Oarsoaldeko lau udalek merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari dira.
Euskaraz dotoreago kanpainaren aurkezpena, Pasai Antxon
Arrandegietan egin zuten, baita ile-apaindegietan ere, eta aurten arropa dendetan eta mertzerietan jarriko dute indargunea. Oarsoaldeko udalek orain dela 19 urte ekin zioten merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilpena sustatzeko elkarlanari eta lan hori eraginkorragoa izan dadin, azken urtetan, sektore edo gremio bat aukeratu ohi dute.
Aurtengo kanpaina atzo aurkeztu zuten, Pasai Antxoko Zuretzat arropa dendan. Han izan ziren Pasaiako udaleko kultura zinegotzi Miriam Cano, Lezoko alkate Jesus Maria Martiarena, eta Errenteriako zinegotzi Garazi Lopez Etxezarreta. Haien ondoan eskualdeko merkatari eta ostalarien elkarteetako ordezkariak izan ziren, baita Iraia Oiartzabal moda diseinatzailea ere, aurtengo kanpainarako hautatu duten irudia.
Azaldu zutenez 90 establezimendu inguruk parte hartuko dute aurten kanpainan: 20 Pasaian, 18 Oiartzunen, 3 Lezon (dauden guztiak) eta 48 Errenteria-Oreretan. Horrez gain, aurten, herri bakoitzean gune zehatz bat hautatu dutela jakinarazi zuten, horietan bereziki eragin asmoz. Hala Errenteria-Oreretan, Biteri kalean eta Beraun auzoan egingo dute lanketa berezia (168 establezimendu); Lezon, berriz, Zubitxo eta Donibane kaleek osatuko dute ardatza (34 establezimendu), eta Oiartzunen, Mamut merkataritza guneko galerietan (50 establezimendu); Pasaian ez dute halakorik egingo.
Zozketak eta opariak
Kanpainan parte hartu ahal izateko arropa denda eta mertzeriei bezeroei zuzenduriko ohar eta idatziak euskaraz ere izatea eskatzen diete. Horretarako, behar izatekotan, idatzi eta oharrak euskaratzen dizkiete udaletan. Horrez gain, parte hartzaileek
Euskaraz dotoreago leloa duten kartelak urtea bukatu arte bistan izan behar dute.
Aste honetan abiatuko dute kanpaina, astebetez irrati-tarteak emitituz Euskadi irratian, Radio Euskadin, Info7n eta Oiartzun irratian. Irrati-tarteei Iraia Oiartzabalek jarri die ahotsa.
Ekainean zehar, berriz, kanpainan parte hartzen ari diren dendatan kanpainaren lelo eta irudia duten poltsak banatuko dituzte bezeroen artean.
Irailean, bestalde, zozketak iragarri dituzte. 10 euroko hiruna deskontu bale emango ditu establezimendu bakoitzak aurrez zehaztuko diren data jakin batzuetan erosketa euskaraz egiten duten lehengo bezeroen artean.
Argazki lehiaketa
Urte bukaeran kanpaina merkataritza eta ostalaritzaren sektore osora zabalduko dute, eta azaroaren azken astean
Euskararen paparazziak argazki lehiaketa antolatuko dute. Euskara, merkataritza, eta eskualdeko establezimendu bat lotuz eginiko bi argazki onenak sarituko dituzte. Lehiaketarako oinarriak
Oarsoarrak webgunean eta udaletako euskara zerbitzuetan eskura daitezke.