bakarrik arlo sozialean: Elhuyar bezalako erakunde batean %75 emakumeak gara. Edo euskaltegietan. Hori hala izanik ere maila ideologikoan euskalgintzan erreferenteak diren pertsonengan pentsatzen badugu guztiei gizonak datozkigu burura. Euskalgintzak ez du aparteko lanketarik egin feminismoaren aldarrikapenen inguruan. Orain lanketa hori egiten ari al da euskalgintza? Ez dakit esaten zehazki non dagoen mugarria. 2012ko Udaltopek Mari Luz Estebanek ponentzia bat egin zuen zer daukan euskalgintzak feminismotik ikasteko, eta hor zabaldu zen gogoeta ildo bat. Gero, pertsona batzuek jarraipen oso ona eman diote, eta Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelek hitzaldi pila eman dituzte azken urteetan, gogoeta horiek mahai gainean jarriz: euskalgintzak eta feminismoak zer duten elkarrengandik ikasteko, zer eman diezaioketen elkarri, zein gogoeta eta estrategia konpartitu ditzaketen… Horrek maila sozialean izan du isla. Guk planteatzen duguna da maila sozialean egin den lanketa politika publikoen eremura ere pasatu behar dela.