Euskal Herriko 34 herritan galdeketak egingo dituzte etzi. Egingo ez diren beste guztietan, haiei begira izango dira. Oarsoaldean 2017an egingo dute, eta Bidasoan 2018rako jarri dute mugarria.
Galdeketa sinbolikoa egingo dute bihar Hondarribian, igandeko kontsultak bultzatzeko, eta etorkizunari begira indarrak neurtzeko.
Bidasoko Gure Esku Dago-ren taldeetatik inbidiaz ari dira jarraitzen etzi galdeketa egingo duten herriek hartu duten abiadura. Hala azaldu du Mikel Mariskal Hondarribiko lantaldeko kideak: “Kristoren inbidiarekin begiratzen diegu, hemen jende askok horrela ikusiko du, baina beste leku horietan egiten ari direna egiteko baldintza minimo batzuk behar dira, babesa sentitu. Gu oraindik bidean gara”. Eta bide horretan festa egingo dute bihar eguerdian San Pedro kalean, hiru helbururekin: “Herrian proiektua zabaldu, ekainaren 5eko kontsultak babestu eta 12an Bidasoan egingo den Eskuen Eguna hauspotu”.
Egitasmoari atxikimena izango du goiburu festak.
Herri bakoitzak bere martxa darama erabakitzeko eskubidearen aldeko abenturan. 2013. urteko maiatzean Irungo Ficoban lehen agerraldia egin zutenetik, urrats asko egin ditu plataforma herritarrak, eta dagoeneko erabakitzen hasi dira. 2014ean egin ziren lehen galdeketak Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia), baina etzi iritsiko da kontsulten lehen olatu handia, 34 herritan erabakiko dute: Goierriko 23 herritan, Debagoienako zortzitan, Aramaion, Azpeitian eta Ispasterren. Maiatzaren 7an Donostiako Zurriola hondartzan egin zen agerraldian adierazi zutenez, herritarrak olatu izatea nahi dute, gizarte zibila izatea erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokaren motorra: “Gaur hemen bildu garen euskal herritarrok erabaki egin nahi dugu eta olatu horretara batzen joango gara. Erabakiaren bidea herritarrek egingo dugu. Erabakia gurea da eta olatua gu izango gara”.
Olatuz olatu erabaki nahi dute, eta Bidasoa 2018ko olatuaren zain dagoela adierazi du Mariskalek. “Datorren urtean beste olatu bat etorriko da galdeketa gehiagorekin —tartean Oarsoaldean egingo direnak—, eta hor gure indarrak neurtu nahiko genituzke. Bitartean, informazioa zabaltzen jarraitu eta atxikimenduak jasoko ditugu. Leku batzuetan erabakitzen hasi gara, eta guk 2018ko olatuaren gainean igo nahi dugu”.
Ekitaldi koloretsua
Bihar eguerdirako ekitaldi koloretsua antolatu du Hondarribiko Gure Esku Dago-ren (GED) taldeak, 12:00etatik aurrera. Eta galdeketa egingo dute ere, sinbolikoa bada ere, “indarrak neurtzeko”. Horretarako hautetsontzi erraldoi bat muntatuko dute San Pedro kalean, iazko maiatzeko joste egunerako eraiki zutenaren antzerakoa, baina oraingoan, oihalekin egin beharrean, plastiko zuriz inguratuko dute, “herritar bakoitzak nahi duen mezua idazteko aukera izan dezan”, erantsi du GEDko kideak.
Sinbolikotik asko izango du biharkoak, ez bakarrik galdeketagatik. Izan ere, Gure Esku Dago erabakitze fasean sartu denean, ekainaren 14an Lizarrako estatutua onartu zenetik 85 urte beteko direla gogora ekarriko dute. Hego Euskal Herriko 520 udalerrietatik 480 Espainiako Estatuaren barruan estatu autonomo gisa antolatzearen alde azaldu ziren Lizarran. “Hondarribiak zerikusi handia izan zuen prozesu hartan —argitu du Mariskalek—, eta horren inguruko testu bat irakurriko dugu”.
Inbidiaz, burua igandean dutela eta begiak 2018an jarrita, erabakitze eskubidearen aldeko festa egingo dute bihar Hondarribiko San Pedro kalean. Indarrak neurtuko dituzte, hurrengo olatuei begira, eta hilaren 12an Bidasoko hiru taldeek —Hondarribikoa, Irungoa eta Hendaiakoa— egingo duten Eskuen Egunari begira. Hondarribitik eta Hendaiatik bi giza-kate abiatuko dira ekainaren 12an eta Irungo Zabaltza plazan elkartuko dira. Martxoaren 12ko gaua kriseiluekin argitu zuten bi espigoietatik, eta oraingoan izokin kolorez lotu nahi dituzte bi murruak eta Irungo musika kioskoaren arteko ibilbidea.
Heldu den igandean bezala, bihar eta etzi milaka pertsonek jantziko dute GEDren elastiko deigarria, erabakitzeko eskubidearen aldeko keinu bezala. Beste urrats txiki bat izango da etorkizuna herritarren esku dagoela aldarrikatzeko bidean.
Sinadura kopurua gaindituta, lehen urratsa eman du Oarsoaldeak
Demoarsok ‘Sinatzaileen txupina’ jaurtiko du bihar Errenteria-Oreretako Agirre Lehendakariaren plazan. Lau herrietan lortu dituzte behar zituzten sinadurak.
Oarsoaldeko galdeketaren aurkezpena martxoaren 20an egin zuten.
Oarsoaldean ere bihar egingo dute erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldia, Demoarsok antolatuta. Eskualdeko Gure Esku Dago-ren taldeak biltzen ditu Demoarsok eta Errenteria-Oreretako Agirre Lehendakariaren plazan (Lino) elkartzeko deia egin die Oarsoaldeko herritarrei. Datorren urtean galdeketa egitearen alde, lau herrietan bildutako sinadura kopuruaren berri emango dute bertan.
Gaur itxiko da sinatzeko aukera, eta datuen berri biharko ekitaldian emango duten arren, Imanol Esnaola Demoarsoko kideak aurreratu duenez, dagoeneko gainditu dute ezarritako gutxienekoa, «eta herri guztietan gainditu dugu gainera». 5.200 sinadura lortu behar zituzten Oarsoaldean, 1.600 Pasaian, 2.000 Errenterian, 600 Lezon eta beste mila Oiartzunen. «Hamasei urtetik gorako biztanleen %10en sinadurak behar genituen eta lortu dugu. Beste herriei animoak emateko balioko du honek».
Hala, muga gaindituta, Sinatzaileen txupina jaurtiko dute bihar Linon, goiburu hori jarri baitiote ekitaldiari.
Lehen helburua bete du Demoarso iniziatibak, baina etorkizunari begira lan handia falta zaiela onartu du Esnaolak: «Asko indartu behar dugu oraindik, hurrengo helburua gauzatzeko hedadura behar da, garapen organizatibo bat. Ez dezagun ahaztu milaka pertsona mobilizatu beharko ditugula, eta horretarako ehundaka herritar beharko ditugula antolakuntzan; herritar horiek zenbat eta ezagunagoak izan, are eta konfiantza gehiago eragingo dute herritarrengan».
Fase berria, udazkenetik
Hurrengo helburura begira jarri aurretik, lan komunikatibo handia egiteke dutela badaki Esnaolak: «Udazkenean jarriko gara hurrengo urteko galdeketa antolatzen». Bere hitzetan, mobilizazioa sustatzea, arkitektura bera eraikitzea eta prozeduraren txukuntasuna bermatzea izango dira udazkenetik aurrera landu beharko dituztenak.
34
kontsulta, igandean
Orotara, 34 herritan galdeketak egingo dituzte etzi Gure Esku Dago-k deituta, horietatik 32 Gipuzkoan: Goierrin 23; Debagoienan 8, eta Azpeitian; horiez gain, Aramaion (Araba) eta Ispasterren (Bizkaia) daude herritarrak bozkatzera deituta.
125.000 pertsona. Guztira, 125.332 lagunek izango dute bozkatzeko aukera: Goierrin 58.066, Debagoienean eta Aramaion 54.533, Azpeitian 12.142 eta Ispasterren 591. Hamasei urtetik gorako herritarrek bozka dezakete.
Galderak
Goierri eta Ispaster. «Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?».
Azpeitia, Debagoiena eta Aramaio. «Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?».
Erantzunak
Herri gehienetan «Bai», «Ez» eta «Zuri» erantzuteko aukera izango da; Azpeitian, berriz, «Bai» ala «Ez», bi aukera horiek soilik izango dituzte.
Behin betiko datuak gaueko hamarretan emango dituzte
Egun osoz, 09:00etatik 20:00 izango da igandeko kontsultetan bozkatzeko aukera. Antolatzaileek ez dute errolda ofizialik, eta sistema informatiko bat erabiliko dute pertsona batek bi aldiz bozkatzen ez duela bermatzeko. Emaitzak Gure Esku Dago-k zenralizatuko ditu eta behin betiko emaitzak 22:00ak baino lehen ezagutaraziko dituztela uste dute. Parte hartzeari buruzko kopuruak 12:30ean, 17:00etan eta 20:00etan emango dituzte.
Bestalde, Goierriko Hitzak nahiz Urola Kostako Hitzak bere webguneen bitartez (
goierri.hitza.eus eta
urolakosta.hitza.eus) egunaren jarraipena egingo dute.
Igandeko galdeketen jarraipena sare sozialen bidez egiteko:
#E5erabaki