Macarena Olonak salatu du gainkostua Gipuzkoako Fiskaltzan, Espainiak Portuko administrazio kontseiluan duen ordezkaria.
Arrandegi berriko lanak San Pedron, Zamatetetik ikusiak
San Pedroko lonjako lanak susmopean daude, ustezko irregulartasunengatik. 7 milioi euroko gainkostua atzeman dute lanetan. Hasierako aurrekontua 15 milioi eurokoa zen, eta zabaldu berri denez, dagoeneko 22 milioi baino gehiago ordaindu dituzte lan horiengatik.
Gainkostuaz gain, aurrekonturik eta kontraturik gabeko lanak egin dituztela zabaldu da, baita baimendu gabeko gastuak ere.
Macarena Olonak salatu du gaia Gipuzkoako Fiskaltzan, Espainiak EAEn duen abokatu nagusi eta, aldi berean, Pasaiako Portuko Administrazio Kontseiluko kide, Espainiaren ordezkari gisa.
Olonak berak, gaia fiskaltzara eramateko proposamena bozkatu zedin proposatu zuen Portuko Administrazio Kontseiluan, baina proposamenak aurrera ez zuenez egin, berak pertsonalki salatu ditu irregulartasunak Gipuzkoako Fiskaltzan.
Gregorio Irigoienen kargugabetzea
«Ardurak argitzeko», bi neurri hartu zituen Portuak otsailean. Batetik, Gregorio Irigoien Portuko zuzendari orokorra kargugabetzea —haren ordez, Cesar Salvador izendatu dute—. Bestetik, diziplina dosierra irekitzea David Candelariori, obraren zuzendari lanetan ari zelako. Bi erabakiak otsailean hartu zituzten arren, atzora arte ez dira publiko egin.
Irigoienen kargugabetzea argitze aldera, PPko Borja Senperrek galdera bat tramitatu du Eusko Legebiltzarrean Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak azal dezan. Kargugabetzea lonjako lanen etetearekin zerikusia duen argitu nahi du Senperrek.
EH Bilduk, bere aldetik, Diputazioak kasu honen aurrean izan duen jarrera salatu du gaur, «delitu zantzuak» egonik, horien berri eman ez dutelako. “Diputazioak argitu beharko du zergatik ezkutatu duen Pasaiako badiako obretan delitu zantzuak antzeman direla”, adierazi du koalizioak.
Bide beretik, Marisol Garmendi diputatuak Portuko Administrazio Kontseiluan -hilaren 5ean egin zen– gaia fiskaltzara eramatearen kontra bozkatu izana gogor gaitzetsi dute: “Zergatik ez zuen nahi diputatuak Fiskaltza jakinaren gainean jartzea?” galdetu du EH Bilduk.
Azken albisteen harira “larritasuna” agertu du EH Bilduk, eta gai honetan Diputazioak agertu duen “pasibotasuna eta iluntasuna oso kezkagarriak” direla nabarmendu du.