Auzolanaren gaineko lanketa egitea eskatu zuten Oarsoaldeko hainbat eragilek diputazioaren partaidetzazko aurrekontuen dinamikaren barruan. Eskaera horri erantzutera dator In-Fusioak prozesua.
Auzolanaren gainean hausnarketa egin eta sorkuntza kolektiboa sustatzeko In-Fusioak prozesua abiatu du Oarsoaldea Garapen Agentziak. Ixiar Garzia partaidetza prozesuetan norbanako eta taldeen gaitasun sortzailearen garapenean aditua eta aritua ari da, Xabier Sanchez Oarsoaldeko teknikariarekin batera, prozesua bideratzen. Etxalarko Jasone Mitxeltorenarekin, berriz, kontraste lana egiten ari da Garzia, «Auzolanaren kultura liburua idatzi zuen. Euskal Herriko hainbat herritan auzolana nola eman den aztertu du, eta auzolana sustatzeko sare bat sortu du beste hainbat eragilerekin batera». Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzazko aurrekontuen dinamikan jaio zen auzolanaren gainean zer edo zer egiteko ideia.
Prozesuaren barruan bi topaketa egingo dituzte, «ahalik eta pluralenak eta parte hartzaileenak». Adineko pertsonak eta gazteak batu nahi dituzte horietan, lehenek auzolanarekin izan dituzten esperientziak konta ditzaten, eta gazteek auzolana nola ulertzen duten eta zein bitarteko dituzten esateko. Horretarako Oarsoaldeko lau udalerrietako hainbat lagunekin harremanetan jarri da Garzia, «orain 30 edo 40 urte auzolan esperientziaren bat izan zuten pertsonekin ari naiz. Pasaia-Lezo Lizeoaren hastapenean, edo Haurtzaro Ikastolaren eta Orereta Ikastolaren sorreran aritu ziren hainbat emakumerekin, Txerrimuño abiatu zutenekin, edo Errenteriako Sagardo Eguna antolatzen hasi zirenekin». Gazteekin ere ari da. Kuadrillategi egitasmoetara hurbildu da, baita gaztetxeetara ere. «Erreparazio gunea izango dira topaketak, inspiraziorako espazio eta sortzen diren kontraesanei aurre egiteko bideak aurkitzeko».
Hilaren 28an egingo dute lehen topaketa Pasai Antxoko Ibaiondo pilotalekuan, eta ekainaren 4an bigarrena Errenteria-Oreretako Merkatuzarren. Lehen topaketan, tertulia giroan, galdera zehatza erantzuten saiatuko dira parte hartzaileak: Zer falta da Oarsoaldean auzolan kultura sustatzeko? Bigarren topaketan, Mitxeltorenak bere esperientziaren berri emango du.
Plataforma iraunkorra
Auzolanaren gaineko prozesuak bi helburu ditu, Garziaren arabera. Batetik Oarsoaldean auzolana sustatuko duen plataforma iraunkorra sortzea, «baliabideak bilatzen saiatzeko gunea izango da plataforma. Elkar ezagutzarako espazioa, saretzeko, eta auzolana berriz ere herrigintzaren oinarrietako bat bihurtzen ahalegintzeko». Bigarren helburua da topaketa horietatik Oarsoalderako proiektu bat definitu eta martxan jartzea. «Sustantzia ezberdinen nahasketatik edabe osasuntsu bat egin dezakegu. Ezberdinen arteko ezagutzatik, esperientziatik, ere berdin egin daitekeela ziur naiz», esan du Garziak. Garai bateko prozesuen eta gaur egun abiatutako antzekoen artean zubirik ez dago bere ustez, «transmisiorik ez da egin, eta ezagupenak hor gelditu dira. Sortuko dugun gunean transferentzia hori egingo da. Goazen elkar entzutera eta elkarrekin ikastera».
Prozesuan parte hartu nahi dutenek hilaren 14a baino lehen eman behar dute izena, 943 34 41 60 edo 608 31 87 94 telefono zenbakietara deituta.