Herriko musika taldeentzako lekukotza bermatu asmoz, Proisaren aldeko mugimenduak Musika Eskola Herritarra martxan jarri berri du San Pedron, arrakasta handiarekin.
60 lagunetik gora eman dute izena Proisak bultzatuta San Pedron bidea hasi berri duen Musika Eskola Herritarran; belaunaldi berriak heztea da xedea
Asteartea, 18:30ak. San Pedroko Udal Aretoan ez da inor gehiagorentzako tokirik. Lepo da Erti. Geletatik ihesi musika tresnen burrunba. Barrualdean, berriz, adin guztietako musika ikasleak; gitarrak, tronpetak, tronboiak, saxofoiak…
Orain dela bost aste ekin zion San Pedroko Musika Eskola Herritarrak bideari. Proisaren aldeko mugimenduak sustatu du egitasmoa, herriko musikariak bildu eta barrutian sumatutako behar batetik abiatuta: «Hemen, herrian, nahiz eta herri txikia izan, beti izan dugu musika mugimendu handia. Tirri-Tarra, Sorginarri Txistulari Taldea, trikitilari taldea, dultzaina taldea…», azaldu du eskolako kide Igor Carballok. Baina musikari sanpedrotarren artean, bazen kezka bat: «Ikusten genuen adinean aurrera gindoazela eta bazegoela belaunaldi aldaketa baten falta, hutsune bat». Hutsune horri erantzun asmoz, herriko musikariak elkartu zituzten eta gazteei irakasteko prest egongo ote ziren galdetu. Erantzuna oso ona izan da. 60 bat ikasle dituzte jada, eta hamalau irakasle. «Harritu egin gara. Jende piloak eman du izena, bai haize instrumentuetan, bai gitarran, trikitian, dultzainan, txistuan… oso kontent gabiltza», aitortu du.
Eta horrela, ez dakitenei erakutsiz eta ez dakitenek ikasiz, abiatu dute esperientzia. Berezia da zentzu askotan San Pedroko musika eskola, bestelakoa, hezkuntza arautuan dihardutenak baino «zuzenagoa», Carballoren hitzetan: «Tirri-Tarraren esperientzia genuen. Ni 10 urterekin sartu nintzen Tirri-Tarran, eta bonbardinoa ahoan jarri eta jotzen hasteko esan zidaten lehen unetik. Solfeoa-eta geroago ikasi genuen, baina horrek erakarri gintuen. Kalera ateratzea jotzera, bidaiatzeko aukera… horrek motibatu gintuen musikaren bidean sakontzeko». Beren musikari ibilbidearen hastapenetan funtzionatu zuenak gaur ere fruitua eman dezakeela sinetsita ekin diote lanari Proisako kideek.
Giltzarria, herriko taldeak
Txarangarekin irteteko irrikaz daude gazteenak
Proisako kide ez ezik, eskarmentu handiko musikaria da Haritz Lonbide Lonbi. San Pedroko Musika Eskola Herritarran tronpeta irakasten du. «Bagenekien harrera ona izango zuela, baina ez genuen hainbestekoa espero», aitortu du. Bere ustez, «Tirri-Tarraren erreferentziak» bultzatu ditu gazteak eskolara.
«Gure oinarriak, azkenean, herriko taldeak dira. Talderik gabe, oso zaila litzateke horrelako proiektu bat egitea», adierazi du. Izan ere, San Pedroko musika eskolak herriko musika taldeentzako nolabaiteko harrobia izan nahi du: «Erreferente batzuk dauzkagu, eta helburua da ikasi erreferente horietan jotzeko. Horrela planteatu dugu eta uste dut arrakastaren gakoak hor dagoela». Lonbiren arabera, «desikaste ariketa bat» egin dute musika eskola herritarran: «Guri beti irakatsi digute musika eskolara joan behar dugula, eta ez dakit zenbat urtez ikasi eta gero hasiko garela taldeetan jotzen, eta guk, alderantzizkoa egiten dugu, desikastearen ariketa horren bitartez, hasi zuzenean taldeetan jotzen».
Ikasleek elkarri erakusten diote musika eskolan.
Horregatik, abestiak jotzen ikasten hasi dira musika eskolan izena eman duten ikasle guztiak, zuzenean, aurrez inongo eskola teorikorik jaso gabe.
Kultur zentro berria
Tirri-Tarra fanfarrearen aurpegirik ezagunenetakoa da Inaxio Rios Txino. Saxofoia jotzen zuen hasierako urteetan txarangan, eta ondoren zuzendaria izan zen. 30 urte eman ditu Tirri-Tarran, eta gaur egun, musika eskola herritarran saxofoi irakaslea da. Ez du Tirri-Tarra berri bat sortzeko aukera baztertzen, eta bereziki pozik dago, haur asko animatu direlako. «Fanfarre berri bat sortzeko haurrak behar ditugu», adierazi du.
Riosek, edonola ere, ez du azken helburua ahaztu nahi: «Proisa eraikina berreskuratzea eta eraikin berri horretan ganorazko kultur zentro bat sortzea, autogestionatua». Tirri-Tarraren egoitza ez ezik, barrutiko kultur mugimenduaren topaleku izan da urteetan Proisako eraikina. Iaz eraitsi zuten, egoera kaskarrean zegoelako, eta orain kultur zentro berri bat sortzeko borrokan ari dira San Pedron, «Proisa berria gaurdanik eraikitzen ari gara, Ertin».
Ikasle adina motibazio
Herriko taldeetako musikariak dira gazteenen erreferentea.
Ikasleen artean gehientsuenak haur eta gazteak dira, baina, denetarik dago. 5 urte ditu gazteenak eta 65 helduenak.
Motibazioak, berriz, askotarikoak. Xabier Txintxurretak, Asier Rekaldek eta Jon Dominguezek, esaterako, haize musika tresnen aldeko hautua egin dute; tronpeta aukeratu dute lehen biek, eta tronboia hirugarrenak. 14 urte dituzte, eta etxeko esperientziak bultzatu ditu eskolara. Gurasoak batzuetan, besteetan izeba-osabak… ia denek dute gertuko norbait Tirri-Tarran aritutakoa, eta haien bidetik jarraitzeko asmoz ari dira ikasten, ahalik eta azkarren «txarangan jotzeko». Aurtengo sanpedroak gertuegi daude, baina datorren urteko jaietan txarangan irteteko erronkari beldurrik ez diote.
Antzera Txinoren ikasleak. Nahia Camposek 11 urte ditu, eta saxofoia ikasten ari da txikitatik duelako gustuko, eta lagunekin jo ahal izateko. Ibai Dominguez ere saxofoi sopranoarekin ari da. 9 urte ditu eta fanfarrean irtetea du amets.
Xabier Carballo gitarra irakaslea da. Ikasle askok eman dute izena gitarran, eta bi talde osatu behar izan ditu. Bere ikasleen artean da Izaro Urra gaztea. «Abestea asko gustatzen» zaiolako, eta horretarako gitarra «oso lagungarria» zaiolako eman du izena eskolan. Aurretik badaki zeozer, eta Onki Xin Amianori laguntzen dio, hasiberriari berak dakiena erakutsiz.
Irakasleek belaunaldi berriak erakarri nahi dituzte.
Mikel Velasco da eskolako ikaslerik gazteena. 5 urte baino ez ditu, baina oso argi du gitarra duela gustuko.
Jaione Andresek, aldiz, «inbidiaz begiratu» izan die beti gitarra jotzaileei, eta aukera hain gertu sortzean, animatu egin da, haur eskolako ikasleekin aritzeko ere primeran datorkiolako.
Mikel Garciak, berriz, kantuak konposatzeko nahi du gitarra ikasi. BH Roja taldean baxua jotzen du 28 urteko sanpedrotarrak, eta bere bizilagunak musika eskola herritarra antolatzen ari zirela jakin zuenean, ez zuen aukera alferrik galdu: «Horrelako gehiago egon beharko lukete herri guztietan. Alternatiba oso ona da jende askorentzat», goraipatu du. Doan dira eskolak, eta musika tresnen eskaintza zabala. Aurrekoez gain, bonbardinoa, tuba, dultzaina, klarinetea, kaxa, trikitixa eta txistua. Elektrotxarangan ere bada aukera.
Kaletik agertokira, baina beti, bide berriak urratuz
Inguruko jai egitarauetako derrigorrezko gonbidatu izan zen urteetan San Pedroko
Tirri-Tarra fanfarrea. Bilakaera ausarta izan du San Pedron sustraitutako taldeak
25. urteurrenaren ospakizuna, San Pedron, garai bateko Proisan.
Ibilbide luzea eta oparoa du San Pedroko Tirri-Tarrak. 1973 urtean sortu zuten, fanfarre gisa, 30 lagunekin. Berehala lortu zuten arrakasta, eta ondorioz, asko bidaiatu zuten txarangako kideek urteetan, inguruko herrietara zein atzerrira: Espainiako Estatuko herri askotan ez ezik, Frantzian, Belgikan, Holandan, Ingalaterran, Alemanian, Italian, Suitzan, Austrian, Hungarian, Errumanian, Bosnian, Eslovenian eta Txekiar Errepublikan jo zuen Tirri-Tarrak.
Sari esanguratsu asko ere jaso zituen fanfarreak, batez ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, besteak beste, Okzitaniako Condom herriko Nazioarteko Banden Jaialdiko sari nagusia zortzi alditan eskuratu zuen, zein Belgikako Dalhem Jaialdiko Urrezko Gaztelua hirutan. Donostiako Nazioarteko Fanfarreen lehiaketa ere irabazi zuten sanpedrotarrek.
Gerora musika eta antzerkia uztartuz esploratzen hasi ziren, fanfarreari nortasun handia emanez, 1996 urtean
Tirri-Tarra show estreinatu zuten arte. Hiru urtean 200dik gora errepresentazio egin zituzten, inguruko jaialdi esanguratsuenetan.
Genero berri baten bidean
Tirri-Tarrak ohiko fanfarreen esparrua gainditu zuen urteekin, eta 1997. urtean, Kandi Osaren zuzendaritzapean, kaleetatik agertokietara egin zuten jauzi,
Kass&Kass ikuskizunarekin.
1998 urtean
Re+Fa diskoa grabatu zuten, Sergio Zurutuzak konposatutako musika sinfonikoarekin, eta 2006 urtean
Argi beltz diskoa grabatu zuten, Donostiako Orfeoiarekin eta Et Incarnatus orkestrarekin elkarlanean.
2010 urtean kontzertu sinfonikoak egiteari utzi eta Tirri-Tarra, gaur egun, hastapenetara bueltan da, tarteka San Pedron txaranga moduan joz.